Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

2/2004 LEGEA, otsailaren 25ekoa, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 44
  • Hurrenkera-zk.: 1184
  • Xedapen-zk.: 2
  • Xedapen-data: 2004/02/25
  • Argitaratze-data: 2004/03/04

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Informazio etak komunikazioak

Testu legala

Eusko Legebiltzarrak otsailaren 25ko 2/2004 Legea, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoa, onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

Teknikaren aurrerabidea bizkortu egin da azken aldi honetan. Gaur egun, informatika erabiliz, pertsona fisikoei buruzko hainbat eta hainbat datu trata dezakegu, eta baliteke intimitatea urratzen duen hainbat gauza ezagutzea pertsona horiei buruz. Baliteke teknologiak eskaintzen dizkigun aukerak maltzurkeriaz erabiltzea baten batek, bakoitzaren intimitaterako gorde beharreko esparruen kaltetan, eta ordenamendu juridikoek ezin dute ezikusia egin.

Teknologiaren, batez ere informatikaren, eta pertsonen intimitatearen arteko tentsio horrek legearen esku-hartzea eskatzen du, bi ondasun horien artean oreka asegarria lortzeko, biak baitira legez babestea merezi dutenak. Alde batetik, garapen teknologikoari galga emateak ez dio gizarteari onik egiten, teknologiak aukera mugagabeak eskaintzen baititu, gizartearen ongizatea hobetu behar dutenak; baina, beste alde batetik, herritarrek beren intimitate pertsonala babesturik ikusteko eskubidea dute, eta gaur egungo teknologia informatikoak eskaintzen dituen aukerek ez dute intimitate hori nahi baino gehiago murriztu behar. Horretarako, informatika erabiltzeari mugak jarri behar, eta, horrela, herritarrei ohorea eta intimitatea, pertsonala eta etxekoa, eta eskubideen bete-beteko erabilera bermatu. Konstituzioak hala egiteko agintzen dio legegileari, 18.4 artikuluan, eta hark agindu hori jaso egin du Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan.

Herritarren intimitate pertsonala eta etxeko intimitatea babesteko kezka horrek –informatika halakoetan noiz-nola erabili mugatu behar horretarako– ez da Estatuko legegilearen kontua soilik. Europar Batasuneko erakundeek ere badakite zer den hori, eta halaxe adierazi izan dute.

Europako Erkidegoa eratzeko itunak gaur egun daukan 286. artikulua Amsterdamgo Itunak ekarria da (1997ko ekainaren 17koa da Amsterdamgo itun hori), eta, hor agindurik dagoenez, datu pertsonalen tratamendua edo zirkulazio askea dela-eta pertsonak babestearren ezer erabakitzen badu Batasunak, Batasuneko erakundeek eta organismoek ere bete behar dituzte erabaki horiek.

Lehenagotik ere, Europako Legebiltzarrak eta Kontseiluak emana zuten 1995eko urriaren 24ko 95/46/EE Zuzentaraua, datu pertsonalen tratamendua eta zirkulazio askea dela-eta pertsona fisikoak babesteari buruzkoa. Eta, printzipio modura, zuzentarau horretan jasota dago datuak tratatzeko sistemak gizon-emakumeon zerbitzura daudela, eta derrigor zaindu behar dituztela pertsona fisikoen oinarrizko askatasunak eta eskubideak, intimitatea batez ere, eta ekonomia eta gizartea garatzen, elkartrukeak garatzen eta norbanakoon ongizatea areagotzen lagundu behar dutela.

Zuzentarau horren arabera, estatuek datu pertsonalen tratamenduari buruz dituzten legeek eskubide eta askatasun horien errespetua bermatzea dute helburu, bizitza pribatua errespetatzeko eskubidea bereziki, hala aitorturik baitago Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmeneko 8. artikuluan eta Batasuneko zuzenbideko printzipio orokorretan, eta, legedi horiek bata bestera hurbiltzekotan, kontu horiei babes handia emateko izan behar du.

Zuzentarau horren arabera –eta datu pertsonalak babesteaz ari gara orain–, kontroleko aginte bat sortzea da pertsonek behar duten babesaren funtsezko osagai bat. Batasuneko estatu bakoitzean aritu beharko du aginte horrek, inongo loturarik gabe, eta bere lana egiteko behar dituen baliabide guztiak izan beharko ditu, berdin dio zer edo zer ikertzeko izan edo inon esku hartzeko izan.

Zuzentarau horretan jasota dagoenez, Batasuneko estatuek hiru urteko epea dute zuzentaraua betetzeko beharrezko xedapenak emateko, dela legez, dela erregelamenduz edo dela administrazio-mailan.

Datuak babestearren Batasuneko erakundeak ez dira, besterik gabe, erkidegoko estatuetarako zuzentarau-sail bat sortzera mugatu. Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez, Batasuneko erakundeetan ere, pertsona fisikoak babesteko hainbat neurri hartu dute. Horretarako onartu zuten Europako Legebiltzarrak eta Kontseiluak, 2000.eko abenduaren 18an, 45/2001 (EE) Erregelamendua, eta kontroleko aginte aske bat ere sortu zuen erregelamendu horrek (Datuak Babesteko Ikuskatzaile Europarra).

Itxura denez, datu pertsonalak eta intimitatea ondo babestu beharra bide-argi moduko bat da Batasunaren arauetarako, eta justu datu pertsonalen babesa arautzeko ez diren beste zuzentarau-proposamen batzuk ere hartzen ditu itzalpean behar horrek, hala nola komunikazio elektronikoetarako sare eta zerbitzuak arautzeko esparru erkide bati buruz Europako Legebiltzarrak eta Kontseiluak egin zuten zuzentarau-proposamena (Aldizkari Ofiziala, C 365 E , 2000/12/19koa).

