Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2024. Mahaikideak. Galderak eta erantzunak. Bozketaren mekanika hauteskunde-mahaiko kideentzat
Mahaiaren eraketa
- Noiz joan behar dute hauteskunde-mahaiko kideek hauteslekura hauteskunde-mahaia osatzeko?
- Hauteskunde-mahaietako ordezkoek ere hauteskunde-mahaia osatzera joan behar al dute?
- Zer egin behar dut baldin eta bozketa-egunean ezin badut hauteslekura joan hauteskunde-mahaiko kide izateko?
Bozketaren hasiera
- Zer material eta agiri izan behar ditu hauteskunde-mahaiak?
- Bozketa hasi al daiteke hauteskunde-mahaia eratu gabe?
- Nork sartu behar du bozketako gutun-azala kutxan: lehendakariak ala boto-emaileak?
- Zer egin eta zer jakin behar dute hauteskunde-mahaiko kideek bozketa hasi baino lehen?
- Bozketa has al daiteke hauteskunde-mahaia eratuta badago baina hautagaitzaren bateko artekariak eta ahaldunak falta badira?
- Has daiteke bozketa 9:00etan, baldin eta hauteskunde-mahaiko kideren batek ikusten badu kutxa hautsita dagoela, hautagaitzaren bateko boto-txartelak falta direla, edo nahikoa txartel zein gutun-azal ez daudela edo hauteskunde-mahaiak bete beharreko agiri eta inprimakiak falta direla?
Bozketa etetea
- Zer arrazoi direla medio eten daiteke bozketa, hura hasi ondoren?
- Nork eten dezake bozketa?
- Hauteskunde-mahaiak bozketa etetea erabakitzen badu, zer egin behar da?
- Bozketa eten behar al da hautesle batek kutxa batean gutun-azal bat baino gehiago sartzen baditu?
- Zer gertatzen da bozketak dirauen bitartean hauteskunde-mahaiko hiru kideetatik bat behin betiko joaten bada? Bozketa eten al daiteke?
- Zer gertatzen da hauteskunde-mahai batean hutsegitez hauteskunde-mahai horretan erroldatuta ez dagoen herritarren batek botoa ematen badu?
- Zer gertatzen da bozketak dirauen bitartean hauteskunde-mahaiko hiru kideetatik bi behin betiko joaten badira?
Bozketa bertan behera uztea
- Zer dela eta utz daiteke bozketa bertan behera, edo ez hasi?
- Bozketa bertan behera utziz gero, berriro egiten al da? Noiz?
- Zer gertatzen da bozketa eten arte kutxan sartu diren botoekin?
- Zer izapide egin behar ditu hauteskunde-mahaiko lehendakariak bozketa bertan behera uztea erabakiz gero?
Hauteskunde-mahaiaren zenbaketa-eragiketak
- Zer egin behar dute hauteskunde-mahaiko kideek 20:00etatik aurrera, eta botoak zenbatzen hasi aurretik?
- Posta bidezko botoak kutxan sartu aurretik, zer egin behar du hauteskunde-mahaiak? Noiz sartu behar dira posta bidezko botoak kutxan?
- Nola eta nork egin diezaioke aurka hauteskunde-mahaira iritsitako posta bidezko boto bati? Zer egin behar du hauteskunde-mahaiak inork posta bidezko botoaren aurka egiten badu?
- Nola zenbatzen dira hauteskunde-mahaiak hala erabakita kutxan sartzen ez diren posta bidezko botoak?
- Hauteskunde-mahaiaren zenbaketa publikoa al da? Nor izan daiteke horren lekuko?
- Hauteskunde-mahaiaren zenbaketa eten daiteke?
- Nola ebazten dira zenbaketako unean artekariek eta ahaldunek hauteskunde-mahaiaren ekintzen aurka egiten dituzten protesta eta erreklamazioak?
- Zer boto da baliogabea?
- Zer boto da zuria?
- Boto zuria gehiengoak hautatutako alderdiari eransten al zaizkio hauteskundeetan?
- Zer oihartzun du boto zuriak?
- Nola zenbatzen da “zuria” idazkuna duen paper bati dagokion botoa?
