Departamento de Cultura y Política Lingüística

Nikolaiev

Ukrainako hiria, izen bereko lurraldeko hiriburua. 503.000 biztanle. Ibai portua da, Burg ibaiaren estuarioan, itsaso Beltzetik 65 km-ra, Olbia antzinako greziar hiritik hurbil. 1788an eraiki zen itsas portu militar gisa, Errusiak itsaso Beltza beretu ondoren. Ekonomia: metalurgia, ontzigintza, zementuak, etab.  v  Nikolaiev lurraldea (oblast). 24.600 km2; 1.274.000 biztanle. Itsaso Beltzaren ertzeko ordokian kokaturik dago; iparraldeko Dnieper-eko goi ordokitik arian-arian jaisten da Itsaso Beltzaren ertzeraino. Nikolaiev hiriburuaz landara, hiriak txikiak dira. Iparraldea lehorra da eta higadura handia jasan du. Burg da ibai nagusia. Gainerako guztiak ia guztiz lehorturik agertzen dira uda aldian. Nekazaritzan oinarrituriko ekonomia: garia, artoa, eguzkilorea, erremolatxa; mahastiak eta baratzeak Burg-en inguruan; behi eta ardi azienda kopuru handietan.