Departamento de Cultura y Política Lingüística

Nikaragua, aintzira

Nikaraguako hego-mendebaleko aintzira, Erdialdeko Amerikako handiena (8.430 km2). 160 km luze eta 64 km zabal. Elipse antzekoa da eta ipar-mendebaletik hego-ekialdera luzatzen da. Sakonera handiena, 60 m inguru. Tipitapa ibaiak Managua aintzirarekin lotzen du. Aintzirak uharte asko ditu (1.000tik gora). Hamaika barne portu ditu, horien artean Granada hirikoa. Arrainetan aberatsa da. Antzina Managua eta Nikaragua aintzirak Ozeano Bareko kostaldeko sarguneak ziren eta, sumendiek eragindako material pilaketaren kariaz, kostaldetik urrundu ziren; horrenbestez hango espezie batzuk ur gezetan bizitzera egokitu diren itsas arrainak dira, hala nola marrazoa. Azken urteetan, ozeano biak lotuko zituzkeen ubidea eraikitzeko proiektua plazaratu da, aintziraraino iristeko San Juan eta Las Lajas ibaiak erabiliz.