Segurtasun Saila

Konpartitu

Boto elektronikoa. Euskadi. Demotek. Prentsako albisteak

Prentsako albisteak

POLITIKARI MEXIKARRAK BILBOKO INGENIARITZA-ESKOLAN EGON DIRA

Boto elektronikorako Demotek© sistemaren inguruan egindako erakustaldian parte hartu zuten.

Joan den astean, Mexikoko Hauteskunde Institutuko arduradunak eta zenbait politikari egon ziren Euskadin, EAEk boto elektronikorako garatutako Demotek© sistema ezagutzeko asmoz. Programa horri esker, Mexikoko ordezkariek hurbiletik ezagutu ahal izan dituzte proiektuarekin zerikusia daukaten parte-hartzaileak; esate baterako, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola. Izan ere, erakustaldia egin zen bertan.

Ernesto Cilleruelok, Antolakuntza Akademikoko zuzendariordeak, Juan Luis Ordialesek, Ikerketako zuzendariordeak eta Telekomunikazioetako ikasketaburuak, eta Iñaki Goirizelaiak, Elektronika eta Telekomunikazio Saileko irakasleak, Mexikoko ordezkariei azaldu zieten zeintzuk ziren bozkatzeko sistema berriaren aukerak.

Bilboko Athletic Taldeko Presidentetzarako hauteskundeak garrantzitsuak bezain interesgarriak izan direnez eta hauteskundeotan ikuskatzaile moduan egoterik eduki ez zuten zenbait ordezkaritzak interes handia erakutsi zutenez, Eusko Jaurlaritzako arduradunei egokia iruditu zitzaien jardueren plana ordezkaritza horiekin errepikatzea, Demotek© sistema hurbil-hurbiletik ezagutzeko aukera izan zezaten.

Jardueren egitaraua

Jardueren egitarauan zehaztu bezala, Eusko Legebiltzarrera joan ziren, bai eta sistema berritzaile hori garatu duten zenbait enpresatara ere. Horra hor ekipo elektronikoen diseinuan eta ekoizpenean aitzindaria den Ikusi enpresa. Enpresa horrek, gainera, Demotek© sisteman parte hartzen du.

Horrez gain, mexikarrak Eusko Jaurlaritzak Vitoria-Gasteizen daukan egoitzara, Zamudioko Parke Teknologikora edo Bilboko Guggenheim Museora ere joango dira.

Horiek horrela, politikari aztekek (euren artean, zenbait alderdi politiko daude: PRI, Iraultza Demokratikoaren Alderdia, edo Lanaren Alderdia) Euskadiko errealitate ekonomiko, politiko eta kulturalari buruzko ikuspegi orokorra eduki ahal izan dute.

ATHLETICEKO BAZKIDEEK BOTO ELEKTRONIKOA EMAN DUTE EUREN PRESIDENTEA AUKERATZEKO

Bilboko Athletic Taldea (http://www.athletic-club.net) Demotek© Euskal Partzuergoak boto elektronikorako garatutako sistema modu ofizialean abian jarri duen lehen erakundea izan da munduan. Partzuergo horretan, hain zuzen ere, honako hauexek parte hartzen dute: Euskaltel, Ibermática, Ikusi, Hunolt, Ikerlan, Robotiker eta EHU.

Guztira, txipdun 16 hautestontzik, akats teknikoak eta guzti, Bilboko futbol-taldeak sartutako hauteskunde-txartelak erregistratu zituzten, eta minutu gutxi batzuetan zenbatu zituzten botoak. Hori dela eta, hauteslekua itxi eta denbora gutxira jakin genuen nor zen Athleticeko presidente berria.

HAUTESKUNDEETAN, PARTAIDETZA-MARKA GUZTIAK HAUTSI ZIREN

Erakunde zurigorriko egoitzaren inguralde guztia bazkide zurigorriz beteta zegoen

Atzoko hauteskunde-egun luzeak hainbat aurpegi eta irudi eskaini zituen, baina honako hauxe izan zen nagusi: bi hautagaitzen eta bi hautagaien arteko "gerra hotza". Javier Uriak eta Fernando Lamikizek egunaren zati handiena eman zuten Ibaigane inguruan. Ordu erdiko aldeaz bozkatu ostean (Lamikizek hamarretan; eta Uriak, ordu erdi geroago), botoen inguruko informazioa arakatu zuten kalean bertan.

Fernando Lamikiz gelditu barik egon zen, eta bete-betean lan egin zuen Ibaiganeko ate nagusiaren aurrean. Egia esan, Athleticek Mazarredo zumarkalean daukan egoitzaren inguraldea jendez beteta zegoen. Bi hautagaiak, euren laguntzaileak eta zuzendariak jauregiko lorategian bazeuden ere, ez zuten jendaurrean euren artean hitz egin eta euren aldetik erantzun zieten komunikabideei.

