Departamento de Cultura y Política Lingüística

Nikolas

Eliza katolikoko bost aita santuren izena.  v  Nikolas I.a Handia, santua. 105. Aita Santua (Erroma, 825 - Erroma, 867). Gogor defenditu zuen Aita Santuaren lehentasuna; hala Aita Santuarengana jotzeko apezpikuen eskubidea, beste agintarien gainetik ezarri zuen, eta Lotaringiako Lotarioren dibortzioa ezeztatu zuen. Konstantinoplako San Inazioren alde egin zuen Fozioren kontra. Responsa ad consulta Bulgarorum idatzi zuen (Bulgariarren galderei erantzunak). Jai eguna, azaroaren 13a.  v  Nikolas II.a. Frantzian jaiotako Aita Santua (Chevron, 980 - Florentzia, 1061). 1059tik 1061 arte izan zen Aita Santu. Florentziako apezpiku izan zen 1046tik aurrera. Erromako kardinalek eta elizako buruek Aita Santu aukeratu zuten, Erromako aitonen semeek Benedikto X.a antipapa aukeratua zuten arren. Elizaren erreformaren aldekoa izan zen, eta Letrango Sinodoa bildu zuen. Sinodo horretan kardinalei eman zitzaien Aita Santua aukeratzeko eskubidea.  v  Nikolas III.a. Erromako Aita Santua (Erroma, 1216 - Viterbo, 1280). 1277tik 1280 arte izan zen Aita Santu. Joan XXI.aren lekua hartu zuen. Aita Santuaren estatuen burujabetasuna indartzen ahalegindu zen.  v  Nikolas IV.a. Erromako Aita Santua (Ascoli, 1230 - Erroma, 1292). 189. Aita Santua. 1288tik 1292 arte izan zen Aita Santu. Honorio IV.ren lekua hartu zuen.  v  Nikolas V.a. Erromako Aita Santua (Pisa, 1397 - Erroma, 1455). 1447tik 1455 arte izan zen Aita Santu. Eugenio IV.aren lekua hartu zuen. Errenazimentuko Aita Santua izan bide zen, artearen babesle izan zelako. Vatikanoko liburutegia sortu zuen, eta Erromako eraikuntza asko berritu zituen garai hartako artista nagusien lanekin.