Barruko zuzenbidean, berriz –lehenago ere esan dugu–, datu pertsonalak babesteko lege organikoan dago arauturik datu pertsonalen babesa (15/1999 Lege Organikoan, abenduaren 13koan). Lege horretan daude arauturik Datuak Babesteko Bulegoaren araubide juridikoaren oinarrizko alderdiak, Konstituzioko 18.4 artikuluan aipaturiko oinarrizko eskubidearekin zerikusia duten beste gai batzuekin batera. Bulego horrek beteko du 95/46/EE Zuzentarauan aipaturiko kontrol-aginte askearen lana.

Lege organiko horretan agindurik dagoenez, autonomia-erkidegoek edo erkidego horietako tokiko administrazioek datu pertsonaletarako sorturiko edo kudeaturiko fitxategiekin baldin badute zerikusia bulego horretako zereginek, erkidego bakoitzeko organoek beteko dituzte eginkizun horietako gehienak. Halakoetan, organo horiek izango dira kontroleko aginteak, eta lanerako erabateko objektibitatea eta independentzia bermatu behar zaie. Legezko irizpide hori 95/46/EE Zuzentarauko 28. artikuluarekin bat dator; artikulu horretan jartzen duenez, Batasuneko estatuek, zuzentarau horren itzalpean hartzen dituzten xedapenak betetzen ote diren zaintzearren beren lurraldean, aginte publiko bat edo gehiago izango dute hartara jarria; eta beste gauza bat ere gehitzen du: aginte horiek inongo loturarik gabe beteko dituztela agintzen dizkieten eginkizunak.

Eta nola antolaturik dagoen bada kontua, legeak hiru titulu ditu:

  1. tituluan xedapen orokorrak jaso ditugu. Hor daude zehazturik legearen xedea eta aplikazio-eremua, eta hor dago zedarriturik zein fitxategi geratu den legearen araupean, sortu dituen edo kudeatzen dituen herri-administrazio, erakunde edo korporazioaren arabera. Zedarritze hori osatze aldera, legea zein fitxategitan ez den aplikatuko eta, araubide bereziren bat dutela-eta, zeinetan aplikatuko den ere zehazten da. Definizio-zerrenda bat ere badakar, erabilgarria oso, arautu dugun gai honetako terminologia berezia zehaztu eta bateratzeko; beste hainbat konturen inguruko hainbeste alderdi ere badakar arauturik, esate baterako fitxategiak sortzea, aldatzea edo ezabatzea, datu pertsonalak biltzeko mugak, interesdunentzako informazioa, datu-fitxategien segurtasuna, bai eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoan erreklamazioak nola jarri ere. Titulu beharrezkoa, inondik ere, legeari koherentzia sistematikoa eta osotasuna emateko, gero garatu egin beharko dena.

  2. tituluan, berriz, Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortu, eta hango araubide juridikoaren funtsezko alderdiak arautu ditugu. Bertako langileen erregimena dela, baliabide ekonomikoak direla, aurrekontu-sistema dela, gobernu-organoak direla, eginkizunak direla edo aginpideak direla, horri denari buruzko hainbat agindu dakar. Datuak Babesteko Erregistroaren sorrera dakarrela ere aipatu behar, bulegoak bai baitu haren beharra.

    Zehatzeko araubiderako utzi dugu III. titulua. Erantzuleak nor diren, arau-hausteen tipifikazioa eta dagozkien zigorrak datoz jasota. 45/2001 (EE) Erregelamenduan jartzen duenez –lehen ere aipatu dugu–, datu pertsonalak babesteko sistemak ezinbestekoa du eskubide-betebeharrak zehaztea, baina baita arau-hausleentzako modu-moduko zigorrak ere. Gure honetan, berriz, fitxategien titularrak nor diren ikusita, titular bereziak baitira, administrazio, erakunde eta korporazioetako langileen arau-hausteak hartu ditugu, batez ere, kontuan, halakoen fitxategietan aplikatu behar denez legea.

    Lege honek hiru xedapen gehigarri ditu. Fitxategien berri Datuak Babesteko Euskal Bulegoari eman beharraz da bat; Autonomia Administrazioak eta foru-administrazioek, beren aginpideak betetze aldera, udal-errolda nola erabili behar duten dakar bigarrenak; eta Arartekoaren eta Datuak Babesteko Estatuko Bulegoaren aginpideak babestu beharraz da hirugarrena.

    Amaitzeko, azken xedapenean, legea garatzeko eta aplikatzeko baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari.

Hauxe da lege honen xedea:

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoak, lurralde historikoetako foru-erakundeek eta Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeek datu pertsonaletarako sorturiko edo kudeaturiko fitxategiak arautzea.

  2. – Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzea eta arautzea.

  1. – Datu pertsonaletarako fitxategietan aplika daiteke lege hau. Zuzenbide publikoko ahalak gauzatzeko sortu edo kudeatuak behar dute izan fitxategi horiek; honako hauek sortuak edo kudeatuak:

    1. Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak, lurralde historikoetako foru-organoek, Euskal Autonomia Erkidego barruko toki-administrazioek eta, zuzenbide publikoko ahalak gauzatzeko sortu bazituzten, herri-administrazioen menpeko edo haietara loturiko edonolako erakunde publikoek.

    2. Eusko Legebiltzarrak.

    3. Herri Kontuen Euskal Epaitegiak.

    4. Arartekoak.

    5. Lan Harremanen Kontseiluak.

    6. Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak.

    7. Kooperatiben Goren Kontseiluak.

    8. Datuak Babesteko Euskal Bulegoak.

    9. Ebazpen Batzordeak.

    10. Interes ekonomiko eta profesionalak ordezkatzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbide publikoko korporazioek.

    11. Eusko Legebiltzarrak lege bidez sorturiko beste edozein organismo edo erakundek –berdin dio nortasun jurdikoa duen edo ez–, lege horrek bestelakorik xedatzen ez badu.

