Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Aranburu Urtasun, Mikel

Nafar musikagilea (Iruñea, 1955). 1966tik 1969ra musika eta txistu ikasketak egin zituen Iruñeko Pablo Sarasate Kontserbatorioan. 1978an ekonomia eta enpresa zientzietan lizentziatu zen, eta 1991n zuzenbidean. Bi alorretan dihardu, ogasun publikoan alde batetik eta kultura tradizionalaren sustapenean bestetik. 1980an Nafarroako Gobernuko Ikuskaritzaburu izan da, Zerga Kudeaketaren Zuzendari 1987an eta Fiskalitate Zuzendari 1996an. Kultura jarduerari dagokionez, dantza tradizionalak aztertzea eta berreskuratzea izan da Aranbururen ardura nagusia. 1974an Ortzadar elkartea sortu zuen Iruñean. Bestalde, Iruñeko Txistulari Bandako kidea da 1975etik. Partaidetza eraginkorra izan zuen Euskal Dantzarien Biltzarra Nafarroan eratzen eta elkarte horren zuzendaritza batzordekoa da. Cuadernos de Etnologia eta Etnografía de Navarra aldizkariaren zuzendaria izan zen eta Euskal Herriko Legelarien Aldizkariako batzordekidea da. Gainera, Nafarroako Euskara eta Kultura batzordetako kidea izan da (1987-1991). Eusko Ikaskuntzako Ekonomia zein Folklore sailetan esku hartu du, ikerketa egitasmo zenbaitetan. 1994an Eusko Ikaskuntzako Idazkariorde hautatu zuten, eta 1996an Nafarroako lehendakariorde.