Bestetik, bi bandoen arteko arazoak sortu ziren, ohiko hautestontzietan batutako botoak zenbateko orduan. Hori dela eta, emaitzen inguruko hasierako aurreikuspenak atzeratu ziren.

Gainontzean, jende ezagun asko elkartu zen Ibaiganen. Gaurko jokalariak: Joseba, bere familiarekin, Imanol eta Bolo; atzokoak: Mendiguren, Sarabia, Goikoetxea, Meléndez, Julio Salinas, Patxi Ferreira, Amorrortu, Aranguren, Lavín, Estefano, Artetxe, Argoitia, Lezama (gurpil-aulkian); eta harrobi zurigorriko hurrengo koordinatzailea eta filialeko teknikaria: Carlos Terrazas.

Futbol-taldeko zenbait presidente ohi ere egon ziren hauteskundeetan. Goiztiarrenetakoa Pedro Aurtenetxe izan bazen ere, Jose Antonio Eguidazu, Félix Oraá edo José Julián Lertxundi ere hurbildu ziren Ibaiganera.

SISTEMA AITZINDARIA BEZAIN BERRITZAILEA

Athleticeko hauteskundeak aitzindariak izango dira, Eusko Jaurlaritzako Hauteskunde Sailak botoak zenbatzeko abian jarritako sistema berritzailea probatuko dutelako. Osteko zenbaketa gogaikarria ekiditeko boto elektronikoaz ari gara.

Hauteskunde-txartela balioztagailutik igaroko da eta datu-zentrora igorriko du informazioa. Bertan, harik eta hautestontziak itxi arte erregistratuta geratuko da informazioa. Ordu erdi eskasean, hauteskundeak nork irabazi dituen jakingo omen dugu, eta komunikabideoi emango digute horren berri. Guztira, 174 profesionalentzat, 32 komunikabide egiaztatu dira, prozesu berritzailearen jarraipena egiteko.

Era berean, nazioarteko ikuskatzaileak ere egongo direla iragarri dute. Asmakizunaren gurasoak den-dena behar den moduan ibiliko delakoan daude.

BOTO ELEKTRONIKOA

Athleticek hauteskundeetan, berrikuntzaren bat egongo da, boto elektronikoa, alegia. Sistema horren arabera, hauteskunde-txarteletan nolabaiteko barra-kodea agertzen da, balioa dutela egiaztatzeko eta hautestontzietan sartutakoan era informatikoan irakurriak izateko.

Horrela, bada, bozketa itxi eta bost minutu eskasean izango omen dugu emaitzaren berri.

URIA ETA LAMIKIZ?

Klubaren estimazioen arabera Athleticeko presidente berriaren izena gaur bederatzi eta erdiak aldera ezagutuko da
Gaur jakingo da, azkenik, nor izango den, uztailaren batetik aurrera, Athleticeko presidente berria. Hilabete luzea iraun duen hautaketa prozesua Uria eta Lamikizen arteko norgehiagoka izan da, nahiz eta hasieran beste izen bat -Arostegi- ere agertu zen lehian. Hautagai bakoitzak bere programa zehatz-mehatz aurkezteko adina denbora izan du, eta, informazio jario hori prozesatu ostena, bazkideak erabakiko du bere ustetan talde zuri-gorriarentzat gidari onena zen den. Hautagaiek egin dute beren lana; orain bazkideen txanda da.

Javier Uria edo Fernando Lamikiz. Bietako bat aterako da gaur gauean, 21.30ak inguruan, Athleticeko hauteskudeetan garaile, eta honela, talde zuri-gorriaren historiako hogeita seigarren presidentea -eta mende honetako lehena- izango da.

Hautaagiek atzokoa hausnarketa eguntzat hartu bazuten ere, aurreko asteetan prentsaurreko eta komunikatu anitz eman izan dira eta bakoitzak euren egitasmoen oinarriak aurkezteko aukera izan dute. Honela, eurek proposatutako entrenatzaile eta oinarrizko futbolaren zuzendariak aurkeztu dituzte, hori bai, azken unera arte ez dira izenak kaleratu. Uriak, oroitzapen onak eta txarrak utzi dituen Jupp Heynckes alemaniarra aukeratu du taldearen jabe egin dadin. Lamikizek, berriz, Slovoljub Musna. Bestalde, Lamikizen oinarrizko futbolaren zuzendaria Blas Ziarreta izango da, eta Uriarena, Carlos Terrazas. Hau guztia gutxi balitz, Uriak kirol zuzendariaren izena ere plazaratu du: Andoni Zubizarreta aretxabaletarra.

Lamikizentzako lanean aritu omen den Javier Clementeren izenak ere hasieran burrunba handia atera zuen baina, azkenean. Athleticen zaletuen artean sor dezakeen liskarraren ondorioz bertan behera gelditu da.

