Departamento de Cultura y Política Lingüística

Maragall i Mira, Pascual

Katalan politikaria (Bartzelona, 1941). Jordi Maragall senatariaren semea. Zuzenbidea eta Ekonomia ikasi zituen Bartzelonako Unibertsitatean, eta New Yorken eta Parisen osatu zituen ikasketak. Irakasle gisa jardun du zenbait unibertsitatetan, baina politikan nabarmendu da batez ere. Front Obrer de Catalunya eta Moviment Febrer-eko kide izan zen eta 1975ean Convergencia Socialista de Catalunya alderdiaren sortzaileetako bat izan zen; alderdi hori Kataluniako Alderdi Sozialistaren barruan sartu zen gero (PSC-PSOE). 1979ko hauteskundeen ondoren zenbait kargu bete zituen Bartzelonako udalean eta 1982an alkate izendatu zuten, Narcís Serrak dimisioa eman ondoren. 1983ko hauteskundeetan berretsi zuten kargu hartan, eta orobat 1987koetan. PSC-PSOE alderdian diputatu izan zen Kataluniako legebiltzarrean (1988-1992). 1991n berriro izan zen garaile, eta bera izan zen Narcís Serrarekin batera Bartzelona Olinpiar Jokoen egoitza izateko lan gehien egin zuena. Antolaketa batzordeko kidea izan zen eta lan handiak egin ziren ekimen hari loturik; olinpiar hiriaren egokitzea, kaiaren eraberritzea, Barceloneta egokitzea, errepide sarea, etab. Olinpiar Jokoen ondoren “Batzelona 2000” plan estrategikoa antolatu zuen. 1994an berriro aurkeztu zen alkatetzara. CIUren abertzaletasunari aurre egiteko "Plataforma siglo XXI" egitasmoaren eragile nagusietakoa izan zen. 1994an, PSCren VII Biltzarrean idazkari nazional izendatu zuten. 1995ean berriro izendatu zuten alkate, baina ez zuen gehiengo absoluturik eskuratu eta handik bi urtera bertan behera utzi zuen kargua.