- Nola zenbatzen da barruan orri zuri bat daraman gutun-azalari dagokion botoa?
- Zer gertatzen da hauteskunde-mahaiak botoen zenbaketa bukatu ondoren ikusten bada kutxan sartutako botoen gutun-azalen guztizko kopuruak ez duela bat egiten hauteskunde-mahaiko zerrenda zenbakituan agertzen den boto-emaileen kopuruarekin? Zer egin behar da?
- Zer egiten da baliogabetzat jotako boto-txartelekin edo artekari edo ahaldunek aurka egindako edo erreklamatutakoekin?
- Zer egiten da zenbaketa bukatzean boto-txartelekin eta irekitako botoen gutun-azal guztiekin?
- Nola zenbatzen da hautagaitza bateko kideren baten izenaren ondoan zeinu, gurutze edo bestelako markaren bat idatzita duen boto-txartel bat?
- Zein da boto-emaileen guztizko kopurua?
- Zein da boto baliodunen guztizko kopurua?
- Hauteskunde-mahaiaren erabakiz kutxan sartu ez diren bozketako gutun-azalak, artekari edo ahaldunen batek aurka egin izanaren ondorioz, baliozko bototzat hartzen al dira?
- Nola zenbatzen da Arabako hautagaitza baten aldeko boto-txartela Bizkaiko barrutiko hauteskunde-mahai batean?
Bozketa bukatzeko eragiketak
- Nori eman behar zaizkio agirien gutun-azalak?
- Nork eraman behar ditu agirien gutun-azalak epaitegira eta nork babestu behar du pertsona hori?
- Zer egin behar du hauteskunde-mahaiak botoa emateko aurkeztu dizkioten errolda-ziurtagiriekin?
Bozketaren mekanika hauteskunde-mahaiko kideentzat
Mahaiaren eraketa
Noiz joan behar dute hauteskunde-mahaiko kideek hauteslekura hauteskunde-mahaia osatzeko?
Hauteskunde-eguneko goizeko 8:00etan (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 97. artikulua)..
Hauteskunde-mahaietako ordezkoek ere hauteskunde-mahaia osatzera joan behar al dute?
Hauteskunde-mahaia osatzeko deitutako pertsona guztiek joan behar dute hauteslekura goizeko 8:00etan, lehendakari zein mahaikide titularrek nahiz ordezkoek (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 97.1 artikulua).
Zer egin behar dut baldin eta bozketa-egunean ezin badut hauteslekura joan hauteskunde-mahaiko kide izateko?
Goizeko 08:00etan joan ezin baduzu, justifikatutako arrazoi bat dela medio, ahal bezain laster jakinarazi behar diozu dagokion eskualdeko hauteskunde-batzordeari (ikus eskualdeko hauteskunde-batzordeetako helbide eta telefonoak webgune honetako helbide interesgarrien atalean). Justifikatutako arrazoirik ez badago, hauteskunde-mahaira ez joatea 3 hilabete eta 1 urte arteko kartzelarekin edo 6 eta 24 hilabete arteko isunarekin zigortuko da.
Bozketaren hasiera
Zer material eta agiri izan behar ditu hauteskunde-mahaiak?
- Kutxa bat.
- Kabina bat, hormara atxikia, hautesleak isolatu ahal izateko.
- Hautagaitza bakoitzeko gutun-azal eta boto-txartelen kopuru askia, kabinetan.
Hauteslekuan elementu horietakoren bat faltako balitz hauteskunde-mahaia eratzeko orduan edo geroago, edozein unetan, hauteskunde-mahaiko lehendakariak berehala eman beharko du horren berri (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 99. artikulua).
Bozketa hasi al daiteke hauteskunde-mahaia eratu gabe?
Ez. Hauteskunde-mahaiak eratuta egon behar du, eta hiru pertsonek osatu behar dute: lehendakariak eta bi mahaikidek (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 103. artikulua).
Nork sartu behar du bozketako gutun-azala kutxan: lehendakariak ala boto-emaileak?
Boto-emaileak bozketako gutun-azala hautetsontzian sartuko du, mahaiak bere nortasuna erroldan egiaztatu ondoren (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeen Legearen 107.1 artikulua).
