Departamento de Cultura y Política Lingüística

New Orleans

Estatu Batuetako hegoaldeko hiria, Louisianako estatuan; 558.000 biztanle. Mississippi ibaiaren deltan dago, Mexikoko golkoaren ondoan. Fantsesen hiria izan zen garaiko aztarna asko gorde ditu, batez ere Vieux Carré edo parte zaharra, frantses estiloko arkitektura duena, eta hizkuntza, kreolera, frantsesaren eta hiriko beltzen hizkuntzaren nahasketatik sortua. Ekonomia: portuak garrantzi handia du; Estatu Batuetako bigarren portua da (120 milioi tona urtero). Industria: petrolio findegiak, kotoia, elikagaiak (arroza, azukrea), kimika gaiak, ontzigintza, papergintza. Turismoak ere garrantzi handia du. Unibertsitateak: Tulane, Loyola, Dillard. Inauteriak famatuak dira, batez ere Mardi Gras edo astearte-inautea. Jazzaren sorgunea izan zen; izan ere, jazz estilo bati New Orleans deritza.  v  Historia. Frantsesek sortu zuten 1718an eta New Orleans izena jarri zioten Orleansgo dukearen omenez. 1762an Espainiak beretu zuen eta mendearen bukaeran berriro ere frantsesen esku zegoen. 1803an Napoleonek Estatu Batuei saldu zien; hiria asko handitu zen eta ekonomiak gora egin zuen, portuaren eraginagatik batez ere. Banakuntzarako Gerra bitartean iparreko gudarosteak hiria hartu zuen (1862), Baton Rouge-n jarri zuen hiriburua eta horrek New Orleansen gainbehera eragin zuen. XX. mendeko lehen urteetan Louisianan petrolioa aurkitu izanak eta kotoiaren eta azukrearen merkataritza indartzeak ekonomiaren goraldia ekarri zion.