Departamento de Cultura y Política Lingüística

Newton, Isaac

Ingalaterrako matematikari, fisikari, astronomo eta filosofoa (Woolsthorpe, 1643 - Kensington, 1727). Hemezortzi urte zituela Cambridge-ra joan zen Trinity College-n ikasketak egitera. 1665-1667 bitartean, Londresko izurriteak zirela eta Cambridge-ko unibertsitatea itxi zenean, Newton bere jaioterrira itzuli zen. Bitarte honetan azaldu zituen aurkikuntzarik nabarmenenak: kalkulu infinitesimala (Leibniz-ek aurkitu zuen garai berean), grabitazio unibertsalaren legea eta argiaren jatorria. 1669an irakasle hasi zen Cambridge-ko unibertsitatean, eta urte horretan azaldu zituen argiaren osaerari buruzko teoriak. 1672. urtean Royal Society-ko bazkide egin zuten. 1683. urte inguruan Philosophiae naturalis principia mathematica liburua idatzi zuen, 1787an argitaratua. Han azaldu zituen talka legeak, jariakinen mugimenduak, erakarpen unibertsalaren teoria eta itsasaldien teoria. 1703an Royal Society-ko lehendakari aukeratu zuten, eta harrezkero urtero izan zen aukeratua hil arte. Beste obra batzuk: Optics (1704), Arithmetica Universalis (1707).  v  Newton-en mekanika. Newton-ek mugimenduari buruz finkatutako legeetan oinarritzen den mekanika. ik. mekanika.  v  Newton-en dinamikari buruzko hiru legeak. 1687. urtean Newton-ek gorputzen mugimenduari buruz aditzera eman zituen oinarrizko hiru legeak, Newton-en mekanikaren edo mekanika klasikoaren oinarri direnak. Lehen legearen arabera, geldirik dagoen edo lerro zuzen batean higidura uniformea duen gorputz batek ez du aldatuko bere gelditasuna edo higitze egoera, kanpoko indar baten eraginik ez duen bitartean. Bigarren legearen arabera, gorputz baten gainean egiten den indarra gorputz horren masa bider gorputzak hartzen duen azelerazioa da. Hirugarren legearen arabera berriz, gorputz batek beste bati indar bat egiten dionean, magnitude bera baina aurkako norantza duen erreakzio indarraz eragiten dio bigarren gorputzak lehenari; lege horri akzio-erreakzioaren legea deritza halaber.  v  Newton-en hodia. Zilindro itxurako hodi gardena, haren barnean hutsa eginez, gorputz denek, duten dentsitatea dutela, lastertasun berdinez erortzen direla frogatzeko erabiltzen dena.  v  Newton-en hozte legea. Gorputzak nola hozten diren adierazten duen legea. Lege horren arabera, gorputz batek beroa gorputzaren eta ingurunearen artean den bero diferentziari buruzko proportzioan galtzen du; lege enpirikoa den arren, errazago betetzen da tenperatura diferentziak txikiak direnean; tenperatura diferentziak handiak direnean, berriz, beroa konbekzioz galtzen denean betetzen da soilik.  v  Newton-en jariakina. Newton-en likatasunaren legea betetzen duen jariakina; lege horren arabera, jariakin jakin baten bi geruza lerrokideen artean den indar tangentziala ondorengo formulaz adierazten da:

bertan A jariakinen geruzen azalera delarik, dx bi geruzen arteko distantzia, eta dv haien lastertasuna. h likatasun koefizientea da.  v  Newton-en grabitazioaren legea. Newton-ek 1687. urtean Principia liburuan, gorputzen artean sortzen den erakartze indar unibertsalari buruz idatzi zuen legea. ik. grabitazio.  v  Newton-en interpolazio metodoa edo Newton-en metodoa. ƒ(x)=0 motako ekuazioen erroak kalkulatzeko interpolazio metodoa. x0 , funtzioaren erroari egiten zaion lehen hurbilketa egokia baldin bada, eta erroa x0+h baldin bada, h oso txikia delarik, Taylor-en segidaren lehenengo bi batugaiak hartuz gero, era honetara adieraz daiteke:           ƒ(x0+h)≈ƒ(x0)+hƒ’(x0); eta ƒ(x0+h)=0 denez, h≈-ƒ(x0)/ƒ’(x0) izango da. Beraz, x1, bigarren hurbilketa dena, Newton-en metodoaz honako eran kalkulatuko litzateke:


Hala, lortzen diren hurbilketak beste hurbiketa hobe baten bila ondoko formula orokorrean ordezkatuz hurbilketa egokiagoak lortuko lirateke jarraian:

  v Newtonen binomioa. Mat. Binomio bat, aldiz berretzearen garapena adierazten duen formula:


     n zenbakia osoa eta positiboa denean.  v  Newtonen teleskopioa. Ardatzak elkarzut dituzten ispilu ganbil batez eta okular batez osatua dagoen erreflexio teleskopioa. Ispilu ganbilak objektiboaren eginkizuna du. Ispiluaren ardatzean horizontalarekin 45°tako angelua osatzen duen ispilu lau bat izaten da.  v  Newtonen eraztunak. Opticks lanean Newtonek deskribatzen zuen esperientzia batean, foku distantzia handia zuen lente lau-ganbil baten alde ganbila beirazko azalera lau baten gainean jartzen zuen. Aire geruzak islatzen zuen argian lentearen eta beiraren ukimen puntuarekiko konzentrikoak ziren kolorezko eraztun batzuk ikusten zituen. Eraztunen diametroa bi kristalen arteko distantziaren arabera aldatzen zen. Horiek dira Newtonen eraztunak. Eraztun horiei buruzko legeak formulatu zituen. Eraztunak argi interferentziei esker eratzen dira, baina ez zuen hala uste izan Newtonek eta gorputzen teoria baieztatzen aurrera egin zuen.  v  Newtonen diskoa. Eremu koloreztatuetan zatikatutako kartoizko diskoa. Bertan argi zuriaren osagai diren koloreak daude margotuta: gorria, laranja, horia, berdea, urdina, anila eta morea. Diskoa lastertasun handiz biraraziz gero, zuriz koloreztatua dagoela dirudi.