Departamento de Cultura y Política Lingüística

Marais, Jean. (

Jaiotza izena, Jean Alfred Villain-Marais). Frantses antzezlea (Cherbourg, 1913 - Cannes, 1998). Charles Dullin-en ikasle izan zen Parisen, eta Marcel l’Herbier-en laguntzaile izan zen. Azken horrek zenbait paper eman zizkion bere zinema lanetan. 1937an Jean Cocteau ezagutu zuen eta harentzat egin zituen la Belle et la Bête (1945, Ederra eta Basatia), l’Aigle à deux têtes (1947, Bi buruko arranoa), Orphée (1949) eta le Testament d’Orphée (1959, Orfeoren testamentua). Comédie-Française-n denboraldi bat egin ondoren, zinemara itzuli zen: l’Éternel Retour (1943, Betiereko itzulera). Ondoren, le Bossu (1959, Konkorduna), le Capitan (1960, Kapitaina), le Capitaine Fracasse (1961, Kapitain Frakasa) lanak egin zituen. René Clément-ekin le Château de verre (1950, Beirazko gaztelua) egin zuen, Sacha Guitryrekin Si Versailles m’était conté (1953), Jean Renoir-ekin Elena et les hommes (1956, Elena eta gizonak), Luchino Viscontirekin Nuits blanches (1957, Gau zuriak) eta Louis de Funès-ekin Fantômas (1964-1966) saila. Cocteauren heriotzaren ondoren, antzerkian aritu zen batez ere: la Machine infernale (1989, Zoritxarreko makina), les Monstres sacrés (1993, Mamu sakratuak). Zineman bi lan egin zituen garai horretan: Peau d’âne (1970, Asto larrua) eta Beauté volée (1995). Maraisek bere bizitzako azken urteetan pintura, zeramika, eskultura eta literatura landu zituen.