  2. – Aurreko zenbaki horretan jarrita dagoena jarrita dagoela ere, honako fitxategi hauetan ez da aplikatuko lege hau:

    1. Sekretutzat jotako gaietarako babes-arauen pean dauden fitxategietan.

    2. Terrorismoa eta delinkuentzia-modu antolatu larriak ikertzeko dauden fitxategietan.

    3. Hauteskunde-araubideko legeek arauturikoetan.

    4. Euskadiko poliziek bideokamera bidez lorturiko irudi eta hotsetatik sorturiko fitxategietan, gai horri buruzko legeen arabera.

  3. – Estatistiketarako besterik ez badira eta funtzio estatistiko publikoari buruzko legeen babesean badaude, datu pertsonalak tratatzeko, hartarako berariazko xedapenak eta –halako ezer xedatzen badu– lege honetan bereziki xedaturikoa bete beharko dira.

  4. – Osasuneko erakunde eta zentro publikoek eta hor lan egiten duten profesionalek osasun-arloko legeetan xedaturik dagoenaren arabera tratatu ahal izango dituzte etortzen zaizkien gaixoen edo bertan tratatu behar dituzten gaixoen osasunari buruzko datu pertsonalak. Hala ere, lege horiekin bateraezina ez den guztirako, lege honetan xedaturikoa ere bete beharko da.

  5. – Euskadiko poliziek datu pertsonaletarako sortu edo kudeatzen dituzten fitxategietan ere –artikulu honetako 2. zenbakian agertzen direnen artean ez badaude– lege honetan xedaturikoa aplikatu beharko da, araubide juridikoan dituzten berezitasunak zainduta. Hemen daude berezitasun horiek: Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legean.

Lege honen ondorioetarako, hona hemen definizio batzuk:

  1. Datu pertsonalak: identifikatutako edo identifika daitezkeen pertsona fisikoen gaineko edozein informazio. Zuzenean edo zeharka nor den jakiteko moduko edonor da identifikagarria, eta, bereziki, nortasun-zenbaki baten bidez edo ezaugarri baten edo batzuen bidez identifika daitekeen edonor, berdin dio ezaugarri horiek fisikoak, fisiologikoak, psikikoak, ekonomikoak, kulturakoak edo sozialak izan.

  2. Fitxategia: datu pertsonalen multzo antolatu oro, datu-multzoa sortu, jaso, antolatu eta eskuratzeko modua edozein dela ere.

  3. Datuen tratamendua: eragiketa eta prozedura teknikoak dira –batzuetan automatizatuak beste batzuetan ez–, eta datuak bildu, grabatu, gorde, landu, aldatu, blokeatu eta indarrik gabe uzteko aukera ematen dute. Komunikazio, kontsulta, elkarkonexio eta transferentzien eraginez datuak uztea ere datuak tratatzea da.

  4. Fitxategiaren edo tratamenduaren erantzulea: pertsona, erakunde, entitate, korporazio edo administrazio-organoren bat izango da, hari atxikita egongo da fitxategia, eta hark erabakiko du tratamendua zertarako den, zein eduki duen eta nola egin behar den. Fitxategia sortzen duen xedapenean zehaztuko da nor den erantzulea. Segurtasuneko agirian zehazturikoak izango dira erantzulearen eginkizunak.

  5. Tartekoa edo interesduna: tratatu beharreko datuen titularra den pertsona fisikoa. Artikulu honetako c) letran dago zehazturik tratatze hori.

  6. Tratamenduaren arduraduna: pertsona fisikoa edo juridikoa, aginte publikoa, zerbitzua edo beste edozein erakunde izan daiteke, eta hark tratatzen ditu, arduradunaren aginduz, berak bakarrik edo beste batzuekin batera, datu pertsonalak.

  7. Interesdunaren adostasuna: interesdunak baiezkoa ematea bere datu pertsonalak tratatzeari; inork inola estutu gabe, zalantzarako biderik eman gabe, berariaz eta zer egiten duen jakinda egin beharko du.

  8. Datuak uztea edo jakinaraztea: interesduna ez den beste pertsona bati datuak erakustea.

  1. – Autonomia Erkidegoko Administrazioko fitxategiak sortzeko, aldatzeko eta ezabatzeko, dena delako fitxategia atxikita dagoen saileko titularraren agindu bidez egin beharko da. Indarrean dauden legeek eskatutako aipamen guztiak jaso beharko ditu agindu horrek, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da. Agindu hori egiteko prozedura xedapen orokorrak egiteko erabakita dagoen berbera izango da.

  2. – Datu pertsonalen fitxategiak beste administrazio, erakunde edo korporazio batzuetakoak badira, berriz, hura sortu, aldatu edo ezabatzeko erabakiak edo xedapenak derrigorrezko aipamen guztiak jaso beharko ditu eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo lurralde historikoko aldizkarian argitaratuko da, fitxategia duenaren eginkizun edo aginpideak zein lurralde-eremutara iristen diren kontuan hartuta.

Lege honetako 2.1 artikuluan aipaturik dauden herri-administrazioek eta gainerako erakunde, korporazio eta entitateek beren aginpideak gauzatzeko egokiak, beharrezkoak eta neurrikoak dituztenean baino ezin ditzakete bildu, tratatzeko asmoz, datu pertsonalak. Legez bestelakorik agintzen ez bada behinik behin, datu horiek biltzeko ez da tartean direnen adostasuna eskatu behar, baina biltzerakoan datu horiek zituzten helburu jakin, zehatz eta zilegietarako bakarrik erabili behar dituzte, nahiz eta gero helburu historiko, estatistiko edo zientifikoetarako erabil daitezkeen, aplikatu beharreko legeen arabera.

Interesdunei datu pertsonalik eskatzera, jakin beharrekoak azaldu behar zaizkie aurretiaz, halako datuak babesteko legeen arabera. Baina datu horiek ez badituzte interesdunarengandik berarengandik jaso, eta ezinezkoa bada hari informazioa ematea edo informazioa emate horrek neurrigabeko ahaleginak egin beharra eskatzen badu interesdunak asko direlako, datuak zaharrak direlako edo ordaina eman beharra legokeelako, halakoetan Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak, aipatutako legeekin bat eginik, fitxategiaren erantzulea interesdunei informazioa eman behar horretatik libre utz daiteke.

Lege honetako 2.1 artikuluan aipaturik dauden herri-administrazioetako, erakundeetako eta korporazioetako gobernu-organoek, beren buruak antolatzeko ahalmenaz baliatuz, segurtasuneko agiriaren gutxieneko edukia onar dezakete, datuen segurtasunari buruzko aginduak betetzearren eta dena delako administrazio, erakunde edo korporazio hori titular duten fitxategi guztietan edo fitxategi horietako batzuetan aplikatzeko asmoz. Edonola ere, segurtasuneko agiri hori fitxategiko arduradunek egin eta ezarri behar dute, fitxategi horietako datu pertsonalen segurtasuna bermatzeko.

  1. – Datuen aurka egiteko, datuetara iristeko, datu horiek zuzentzeko, indarrik gabe uzteko eta legeak onarturiko beste edozertarako eskubidea izango dute interesdunek. Legean zehazturikoa izango da eskubide horien edukia.

  2. – Aurreko zenbakian zehazturiko eskubideak erabiltzeko prozedura administrazio, erakunde edo korporazio bakoitzak arautuko du, erregelamendu bidez, lege hau bete behar duten beren fitxategietarako. Horregatik ez dute inolako ordainik eskatuko.

  1. – Lege honetan xedaturikoaren aurka ezer egiten badu inork, interesdunek Datuak Babesteko Euskal Bulegoan erreklama dezakete. Erregelamendu bidez zehaztuko da nola.

  2. – Interesdunen bati ez badiote uzten datuen aurka egiteko, datuetara iristeko, datuak zuzentzeko, indarrik gabe uzteko edo legeetan –datu pertsonalak babesteko legeetan– aitorturiko beste edozertarako eskubidea erabiltzen, Datuak Babesteko Euskal Bulegoari jakinarazteko aukera izango du, eta hark, orduan, ezezko hori bidezkoa den edo ez ikusi beharko du.

  3. – Gehienez ere sei hilabeteko epea dago eskubideak ziurtatzeko berariazko ebazpena emateko eta jakinarazteko, eta administrazio-isiltasunak, halakoetan, eskatutako ziurtatze horri ezezkoa eman diotela esan nahiko du.

  4. – Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren ebazpenen aurka. Nahi izanez gero, aurretiaz, berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke.

  1. – Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzen da. Zuzenbide publikoko entea izango da, nortasun juridiko propioa eta gaitasun publiko eta pribatu erabatekoa izango ditu, eta herri-administrazioekiko inongo loturarik gabe beteko ditu bere eginkizunak. Lege honetan eta bere estatutuan xedatutakoaren arabera jardungo du; estatutu hori Eusko Jaurlaritzaren dekretu baten bidez onartu beharko da, Lehendakariordetzak proposaturik.

  2. – Administrazioaren ahalak gauzatu behar dituenean, Datuak Babesteko Euskal Bulegoak azaroaren 26ko 30/1992 Legea bete beharko du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea. Gainerako jardunean, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, lege hau eta lege horiek garatzeko xedapenak bete beharko ditu.

  3. – Ondarerik eskuratzeko edo ezer kontratatzeko, indarrean dagoen zuzenbide publikoa bete beharko du Datuak Babesteko Euskal Bulegoak. Bulegoaren ondasun eta eskubideak Euskal Autonomia Erkidegoaren ondarekoak izango dira.

  4. – Auzibidean jardun beharra badago, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko zerbitzu juridikoen ardura izango da Datuak Babesteko Euskal Bulegoa ordezkatzea eta defendatzea, arauetan xedaturik daukatenaren arabera.

  1. – Lege honetako 2.1 artikuluan aipaturik datozen herri-administrazioetako eta erakundeetako funtzionarioek eta propio kontrataturiko langileek beteko dituzte Datuak Babesteko Euskal Bulegoko lanpostuak, lanpostu bakoitzak dituen eginkizunen arabera. Beren lanean ezagutzen dituzten datu pertsonalak isilpean gorde beharko dituzte langile horiek, derrigor.

  2. – Datuak Babesteko Euskal Bulegoko langileak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko funtzio publikoko arauen pean egongo dira. Arau horiekin bat, Datuak Babesteko Euskal Bulegoari dagokio lanpostuak eskuratzeko sistema erabakitzea, baldintzak eta hautaproben ezaugarriak zehaztea, bai eta lanpostuak betetzeko eta laneko sustapeneko prozeduretako deialdiak egitea eta prozedura horiek kudeatzea eta ebaztea ere.

  3. – Ahal publikoak erabili beharra daukaten lanpostuak funtzionarioentzat gordeta egongo dira.

