Departamento de Cultura y Política Lingüística

nikel

iz. Kim. Gai bakuna, zilarraren koloreko metala (Ni; at.-z. 28; at.-m. 58,71). Burdinaren antz handia du. 1.455 °C-tan urtzen da eta 3.000 °C inguruan irakiten du. Xafletan eta harietan oso banaerraza da, herdoiltzen zaila, asko labaintzen da, baseek ez dute erasotzen ia, eta azidoekiko ere erresistentzia handia du; erabiltzen diren metalen artean gogorrena da. Gai konposatu ugari eratzen ditu, normalean +2 balentzia erabiliz. Nikelaren aleazioak antzinatetik erabiltzen baziren ere, metal bakartu gisa 1751n aurkitu zuen A. F. Cronstedt-ek Suedian. Nikelaren meak bi eratakoak dira: sulfuroak eta oxidoak. Munduan erabiltzen den nikelaren bi heren sulfurozko meak finduz (xigortuz) lortzen den oxidoa erreduzituz ekoizten da. Kanada da munduko lehen ekoizlea. Nikelak erabilera asko ditu: nikelik gehiena altzairu herdoilgaitza ekoizteko erabiltzen da, baina badira oso erabiliak diren nikelaren beste aleazio batzuk (alpaka, argentana, konstantana edo gisako erresistentzia elektrikoak, iman iraunkorrak etab.). Beste metal batzuez egindako tresnak nikelez galbanoplastiako bainu babesleetan estaltzeko, bateria elektrodoak egiteko, hauts eran hidrogenazioko katalizatzaile gisa, etab.  v  Nikel-karbonilo. Kim. Nikel tetrakarboniloa [Ni(CO)4]. Ezagutzen den karbonilorik egonkorrenetakoa da. Uretan urtzen ez den eta 43 °C-tan irakiten duen isurkari koloregabea da. Oso tenperatura beroetan nikela eta karbono oxidoa emanez deskonposatzen da, eta horrela oso nikel garbia ateratzen da; hortik gai honen garrantzia.