Zer egin eta zer jakin behar dute hauteskunde-mahaiko kideek bozketa hasi baino lehen?
Hauteskunde-mahaia legalki eratu, Eraketa Akta behar bezala bete eta kutxaren zein kabinaren egoera eta boto-txartel zein gutun-azalen kopurua zuzenak direla egiaztatu behar dute, bai eta hauteskunde-mahaiko hauteskunde-dokumentazio guztia badagoela ere (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 99. eta 100. artikuluak).
Bozketa has al daiteke hauteskunde-mahaia eratuta badago baina hautagaitzaren bateko artekariak eta ahaldunak falta badira?
Bai, artekariak eta ahaldunak ez dira hauteskunde-mahaiko kideak eta, hortaz, ez dute boto-eskubiderik hauteskunde-mahaiko erabakiei dagokienez. Hauteskunde-mahaian bozketari buruzko beren iritzia eman, erreklamazioren bat egin edo protestak azal ditzakete soilik, beren hautagaitzen interesen ordezkari gisa, bai eta hauteskunde-prozesua ongi joan dadin zaindu ere (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 93.1 eta 94.4 artikuluak).
Has daiteke bozketa 9:00etan, baldin eta hauteskunde-mahaiko kideren batek ikusten badu kutxa hautsita dagoela, hautagaitzaren bateko boto-txartelak falta direla, edo nahikoa txartel zein gutun-azal ez daudela edo hauteskunde-mahaiak bete beharreko agiri eta inprimakiak falta direla?
Ez, eta egoera horiek guztiak berehala jakinarazi behar zaizkio hauteslekuan dagoen Administrazioko ordezkariari edo, halakorik ez balego, udaleko edo eskualdeko hauteskunde-batzordeko ordezkariari, ahal bezain laster konpondu eta bozketa has dadin.
OHARRA: Oro har, Administrazioko ordezkariek prestatzen dituzte hauteskunde-mahaietako material guztiak udaletako hauteslekuetan, bozketa hasi baino 24 ordu lehenago.
Hala eta guztiz ere, baliteke hauteskunde-mahaian elementuren bat falta izatea. Hutsune horiek hauteskunde-mahaiko kideek hautematen eta udaletako ordezkariek konpontzen dituzte bozketa-eguneko goizeko 8:00ak eta 9:00ak bitartean, hau da, bozketa hasi aurretik.
Bozketa etetea
Zer arrazoi direla medio eten daiteke bozketa, hura hasi ondoren?
Honako egoera hauetan
- Hautagaitzaren bateko boto-txartelak falta badira, baldin eta unean bertan hautagaitza horretako artekari edo ahaldunek hornitu ezin badituzte (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 101.3 artikulua).
- Salbuespenezko beste arrazoi batzuk:
- bonba-mehatxu baten ondorioz hauteslekua hustu behar izatea,
- kutxa haustea,
- bozkatzeko gutun-azalak falta izatea,
- hauteskunde-mahaiko kide bat baino gehiago falta izatea.
Mahaiko lehendakariak soilik, aipatutako egoeretan (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 101.3 artikulua).
Hauteskunde-mahaiak bozketa etetea erabakitzen badu, zer egin behar da?
- Lehenik: bozketa etenarazi duen arrazoia ahal bezain laster konpontzea, horren berri Administrazioak hauteslekuan duen ordezkariari, udalari edo dagokion eskualdeko hauteskunde-batzordeari jakinarazita (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 101.3 artikulua).
- Bigarrenik: bozketa etenarazi duen arrazoia konpondu ondoren, hauteskunde-mahaiko lehendakariak bozketa berriro hastea aginduko du.
- Hirugarrenik: etenaldiak ordubete baino gehiago iraun badu, hauteskunde-mahaiko lehendakariak erabakiko du, beste bi mahaikideen iritzia aintzat hartuta, bozketa zenbat denboraz luzatu behar den.
Bozketa eten behar al da hautesle batek kutxa batean gutun-azal bat baino gehiago sartzen baditu?
