Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

"Arrisku psikosozialak lan-eremuan jorratzeko Europako panorama: Herrien Europatik Europako herrietara" Osalanen VI. Udako ikastaroaren hitzaldiak, argazkiak, bideoak eta laburpena

Europako hainbat herrialdetako arrisku psikosozialen prebentzioko adituek parte hartu dute gaur OSALANek antolatutako Laneko Segurtasun eta Osasunari buruzko VI. Ikastaroan, EHUren Udako Ikastaroen barruan.

Izaskun Urien OSALANeko zuzendari nagusiak inauguratu du jardunaldia, Christa Sedlaschek Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentziako zuzendariarekin batera. Biak pozik agertu dira bi erakundeek duten lankidetza-harreman emankorragatik; izan ere, horri esker, gaurkoa bezalako ikastaro bat antolatu ahal izan da, Europako ordezkaritza zabalarekin eta beste autonomia-erkidego batzuetatik (Katalunia, Asturias eta Nafarroa) etorritako hizlarien parte-hartzearekin. Izaskun Urien OSALANeko zuzendari nagusiak bere hitzaldian nabarmendu duenez, beharrezkoa da horrelako nazioarteko topaketak sustatzea, emaitza onak ematen dituzten eta gure ingurunean aplikagarriak izan daitezkeen esperientziak eta estrategiak partekatzeko eta ezagutzeko.

Horixe da "Europako panorama lan-eremuko arrisku psikosozialei heltzeko" ikastaroaren helburua. Bertan, Austrian, Belgikan, Italian eta Danimarkan arrisku psikosozialen prebentzioan gertatzen ari diren aurrerapenak eta esperientziak ezagutarazi dira. Veronika Jakl-ek, Vienako Arbeitspsychologie Jakl-eko CEOak, eta Belgikako Enplegu, Lan eta Elkarrizketa Sozialeko zerbitzu publikoko Evy Hildersonek beren herrialdeetan aplikatutako prebentzio-estrategiak azaldu dituzte. Danimarkako Lan Giroko Agintaritzako Karsten Kirazek eremu psikosozialeko ikuskapenak nola garatzen diren azaldu du. Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentziako Malgorzata Milczarekek eman du Europako arrisku psikosizialen prebentzioaren egoeraren ikuspegi orokorrena, eta Europako Agentziak bi urtean behin egiten duen "Lantoki osasungarriak" kanpainaren ondorioak ekarri ditu gogora. Goizeko bigarren zatian, Maite Gómez OSALANeko arriskuen prebentzioko teknikariak Euskal Autonomia Erkidegoan arrisku psikosozialen prebentzioak izan duen bilakaera azaldu du. Jarraian, Asturiasko eta Kataluniako Laneko Segurtasun eta Osasun Institutuetako Tomás Sancho eta Carmen Ladona etorri dira, hurrenez hurren, eta bakoitzak bere autonomia-erkidegoan aplikatzen dituen programak eta etorkizuneko ekintza-ildoak azaldu dituzte. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Iñaki Morenok Foru Erkidegoko arrisku psikosozialekiko lan-esposizioaren ondoriozko kalteen erregistroaz hitz egin du.