Datuak Babesteko Euskal Bulegoak honako ondasun eta baliabide hauek izango ditu bere eginkizuna betetzeko:

  1. Autonomia Erkidegoko Aurrenkontu Orokorretan urtero izendatuko zaion diru-kopurua.

  2. Ematen dizkioten diru-laguntzak eta egiten dizkioten ekarpenak.

  3. Bere jardunak ematen dizkion diru-sarrerak, ohikoak nahiz ohiz kanpokoak.

  4. Ondarekoak dituen ondasunak eta baloreak, eta haiek ematen dituzten produktu eta errentak.

  5. Legez ematen dioten beste edozein ondasun edo baliabide.

Datuak Babesteko Euskal Bulegoak urtero-urtero aurrekontu-aurregitasmoa egin eta onartu beharko du. Gero, Eusko Jaurlaritzara bidali beharko du, han, behar bezain ondo bereizita, Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sar dezaten, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-sistema arautzen duten legeen arabera. Lege horiek bete beharko ditu bere aurrekontua aldatzeko, gauzatzeko eta kitatzeko araubideari dagokionez. Horretarako, kontuan hartu beharko du erakundearen izaera, kontabilitate publikoaren araubidea eta Autonomia Erkidegoko Administrazioko Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren ekonomia, finantza eta kudeaketa arloko kontrola; horrek denak ez du esan nahi ekonomia eta finantzetako eta kontularitzako jarduerak Herri Kontuen Euskal Epaitegiak kontrolatuko ez dizkionik.

Zuzendaria, Kontseilu Aholku-emailea eta bere estatutuan zehazturik dituenak dira Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren gobernu-organoak.

  1. – Zuzendariak zuzentzen eta ordezkatzen du Datuak Babesteko Euskal Bulegoa. Eusko Jaurlaritzaren dekretu baten bidez izendatuko dute, lau urterako.

  2. – Inolako loturarik gabe eta objektibotasunez beteko ditu bere zereginak, eta ez du inolako jarraibiderik bete beharrik izango. Baina Kontseilu Aholkuemaileak, bere zereginak betetzean, ezer proposatzen badio, zuzendariak entzun egin beharko dio.

  3. – Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak kargua epea amaitu baino lehenago uztekotan, honako arrazoi hauetakoren batengatik utziko du:

    1. Berak eskaturik.

    2. Gobernu Kontseiluak kargutik kentzea erabakita, arrazoi hauetakoren bat dela eta: betebehar larriak bete ez dituelako, bere lana egin ezina etorri zaiolako, bateraezintasunen bat dela-eta edo dolozko delituren batengatik epaia jaso duelako. Halakoetan, espedientea egin beharko da aurretiaz, eta Kontseilu Aholku-emaileari entzun beharko zaio, derrigor, espediente horretan.

  4. – Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendaria goi-kargua izango da, aurretik eginkizun publikoren bat betetzen bazuen zerbitzu berezietan geratuko da, eta Autonomia Erkidegoko administrazioko goi-karguen bateraezintasun-sistemaren pean egongo da.

  1. – Datuak Babesteko Euskal Bulegoak Kontseilu Aholku-emaile bat izango du, aholkuak emateko. Honako kide hauek izango ditu:

    1. Eusko Legebiltzarreko ordezkari bat, Legebiltzarrak berak izendaturik.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko ordezkari bat, Gobernu Kontseiluak izendaturik.

    3. Lurralde historikoen ordezkari bat, lurralde horiek batera izendaturik.

    4. Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldeko toki-erakundeetako ordezkari bat, lurralde horretan erakunde horien ordezkaritza handiena duen elkarteak izendaturik.

    5. Bi aditu, bata informatikakoa eta bestea oinarrizko eskubideetakoa, Euskal Herriko Unibertsitateak izendaturik Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbide publikoko korporazioei galdetu ondoren.

  2. – Kontseilu Aholku-emaileak berak onartuko ditu bere antolaketako eta funtzionamenduko arauak. Lehendakari-kargua eta idazkari-kargua egongo dira arau horietan aurreikusita, eta nola aukeratu edo izendatu behar diren ere bai.

  1. – Lege honetako 2.1 artikuluan aipaturik datozen fitxategiak direla-eta, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aginpideen eremuan, hona hemen Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren eginkizunak:

    1. Datuak babesteko legeak bete daitezen zaintzea eta nola aplikatzen diren kontrolatzea, batez ere informaziorako eskubideari eta datuetara iristeko, datuak zuzentzeko, datuen aurka egiteko eta datuak indarrik gabe uzteko eskubideari dagokienez.

    2. Lege eta erregelamenduetan zehazturik dauden baimenak ematea.

    3. Beharrezkoa bada, datuen tratamendua datuak babesteko indarrean dagoen legediko printzipioetara egokitzeko beharrezko jarraibideak ematea, beste erakunde batzuen aginpideei ezer kendu gabe.

    4. Tartean direnen eskariei eta erreklamazioei kasu egitea.

    5. Datu pertsonalak tratatzea dela-eta dituzten eskubideei buruzko informazioa ematea pertsonei.

    6. Tratamenduen erantzule eta arduradunei, esateko dutena entzun eta gero, datu-tratamendua indarrean dauden legeetara egokitzeko beharrezko neurriak hartzeko eskatzea, eta, beharrezkoa bada, ez badituzte lege horiek betetzen, tratamendua gelditzeko eta fitxategiak indarrik gabe uzteko agintzea, salbu datuen nazioarteko transferentziei buruzkoan.

    7. Zehatzeko ahalmena erabiltzea, eta, beharrezkoa izanez gero, bere iritziz lege honetako 22. artikuluan tipifikaturiko arau-hausteen erantzuleak direnen aurka diziplinazko prozedura hasteko proposatzea, eta hartu beharreko zuhurtziako neurriak hartzea, salbu datuen nazioarteko transferentziei buruzkoan. Hori guztia lege honetan zehazturik dagoen moduan.

    8. Lege hau garatzeko xedapen orokorretako egitasmoei buruzko txostenak egitea, derrigor.

    9. Bere lana egiteko beharrezkoa duen laguntza eta informazio guztia eskatzea fitxategien erantzuleei.

    10. Datu pertsonalen fitxategiak badirela gauza jakinekoa izan dadin zaintzea. Horretarako, urtero-urtero, fitxategi horien zerrenda bat argitaratuko du, beste hainbat informazio osagarrirekin. Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak erabakiko du zein informazio osagarri eman.