Halakorik gertatuko balitz ezin da bozketa eten, boto bikoitzaren arazoa ezin baita konpondu. Kasu horretan, hauteskunde-mahaiak gertaera horren berri jaso beharko du Bilkura-aktan eta egoera sorrarazi duen pertsonaren datuak idatziko ditu, erantzukizunak eratortzen badira datuok baliatzeko (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 120.1 k) artikulua).
Zer gertatzen da bozketaren jardunean boto-emaile batek boto-txartel bat edo beste edozein paper edo agiri (NANa, adibidez) kutxan sartzen badu?
Ez da bozketa eteten. Hauteskunde-mahaiak zenbaketa hasten duenean hutsegitez sartutako boto-txartela boto baliogabe gisa zenbatuko du, eta, NAN bat balitz, boto-emaileari itzuliko dio (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 115.a) artikulua).
Zer gertatzen da bozketak dirauen bitartean hauteskunde-mahaiko hiru kideetatik bat behin betiko joaten bada? Bozketa eten al daiteke?
Ez. Bozketa ez da eteten, hauteskunde-mahaiak bere jardunarekin jarrai baitezake beste bi kideak bertan badaude. Hala eta guztiz ere, hauteskunde-mahaiak izandako hutsunearen eta horren arrazoiaren berri jaso beharko du Bilkura-aktan, erantzunak eskatu behar badira ere (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 101.2 artikulua).
Hauteskunde-batzorde Zentralaren 2011-12-01ko akordioaren arabera, kutxako boto guztiak zenbatu beharko dira, eta Bilkura-aktan jaso beharko du hauteskunde-mahaiak gertatutakoaren berri.
Zer gertatzen da bozketak dirauen bitartean hauteskunde-mahaiko hiru kideetatik bi behin betiko joaten badira?
Salbuespenezko egoera horretan bozketak ezin du aurrera egin eta eten egin behar da, hauteskunde-mahaiak ezin baitu kide bakarrarekin funtzionatu. Dagokion eskualdeko hauteskunde-batzordeari edo udaleko idazkariari egoeraren berri eman eta bi hutsune horiek bete ondoren berrabiaraziko da bozketa (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 98.3 artikulua).
Bozketa bertan behera uztea
Zer dela eta utz daiteke bozketa bertan behera, edo ez hasi?
Soilik ezinbestez utzi ahalko da bozketa bertan behera edo hasi gabe (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 102.1 artikulua). Adibidez:
- Hauteskunde-mahaia hartzen duen lokala edo hauteskunde-kolegioa suntsitzen edo larriki hondatzen bada.
- Bozketaren eguneko goizeko 11:00etan, hau da, hasiera-ordua baino bi ordu beranduago, hauteskunde-mahaiko hiru kideak bertan ez daudelako hauteskunde-mahaia materialki eratu ezin bada.
- Hautetsontzia hausten bada eta horren edukia galdu edo suntsitzen bada.
Bozketa bertan behera utziz gero, berriro egiten al da? Noiz?
Bai. Bozketa errepikatu egin beharko da. Lurralde historikoko hauteskunde-batzordeak beste bozketa-deialdi bat egingo du jatorrizkotik bi egun beranduagorako, eta beharrezko neurriak hartuko dira antzeko gertaerarik errepika ez dadin (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 102.3 artikulua).
Zer gertatzen da bozketa eten arte kutxan sartu diren botoekin?
Boto horiek suntsitu egingo dira (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 102.2 artikulua).
Zer izapide egin behar ditu hauteskunde-mahaiko lehendakariak bozketa bertan behera uztea erabakiz gero?
Bozketa bertan behera uztea hauteskunde-mahaiak erabaki behar du, lehendakariak sinatutako idatzi batean arrazoiak azalduz. Idatzi horren kopia bat lurralde historikoko hauteskunde-batzordera igorriko da berehala, bozketa bertan behera uzteko emandako arrazoiak egiazta ditzan eta, hala badagokio, bozketa bertan behera uzteko hartutako akordiotik erator litezkeen erantzukizunak eskatzeko (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 102.1 artikulua).
Hauteskunde-mahaiaren zenbaketa-eragiketak
Zer egin behar dute hauteskunde-mahaiko kideek 20:00etatik aurrera, eta botoak zenbatzen hasi aurretik?
Hiru dira egin beharreko eragiketak
- 20:00ak artean hauteskunde-mahaira iritsi diren posta bidezko botoak kutxan sartzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 112.2 artikulua).
- Artekariek botoa eman dezakete, baldin eta beren jarduna betetzen duten mahaiari dagokion barrutiko hautesleak badira, bai eta lehendakariak eta mahaikideek ere, hala nahi badute (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legearen 112.3 artikulua).
- Hauteskunde-mahaiko kideek eta artekariek boto-emaileen zerrenda zenbakituen orri guztiak sinatu behar dituzte (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 112.4 artikulua).
Posta bidezko botoak kutxan sartu aurretik, zer egin behar du hauteskunde-mahaiak? Noiz sartu behar dira posta bidezko botoak kutxan?
Hauteskunde-mahaiak honako hauek bereizi beharko ditu:
- Posta bidezko botoak Espainian bizi diren pertsonenak badira, hauteskunde-mahaira igorritako gutun-azalak aztertu eta zabaldu beharko dituzte posta bidezko botoa kutxan sartu behar den ala ez erabakitzeko.
Posta bidezko botoa ez da kutxan sartu behar honako egoera hauetan (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 113. artikulua):
- Hauteskunde-mahaira arratsaldeko 20:00ak baino beranduago iritsi badira.
- Posta ziurtatuaren zigilua ez badute.
- Gutun-azalaren barruan ez badago hauteslea erroldan izena emanda dagoela jasotzen duen ziurtagiria, Hautesle Erroldaren Bulegoko Ordezkaritza Probintzialak emana.
- Postaz botoa eman duen pertsona hauteskunde-mahaiko erroldan agertzen ez bada.
- Postaz botoa eman duen pertsona hauteskunde-mahaiko erroldan “PB” gisa agertzen ez bada.
- Aldi baterako atzerrian bizi diren pertsonen posta bidezko botoa iristen bada, hauteskunde-mahaiak egiaztatu behar du, boto hori baliozkotzat jotzeko, hauteskunde-mahaira igorritako gutun-azalean argi ikus daitekeela atzerriko herrialdeko zigilu-marka edo bestelako idazkunen bat, botoa bozketa-eguna baino hiru egun lehenago bidali dela egiaztatzen duena.
Nola eta nork egin diezaioke aurka hauteskunde-mahaira iritsitako posta bidezko boto bati? Zer egin behar du hauteskunde-mahaiak inork posta bidezko botoaren aurka egiten badu?
- Posta bidezko botoen aurka egiteko botoz boto egin behar da, hau da, ezin da posta bidezko boto guztien aurka egin. Hauteskunde-mahaiak erabaki beharko du, gehiengoz, aurka egitea onartzen duen.
- Aurka egitea onartzen ez bada, lehendakariak kutxan sartuko du posta bidezko botoa eta Bilkura-akta Orokorrean jaso beharko da hauteskunde-mahaiaren akordioaren berri zein aurka egitearen arrazoiaren berri.
- Hauteskunde-mahaiak aurka egitea onartzen badu, lehendakariak ez du posta bidezko botoa kutxan sartuko eta aurka egindako posta bidezko boto hori lurralde historikoko hauteskunde-batzordera igorriko dute, gainerako hauteskunde-agiri guztiekin batera.
Nola zenbatzen dira hauteskunde-mahaiak hala erabakita kutxan sartzen ez diren posta bidezko botoak?
Hautagaitzetako artekari edo ahaldunen batek badio aurka egiten posta bidezko boto bat ez onartzeko hauteskunde-mahaiaren erabakiari, boto hori ez da kutxan sartuko eta suntsitu egin beharko da; horren ondorioz, boto-emailea ez da zenbatuko, eta botoa ez da ez baliozkotzat, ez baliogabetzat eta ez zuritzat joko.
Aitzitik, artekari edo ahaldunen batek aurka egiten badioposta bidezko botoa ez onartzeko hauteskunde-mahaiaren erabakiari, orduan:
- Hauteskunde-mahaiak aurka egite hori onartzen badu, botoaren gutun-azala kutxan sartuko da, eta posta bidezko botoarekin batera igorritako agiriak Bilkura-aktari erantsiko zaizkio. Boto hori baliozko, baliogabe edo zuri gisa zenbatu beharko da, dagokion moduan.
