Aranburu, Izaskun
Gipuzkoar piraguista (Pasaia, 1976). Euskal piraguismoak eman duen kirolaririk onenetakoa. 10 urte zituela hasi zen piraguismoa praktikatzen Donostiako Fortuna taldean, baina emaitzarik onenak Irungo Santiagotarrak klubarekin erdietsi ditu. 15 urte zituela lortu zuen lehen Espainiako txapelketa K-2 modalitatean, eta orduz geroztik zenbatezinak dira lortu dituen titulu eta dominak. Besteak beste, aipagarriak dira: brontzezko domina 1993ko Junior Mailako Munduko txapelketan; zilarrezko domina 1997ko Europako Senior txapelketan; 1997ko eta 1998ko Munduko txapelketan brontzeko bi domina, K-2 eta K-4 sailetan; 1997ko Munduko Kopan urrezko domina; 1999ko Europako txapelketan zilarrezko eta brontzezko dominak, K-4 eta K-2 sailetan. Hala ere, lorpen garrantzitsuena 1999ko Munduko txapelketan, K-2 sailean, lortutako urrezko domina da. 2000. urteko Munduko Kopan zilarrezko domina eskuratu du K-4 200 metroko sailean, Alemaniako Duisburgen jokatutako estropadan. Hungarian jokatutako Munduko Koparen proban K-2 saileko 200 metroko proban brontzezko domina ere irabazi du Izaskun Aranburuk.