    11. Urteko txostena idatzi, eta Eusko Jaurlaritzako Lehendakariordetzara bidali.

    12. Funtzio estatistiko publikoari buruzko legeek estatistikako datuen bilketari buruz eta estatistikako isilpekotasunari buruz dakartzaten xedapenak bete daitezen zaintzea, beharrezko jarraibideak ematea, estatistikarako bakarrik sortutako fitxategien segurtasun-baldintzei buruzko irizpenak ematea eta 24. artikuluan aipaturiko ahalmena erabiltzea.

    1. Datu pertsonalen fitxategien segurtasuna eta herritarrek fitxategi horiei buruz dituzten eskubideak hobeto babeste aldera, Datuak Babesteko Estatuko Bulegoarekin eta beste autonomia-erkidego batzuetako antzeko erakundeekin lankidetzan aritzea hartarako beharrezkoak diren jarduera guztietan.

    2. Lege honetako 2.1 artikuluko herri-administrazioek, erakundeek eta korporazioek datu pertsonalen babesari buruz egiten dizkioten galderei erantzutea, eta lege honen aplikazioaren pean dauden datu pertsonalen tratamenduari buruz beste pertsona fisiko edo juridiko batzuek egiten dizkioten galderei erantzutea.

    3. Lege eta erregelamenduetan emandako beste eginkizun oro.

  2. – Aurreko zenbakian zehaztu diren eginkizunak direla-eta, Datuak Babesteko Euskal Bulegoa kontroleko agintetzat hartuko da, eta lan horretan erabateko independentzia eta objektibotasuna izango du, legeak bermaturik.

  1. – Datuak Babesteko Erregistroa sortzen da. Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren barruan egongo da organo hori, bulegoaren estatutuetan zehazturiko moduan.

  2. – Datuak Babesteko Erregistroan honako gauza hauek inskribatu beharko dira:

    1. Lege honetako 2.1 artikuluan zehazturiko fitxategiak.

    2. Datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 lege organikoan zehazturiko baimenak.

    3. Inskribaturiko fitxategiei dagozkien ereduzko kodeak.

    4. Inskribaturiko fitxategiei buruzko datu hauek: informazio-eskubidea, datuetara iristeko eskubidea, datuak zuzentzeko eskubidea, datuak indarrik gabe uzteko eskubidea eta aurka egiteko eskubidea erabiltzeko behar direnak.

  3. – Baten batek inskribatzeko eskatu, baina Datuak Babesteko Erregistroak uste badu eskabide hori ez dela zuzenbidearen araberakoa, ezezkoa erantzun dezake erregistroak. Halakoetan, Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak eskari-egileari beharrezko zuzenketak egiteko eskatu beharko dio.

  4. – Lege honetako 2.1 artikuluan aipatutako fitxategiak Datuak Babesteko Erregistroan nola inskribatu behar diren, inskripzioen edukia, nola aldatu, indarrik gabe nola utzi, ebazpenen aurkako erreklamazioak eta errekurtsoak nola aurkeztu eta halako gainerako gorabeherak erregelamendu bidez arautuko dira.

  5. – Edonork kontsulta dezake, dohainik, Datuak Babesteko Erregistroa. Behar duen informazioa erregistro horretan eskatuz, edonork jakin dezake datu pertsonalik tratatzen ari ote diren, zertarako ari diren hori egiten eta nor den arduraduna.

  1. – Datuak Babesteko Euskal Bulegoak, kontroleko agintea denez, bere esku izango du lege honetako 2.1 artikuluan aipaturik dauden fitxategiak ikuskatzea. Bere lana egiteko behar duen informazio guztia bilduko du halakoetan. Horretarako, nahi badu, agiriak erakusteko edo bidaltzeko eska dezake, eta dauden tokian aztertu, eta datuak tratatzeko erabilitako tresna fisikoak eta logikoak ere azter ditzake, instalaturik dauden lokaletara joanda.

  2. – Aurreko zenbakian aipatzen den ikuskatze-lana egiten duten funtzionarioak aginte publikotzat joko dira lan horretan ari direla; eta beren zereginak betetzen dihardutenean jakiten dutena isilpean gorde beharko dute derrigor, baita lan hori utzi eta gero ere.

Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak ikusten badu lege honen aplikaziopean dagoen halako fitxategi bat mantendu eta erabiltzeko modua lege honen beraren aginduren baten edo legea garatzen duen xedapenen baten aurkakoa dela, fitxategiaren titularra den herri-administrazio, erakunde edo korporaziora jo ahal izango du, errekerimendu bidez, eta zer zuzendu adierazi ahal izango dio, eta halako epetan zuzentzeko adierazi, gainera, berariaz. Errekerimendua jaso duen administrazioak ez baldin badu eskaturikoa betetzen, Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak administrazio horren ebazpen edo ezezko jarreraren aurkako errekurtsoa jarri ahal izango du, eta, halakoetan, interesduna izango da. Horrek ez du esan nahi lege honetako 17.f) artikuluaren arabera beste neurririk hartu ezin duenik.

Lege honetako 2.1 artikuluan aipaturik datozen fitxategien erantzuleak eta fitxategi horietako tratamenduen arduradunak lege honetan arau-hauste eta zehapenetarako zehazturik dauden arauen pean egongo dira.

  1. – Arau-hausteak arinak, larriak edo oso larriak izango dira.

  2. – Hauek dira arau-hauste arinak:

    1. Interesdunak eskatzen badu tratatzen ari diren datu pertsonalak zuzentzeko edo indarrik gabe uzteko, eta legez hala egin behar bada, eskari horri kasurik ez egitea forma-arrazoiengatik.

    2. Datuen babesarekin zerikusi funtsezkoa ez duten gauzetan, Datuak Babesteko Euskal Bulegoak halako informazio bat eskatzen duenean legez dagozkion aginpideak bete beharrez, informazio hori ez ematea.

