Hauteskunde Orokorrak 2016. Mahaikideak
Mahaikideak
- Izendapena eta mahaian ez egoteko desenkusa-motak
- Lege-epe garrantzitsuenak
- Dietak eta Gizarte Segurantzaren estaldura
- Lan-eskubideak (lanaldi-murrizketa)
- Mahaikideen betebeharrak
- Eginkizun nagusiak
Izendapena eta mahaian ez egoteko desenkusa-motak
Udal bakoitzeko udalbatzan, hauteskunde-mahaikideetarako zozketa publikoa egingo da, datozen 2016ko hauteskunde orokorretarako. Zozketan, udaleko hautesle-erroldan inskribatutako hautesle guztiak sartuko dira. Ondoren, udalak izendapena jakinaraziko die interesdunei, bai eta mahai bakoitzerako ordezkoei ere. Jakinarazpenarekin bat, jarraibide-eskuliburu bat emango zaie.
Mahairako izendatutako pertsona titularrek edo ordezkoek mahaian ez egoteko kausak (desenkusak) alegatu ditzakete izendatu dituen eskualdeko hauteskunde-batzordearen aurrean. Kausa horiek agiri bidez frogatu behar dira. Onartzen diren desenkusak argitaratuta daude BOEren 103. zenbakian (2011-04-30) eta BOEren 307. zenbakian (2014-12-20). Arrazoi horiek idatziz aurkez daitezke, dela eskualdeko hauteskunde-batzordera bertaratuta, dela batzordeari fax edo posta bidez bidalita (ikus eskualdeko hauteskunde-batzordeen helbideak eta telefono- eta fax-zenbakiak).
Alegatutako arrazoia onartzen ez badu, eskualdeko hauteskunde-batzordeak, interesdunari hori jakinaraztean, alegazioa ez onartzearen arrazoia azaldu beharko du, labur. Erabaki horren aurka ezin da inolako administrazio-errekurtsorik jarri.
Lege-epe (PDF, 42 KB) garrantzitsuenak:
- Udaletako zozketak: 2016ko maiatzaren 28tik ekainaren 1era
- Izendapenen jakinarazpena: 2016ko ekainaren 2tik 4ra
- Desenkusak aurkeztea (7 egun, jakinarazpenetik): 2016ko ekainaren 5etik 11ra.
- Eskualdeko hauteskunde-batzordeak desenkusei buruz ebaztea: 2016ko ekainaren 12tik 16ra.
Dietak eta Gizarte Segurantzaren estaldura
- Dietak: Mahaiko lehendakariak eta bokal bakoitzak 63,24 € jasoko dituzte, inolako zerga-atxikipenik gabe.
- Gizarte Segurantzaren estaldura: Mahaikideek (lehendakaria eta bokalak) Gizarte Segurantzaren sistemaren babesa izango dute, 2016ko hauteskundeetan parte hartzeagatik gerta dakizkien kontingentzia eta egoeretarako. Estaldura hori baliatzeko beharra izanez gero, gobernuaren ordezkaritzarekin/ordezkariordetzarekin jarri beharko dute harremanetan, dagokien xedeetarako (ikusi gobernuaren ordezkaritzen eta ordezkariordetzen helbideak eta telefono-zenbakiak).
Lan-eskubideak: (lanaldi-murrizketa)
Hauteskunde-mahaiko lehendakaritzaren eta bi bokaltzen titularrek 2016ko ekainaren 26an, igandea, asteko atsedena izan edo ez) beren laneguneko lehen bost orduetarako baimen ordaindua eta berreskuraezina dute ekainaren 27an, hau da, hauteskundeen biharamunean, baldin soldatakoak edo funtzionario publikoak badira. Horretarako, enpresak edo erakunde ofizialak, baimen horretarako egiaztagiritzat, mahaiko kidetzat izendatzearen jakinarazpena eskatu ahal izango die. Xehetasun gehiago nahi izanez gero, ikus Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailburuaren agindua, maiatzaren 24koa, horren bidez, arau batzuk ematen dira, langileek 2016an egitekoak diren hauteskunde orokorretan parte hartu ahal izan dezaten (EHAA, 106 zk., ekainaren 6koa).
Mahaikideen betebeharrak:
Mahaiko lehendakari- eta bokal-karguak betetzea nahitaezkoa da, indarrean den Hauteskunde-araubide orokorrari buruzko Lege Organikoari jarraituz; beraz, hauteskunde-delitutzat jotzen da izendatutako pertsonak bozketa-egunean dagokien betebeharrak betetzeko mahaira ez joatea, bai eta mahaiko eginkizunak kausa legitimorik gabe egiteari utzi eta alde egitea ere. Delitu horren zigorra da hiru hilabetetik urtebetera bitarteko espetxealdia, edo sei hilabetetik hogeita lau hilabetera bitarteko isuna (HAOLO, 143. artikulua).
Eginkizun nagusiak:
Mahaiko lehendakaria da hauteslekuko agintaritza gorena, eta berari dagokio erabakitzea zer egin behar den bozketa-egunean gertatuko edozein egoeratan.
Bestalde, hauteskunde-egunean, mahaiko lehendakariari dagokio hauteslekuaren barruan eta haren inguruan ordena publikoko arauak betearaztearen ardura, hautesleen boto-askatasuna zein legea betetzen dela bermatzeko.
Mahaiko lehendakariaren ahalmenak:
- Hauteslekuaren barruan, autoritate esklusiboa du, ordena publikoari eusteari dagokionez.
- Xede horretarako, hauteslekuen babeserako esleitutako ertzainen esku-hartzea eska dezake, eta haiek lehendakariak eskatutako laguntza emango diote.
Ordena publikoko arauak:
- Hauteslekurako sarrerak oztoporik gabe egon behar du beti, sartzeko eskubidea duten pertsonentzat.
- Ez da utzi behar sarrera oztopa dezakeen talderik osatzen hauteslekuan edo haren inguruetan.
- Hauteslekuaren inguruetan, ez da onartu behar boto-eskubidea askatasunez baliatzeko eragozpenik edo hertsapenik eragin dezakeen jenderik egotea. Mahaiko lehendakariak hori ez gertatzeko neurri guztiak hartu behar ditu.
- Ezin da hauteslekuan armekin edo armen moduan erabil daitezkeen tresnekin sartu, hauteslekua babesteko eginkizuna duten ertzainak izan ezik, lehendakariak deitzen badie.
- Ezingo dira hauteskunde-propagandako ekintzak egin, ez hauteslekuan, ezta inguruetan ere.
- Hedabideek, behar bezala akreditatuta, hauteskunde-kolegioetan bozketaren garapenari buruzko hartze orokor bat egin ahal dute, baina, gertakari publikoa denez, pertsona zehatzen irudiak hartuz gero, irudi horiek bigarren mailako gisa agertu behar dira. Dena den, kargu publikoa edo entzuteko handiko lanbidea nahiz garrantzi publikoa duten pertsonak arau orokor horretatik salbuetsita daude, baldin eta irudiak ekitaldi publiko batean edo jendaurrean zabalik dauden tokietan jasotzen badira. Dena den, hautesleei elkarrizketak egiteko eskatzen bazaie hauteskunde-kolegioetatik kanpo egin behar dira.
Gertakizunak jasotzea mahaiaren saioa-aktan:
Mahaiko lehendakariak edo bokalek saioaren aktan jasoko dituzte hauteslekuaren ordenan eragina izan duten istiluak, gertaera horiek eragin dituztenen izen-abizenak adierazita.
Azken aldaketako data: