Departamento de Cultura y Política Lingüística

noucentisme

iz. XX. mendeko lehen hamarkadan Katalunian sortu eta 40. urteetaraino hedatu zen kultura higikundea. Katalanismo politikoaren erakundeekin bateratsu garatu zen, haiekin bat egin zuen kultura xedeetan eta haien laguntza izan zuen. Literatura eta plastika alorrak besarkatzen zituen higikunde hau modernismoaren eta tradizio erromantikoaren aurkako erreakzio gisa sortu zen. Teoriko nagusia eta izenaren asmatzailea (1906) Eugeni d’Ors “Xènius” (1881-1954) izan zen. Modernismoaren ezaugarri ziren germanizazioaren eta Erdi Aroko giroen aldeko joeraren aurrean, Mediterraneoan oinarrituriko estetika klasizista proposatzen zuen noucentisme-ak. Europatik etorritako joera lotura eten zuen, Kataluniako nortasun politikoa eta kulturala bilatzen baitzuen. Literaturaren alorrean E. D’Ors, Josep Carner, Costa i Llobera, Guerau de Liost, Pompeu Fabra, Joan Maragall eta beste idazle asko gogor saiatu ziren hizkuntza finkatzen. Idazleon lanarekin batera hainbat ekimen sortu ziren hango kultura nortasuna sendotzearren: Institut d’Estudis Catalalans (1907), herri liburutegiak, esperientzia pedagokikoak, aldizkari espezializatuak, etab. Arte plastikoek garaiko eta tokiko idealekin bat datozen ezaugarriak azaltzen dituzte: araua eta neurria, errealismo idealizatua, adierazpidearen lasaitasuna, gai bukolikoak eta alegorikoak. Pinturaren alorrean zenbait artista nabarmendu ziren, hala nola Joaquim Torres García, Francesc Galí, Josep Obiols, Josep Aragay, Xavier Noguès, etab. Eskulturari dagokionez, Aristide Maillol katalanak abiarazitako bide neoklasikotik, hainbat artista nabarmendu ziren, horien artean: Josep Clarà, Enric Casanovas, Manolo Hugué, lehen Pau Gargallo, Esteve Monegal, Joaquim Claret, etab. Gaudíren obren handitasunari kontrajartzen zaizkion lerroen zorroztasuna eta formen neurria dira noucentisme-ko arkitekturaren ezaugarriak; arkitekto nagusiak: Josep Goday, R. Duran i Reynals, Francesc Folguera, Francesc de P. Nebot izan ziren. Artearen eta kulturaren esparruan, Katalunia modernoa noucentisme-aren ondorioa da, eta haren ondoren etorritako higikunde berriek ezinbesteko oinarri izan dute.