    3. Datu pertsonalen fitxategia Datuak Babesteko Erregistroan inskribatzeko eskaria ez egitea, non eta ez den arau-hauste larria.

    4. Tartean direnengandik, legez eman beharreko informazioa eman gabe jasotzea zuzenean datu pertsonalak.

    5. Isilpekotasuna, legezko betebeharra baita, apurtzea, non eta ez den arau-hauste larria.

  3. – Hauek dira arau-hauste larriak:

    1. Fitxategiak sortzen edo fitxategi horietarako datu pertsonalak biltzen hastea, xedapen orokor bidezko baimenik gabe. Xedapen horrek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo dena delako lurralde historikoan argitaraturik agertu beharko du.

    2. Datu pertsonalak biltzen hastea, tartean direnen oniritzi berariazkoa eskatu gabe, oniritzi hori beharrezkoa denetan.

    3. Legezko printzipio eta bermeak urraturik edo garapeneko erregelamenduetan datozen babes-aginduak bete gabe tratatzea, edo erabiltzea gero, datu pertsonalak, non eta ez den oso arau-hauste larria.

    4. Datuetara iristeko eta datuen aurka egiteko eskubideari bidea ixtea edo oztopoak jartzea eta eskatutako informazioa emateari uko egitea.

    5. Datu pertsonalak babesteko legeen babespean diren pertsonen eskubideei erasaten bazaie, erabat zuzenak ez diren datu pertsonalak mantentzea edo datu horiek direla-eta legez egin beharreko zuzenketak edo indargabetzeak ez egitea.

    6. Fitxategietan jasotako datu pertsonalak isilpean gorde beharra ez betetzea administrazio- edo zigor-arloko arau-hausteei buruzko datuak badira, edo herri-ogasunari buruzkoak badira, bai eta inoren izaerari antzemateko behar beste datu pertsonal duen beste edozein fitxategitako datuak badira ere.

    7. Datu pertsonalak dauzkaten fitxategiak, lokalak, programak edo ekipoak beharrezko segurtasun-neurririk gabe edukitzea.

    8. Lege eta erregelamenduetan zehazturiko komunikazioak Datuak Babesteko Euskal Bulegora ez bidaltzea, eta jaso behar dituen edo eskatzen dituen agiri eta informazioak ez ematea.

    9. Ikuskatze-lanei oztopoak jartzea.

    10. Datu pertsonalen fitxategia ez inskribatzea Datuak Babesteko Erregistroan, Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak hala eskatu badu.

    11. Datuak beste batengandik jaso badira, tartean dagoena ez den beste batengandik, legez eman beharreko informazioa ez ematea.

  4. – Hauek dira oso arau-hauste larriak:

    1. Datuak engainu edo iruzur bidez biltzea.

    2. Datu pertsonalak inori jakinaraztea edo uztea, hartarako baimenik ez dagoenean.

    3. Tartean denak hartarako oniritzirik eman ez badu berariaz, ideologiaren, sindikatu-bazkidetzaren, erlijioaren edo sineskeren berri ematen duten datu pertsonalak biltzea eta tratatzea.

    4. Legez hala egin behar ez bada edo tartean denak hartarako oniritzirik eman ez badu berariaz, arrazari, osasunari edo bizimodu sexualari buruzko datuak biltzea eta tratatzea.

    5. Ideologia, sindikatu-bazkidetza, erlijioa, sineskerak, arraza, etnia edo bizimodu sexuala adierazten duten datu pertsonalak jasotzeko bakarrik sortzea fitxategiak.

    6. Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak edo datuetara iristeko eskubidearen titularrak eskatu arren ez jarraitzeko horrela, datu pertsonalei legez kanpoko tratamendua ematen jarraitzea.

    7. Oinarrizko eskubideak erabiltzea galarazten edo oztopatzen bada horrela, datu pertsonalak lege onez ez tratatzea edo aplikatu behar zaizkien printzipio eta bermeei muzin eginda tratatzea.

    8. Paragrafo honetako bertako e) letran zehazturiko datu pertsonalak edo tartean denak oniritzia eman gabe polizia-lanerako bildu direnak isilpean gorde beharra urratzea.

    9. Datuetara iristeko, datuak zuzentzeko, indarrik gabe uzteko eta datuen aurka egiteko eskubideak behin eta berriz aintzakotzat ez hartzea edo oztopatzea.

    10. Inoren datu pertsonalak fitxategi batean sartzerakoan, legearen arabera egin beharreko jakinarazpena sistemaz ez egitea.

  5. – Artikulu honetan egin den arau-hausteen tipifikazioa gorabehera, Euskal Autonomia Erkidegoak aginpiderik ez duen gaietan datuen babesari buruzko Estatuko legeetako tipifikazioek bere hartan irauten dute.

  1. – 601,01 eta 60.101,21 euro bitarteko isuna arau-hauste arinengatik.

  2. – 60.101,21 eta 300.506,05 euro bitarteko isuna arau-hauste larriengatik.

  3. – 300.506,05 eta 601.012,1 euro bitarteko isuna oso arau-hauste larriengatik.

  4. – Zigorren zenbatekoa zehazteko, honako gauza hauek hartuko dira kontuan: erasandako eskubide pertsonalak nolakoak diren, tratamenduen zenbatekoa, lortutako irabaziak, arau-hausteak zenbateraino diren nahita egindakoak, behin baino gehiagotan egin ote diren, interesdunei eta beste batzuei (hirugarrenei) eragindako kalte-galerak eta dena delako arau-haustea zenbateraino den legez kanpokoa zehazteko eta zenbaterainoko erruduntasuna dagoen zehazteko garrantzitsua den beste edozein gorabehera.