Balantza batera edo bestera okertu

Izen hauek, izan daitezke, eta izango dira, seguru asko, balantza alde batera edo bestera okertuko dutenak. Dena den, kanpainan argitara emandako inkesten arabera Zeberioko alkateak pisu gehiago jarri omen du bere aldean. Azken unera arte ez da besterik argituko, ordea, hautesle portzentaia handia baita oraindik ezbaian dagoena.

Botoa emateko orduan goiztiarrena Jose Maria Arrate izango da, hatuesmahaiak ireki orduko botoa emango baitu, 9.00etan, alegia. Ordubete geroago, 10.00etan, Fernando Lamikiz busturiarra joango da Ibaiganera botoa ematera. Azkenik, ordu erdi beranduago, Uriak, azken hautagaiak, emango du botoa.

Bazkideek, bestalde, ez dute goiz jaiki beharrik izango, egun osoa izango batiute (goizeko bederatzietatik gaueko bederatziak bitartean) horretarako espresuko ezarri diren 15 hautesontzietan eurek hobekien irizten dioten hautagaia aukeratzeko parada.

Talde zuri-gorriko hateskundeek sekulako mugimendua sorrarazi dute komunikabideetan. Izan ere, haien berri ematen 32 komunikabide arituko dira, orotara, eta 174 kazetari bilduko dira. Komunikazioaren inguruan dabiltzanez gain, politika arloko adituak ere arituko dira, bozketa hauetan estreinatu den boto zenbaketa elektronikoa aztertzen. Uruguaiko, Costa Ricako, El Salvadorko, Espainiako barne ministerioko, Kataluniako, Balear Uharteetak eta Valentziako ikuskatzaileek ez dute alferrik galduko sistema berria arretaz aztertzeko aukera.

ETB-2k ZUZENEAN ESKAINIKO DU ATHLETICEKO HAUTESKUNDEETAKO EMAITZA

Euskal Telebistak Bilboko Athletic Taldeko Presidentetzarako hauteskundeetako emaitzak eskainiko ditu gaur, zuzenean, 'Teleberri-2' albistegian, alegia. Bazkide zurigorriek euren zuzendaritza berria aukeratzeko ezarritako sistemari esker, oso emaitza fidagarriak eskaini ahal izango dira gaueko bederatzietatik aurrera.

Athleticeko bazkideek hautestontzian sartutako hauteskunde-txartelek banda magnetikoa daukate, eta, botoaren sekretutasuna errespetatuta, era automatikoan erregistratuko dira emaitzak.

Hautestontzien itxiera
21:00etatik aurrera, hautestontziak itxitakoan, une gutxi batzuetan eskainiko dute datu hori. Hala ere, eskuz ere zenbatu beharko dira botoak, sistema horixe bera izango delako legezkoa eta ofiziala.

Euskal kate publikoko taldeak unean uneko informazioa eskainiko du futbol-taldeko egoitzatik, Bizkaiko hiriburuko Ibaigane Jauregitik, hurrengo lau urteetan erakundeko Presidentetzako aulkian Javier Uria ala Fernando Lamikiz eseriko den azaltzeko.

Era berean, hauteskundeetako irabazlearen lehen adierazpenak eskaintzen saiatuko da Euskal Telebista.

HAUTESTONTZIAK 9:00etatik 21:00etara EGONGO DIRA ZABALIK FUTBOL-TALDEKO EGOITZA NAGUSIAN

Athleticeko presidentea izateko hauteskunde-ibilbidea bihar amaituko da 21:00etan. Hamabi ordutan zehar (9:00etatik 21:00etara), Hauteskunde Batzordeak Ibaiganeko lorategietan jarri dituen hamabost hautestontzietan bozkatu ahal izango dute bazkideek.

Bozkatu ahal izateko, bazkideek egiaztatu egin beharko dute taldekideak direla, eta, horretarako, aurtengo denboraldiko txartel eguneratua edo Nortasun Agiri Nazionala (NAN) aurkeztu beharko dute.

Bozkatzeko sistema elektronikoari (Demotek© sistemari) esker, berehala izango dugu emaitzen berri (hamabost hautestontziek berehala eskainitako datuak batzeko behar den denbora igarotakoan). Hori dela eta, ikusmin handia sortu da arlo guztietan.

Horiek horrela, Demotek© sistema berritzailearen abantailak zeintzuk diren zuzenean jakiteko asmoz, honako hauexek hurbilduko dira Ibaiganera: Uruguaiko, Costa Ricako eta Salvadorko hauteskunde-gorte gorenetako, Barne Ministerioko, Kataluniako, Valentziako eta Balearretako ordezkariak.

Azken aldaketako data: