Departamento de Cultura y Política Lingüística

North, Alex

Estatubatuar zinema musikagilea (Chester, Pennsylvania, 1910 - Pacific Palisades, Kalifornia, 1991). Gurasoak errusiarrak zituen. Musika ikasketak egin zituen hainbat kontserbatoriotan, eta Aaron Copland eta Ernest Toch izan zituen irakasle. Elia Kazan-en Death of a Salesman filmerako musika ondu ondoren, zuzendari berak A Streetcar Named Desire (1951) filmerako partitura ere sor zezan eskatu zion; bertan, jazz estiloko gaiak sartu zituen pertsonaien psikologia bihurriari loturik. Musika mota hori bera erabili zuen I´ll Cry Tomorrow (1955), The Rose Tattoo (1955), The Misfits (1961), The Sound and the Fury (1959) eta Sanctuary (1961) filmetan ere. Giro historikoko zenbait filmetan ere lan egin zuen: Spartacus (1960), Cleopatra (1963), The Agony and the Ecstasy (1965) eta The Shoes of the Fisherman (1968). Cheyenne Autumn (1964) eta Bite the Bullet (1975) western-en musikak ere berak ondu zituen. Azken urteetan John Huston-ekin askotan aritu zen lanean: Wise Blood (1979), Under the Volcano (1984), Prizzi´s honor (1985), eta The Dead (1987). Ondoren, Volker Schlöndorff-ek zuzendu zuen Death of a Salesman (1985) filmaren bertsio berrirako musika berridatzi zuen. Arrakasta handia lortu zuen bere abestietako bat “Unchained Melody” izen zen, Ghost (1990) filmerako egin zuena. Oscar sarietarako hamabost aldiz izendatu zuten arren, bere obra osoa saritzen zuen ohorezko Oscar-a bakarrik jaso zuen (1986).