  5. – Tartean diren gorabeherak gogoan harturik, ikusten bada inputatuaren errua uste baino dezente txikiagoa dela edo arau-hausteak dezente gutxiago urratzen dituela legeak, berez legokiokeen arau-hauste motako eskala baino justu arau-hauste arinagoen motako eskala aplikatuz zehaztuko du zigorraren zenbatekoa erakunde zigortzaileak.

  6. – Ezin da, inola ere ez, zigortu nahi den arau-hauste motari legez dagokion zigorra baino larriagorik jarri.

  7. – Eusko Jaurlaritzak, aldika-aldika, zigorren zenbatekoa eguneratu egingo du, prezioen indizeen aldaketen arabera.

  1. – Dagokion prozedura-instrukzioa egin, eta aurreko artikuluko arau-hausteetakoren bat edo batzuk gertatu direla ikusiz gero ondorio modura –lege honetako 2.1 artikuluko fitxategiei dagokienez–, Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak, ebazpen bidez, arau-haustearen ondorioak gerarazteko edo zuzentzeko beharrezko neurriak aginduko ditu. Ebazpen hori fitxategiaren erantzuleari, hierarkiaz gainetik duen erakundeari eta –halakorik baldin badago– tartean direnei jakinarazi behar zaie, eta ebazpen horrek amaitzen du administrazio-bidea.

  2. – Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak, diziplinazko bidetik jotzeko ere proposa dezake, hala badagokio. Herri-administrazioetan eta lege honetako 2.1 artikuluan aipatutako erakunde eta korporazioetan lan egiten duten funtzionarioen eta langileen diziplina-araubidea zehazten duten legeetan ezarritakoak izango dira erabili beharreko prozedura eta jarri beharreko zigorrak. Ondorio horietarako, lege honetan tipifikaturiko arau-hausteak aplikatu beharreko diziplina-araubidearen osagarri izango dira.

  3. – Zigor-prozedurarik behar izanez gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean jartzen duena bete beharko da.

  4. – Aurreko puntuetan aipatzen diren neurri eta jarduerak direla-eta ematen diren ebazpenak Datuak Babesteko Euskal Bulegoari jakianarazi beharko zaizkio.

  5. – Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak Arartekoari jakinarazi beharko dizkio aurreko puntu horietaz baliatuz egiten dituen jarduerak eta ematen dituen ebazpenak.

  1. atala.– Fitxategiak geldiaraztea

    Inork beste inoren datu pertsonalak legez kanpo erabiltzen edo uzten baditu, oso arau-hauste larria egiteko moduan, eta, horrenbestez, jokaera horrek traba eta eragozpen larriak badakartza herritarren eskubideen erabilerarako eta nortasuna askatasunez garatzeko –bai Konstituzioan bai legeetan bermaturik daude erabilera eta garapen horiek–, Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak datu pertsonalen fitxategien erantzuleei eska diezaieke aurrerantzean daturik ez erabiltzeko edo uzteko legez kanpo. Ez baldin badiote errekerimenduari kasu egiten, fitxategi horiek geldirazi egin ditzake ebazpen arrazoitu bidez, tartean direnen eskubideak atzera ezartzeko, eta horretarako bakarrik.

Lehena.– Fitxategien berri Datuak Babesteko Euskal Bulegoari ematea

Lege honetako 2.1) artikuluan aipaturik dauden herri-administrazioek, erakundeek eta korporazioek, agindu horretan aipaturiko fitxategien titular badira, Datuak Babesteko Euskal Bulegoari eman beharko diote haren berri, lege hau indarrean jarri eta hiru hilabeteko epean. Hori baino lehenago, kasuan kasuko fitxategia arautzeko xedapena onarturik eta argitaraturik izan behar dute.

  1. – Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoko bigarren xedapen gehigarrian eta Toki Jaurbidearen Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 17.3 artikuluan zehazturik dagoen moduan,Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak eta foru-administrazioek, biztanleen fitxategiak edo erregistroak sortze aldera, Euskal Estatistika Erakundeari aginpideak dauzkaten lurraldeetako biztanleen udal-erroldetan dauden fitxategien kopia eguneratu bat eska diezaiokete, interesdunaren oniritziaren beharrik gabe, honako datu hauek eskuratzeko: izena, abizenak, helbidea, sexua eta jaiotze-eguna. Komunikaziorako balioko dute biztanleen fitxategi edo erregistro horiek, hau da, herri-administrazio bakoitzeko organoen eta dagokien lurraldean bizi diren interesdunen arteko komunikaziorako, herri-administrazio bakoitzaren aginpideetatik datozen harreman juridiko-administratiboei dagokionez.

  2. – Aurreko paragrafoan xedaturikoaren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 28ko 4/1986 Legeko 29. artikulua aldatu, eta honela gelditzen da: agindu horren gaur egungo idazkera aginduaren 1. zenbakia izango da aurrerantzean, eta honako 2. zenbaki hau gehitzen zaio:

    "2. Euskal Estatistika Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri guztietako udal-errolden kopien gordetzaile-lana ere egingo du, eta, horretarako, udalerriek administrazio-erregistro horien kopiak bidali beharko dizkiote erregelamendu bidez zehaztutako moduan".

Lege honetan xedaturikoa gorabehera Arartekoaren eta Datuak Babesteko Estatuko Bulegoaren aginpideek bere hartan diraute.

Nola garatu eta aplikatu

  1. – Lege honetan xedaturikoa garatzeko eta aplikatzeko baimena du Eusko Jaurlaritzak.

  2. – Beharrezko aurrekontu-atala sortzeko eta, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-araubidea antolatzen duten legeekin bat, aurrekontua lege honetan xedaturikoa aplikatzeko behar beste aldatzeko baimena du Ogasun eta Herri Administrazio Sailak.

    Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

    Vitoria-Gasteiz, 2004ko otsailaren 26a.

    Lehendakaria,

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (22)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.