- Hauteskunde-mahaiak ez badu onartzen aurka egite hori, botoaren gutun-azala ez da kutxan sartuko eta 1. gutun-azalari erantsiko zaio, Bilkura-aktarekin batera. Horrela, kutxan sartu ez den botoaren gutun-azala ez da boto gisa zenbatuko.
Hauteskunde-mahaiaren zenbaketa publikoa al da? Nor izan daiteke horren lekuko?
Bai, publikoa da. Hala, bada, nahi duten pertsona guztiak izan daitezke zenbaketaren lekuko, baldin eta hauteskunde-mahaiko lehendakaritzak uste badu horiek guztiak zenbaketa egiten den tokian sartzen direla.
OHARRA: Lehendakariak uste badu gertaera horrek ordenari kalte egingo diola eta, horren ondorioz, zenbaketa behar bezala ezingo dela egin, lokal hori jendez hustea agindu ahalko du. Horrelakoetan, zenbaketan gelditu ahalko dira, hauteskunde-mahaiko kideez gainera, hautagaitzetako lurralde-ordezkariak, artekari eta ahaldunak, notarioak, hauteskunde-mahaiak erabakitzen dituen agintaritzaren agenteak, hauteskunde-batzordeko kideak eta instrukzio-epaileak edo horien ordezkariak (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 117.2 artikulua).
Hauteskunde-mahaiaren zenbaketa eten daiteke?
Ez (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 118.2 artikulua).
Nola ebazten dira zenbaketako unean artekariek eta ahaldunek hauteskunde-mahaiaren ekintzen aurka egiten dituzten protesta eta erreklamazioak?
Hauteskunde-mahaiko hiru kideen botoen gehiengoz. Hauteskunde-mahaiko kide bi baleude soilik eta berdinketa gertatuko balitz, lehendakariaren kalitate-botoak erabakiko du auzia (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 118.5 artikulua).
Ez dute balio honako boto hauek (ELHLren 115. artikulua):
- Ofiziala ez den gutun-azalean edo boto-paperean emandako botoa.
- Gutun-azalik gabe boto-paperean edo hautagai-zerrenda desberdinetako boto-txartel bat baino gehiago dituen gutun-azalean emandako botoa. Hautagai beraren boto-paper bat baino gehiago duen gutun-azalen bat badago, HAUTAGAI HORRENTZAKO BOTO BALIODUN BAKARRA zenbatuko da.
- Hautagaien izenak aldatuta, gehituta edo ezabatuta edo haien kokapen-ordena aldatuta duen boto-paperean emandako botoa.
- Irainak edo botoaz besteko edozein hitz daramatzan boto-paperean edo gutun-azalean emandako botoa.
- Nahita edo berariaz eginiko edozein aldaketa duen boto-paperean emandako botoa.
- Mahaiari ez dagokion hauteskunde-barruti bateko boto-paperean emandako botoa.
- Gutun-azalek kanpoaldean ezaupideak daramatzatenean.
Boto zuri, baina baliodun gisa zenbatuko dira boto-txartelik ez duten gutun-azalei dagozkienak, edo legez hauteskunde-barrutitik kendutako hautagaitza baten boto-txartela dutenak (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 116 artikulua).
Boto zuria gehiengoak hautatutako alderdiari eransten al zaizkio hauteskundeetan?
Ez. Hautagaitzetako boto baliodunen guztizkoari eransten zaizkio, horien %3 aplikatu eta, horrela, aulkia zer hautagaitzek lortzen duten jakiteko (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 11.1 artikulua, urriaren 4ko Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legea aldatzeko 6/2000 Legeak emandako idazkeran).
Bat ere ez. Boto zuri asko badaude bakarrik eragiten dio hautagaitzek aulkia lortzeko boto baliodunen % 3 horri.
Nola zenbatzen da “zuria” idazkuna duen paper bati dagokion botoa?
Baliogabea da, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 115. eta 116. artikuluen arabera.
Nola zenbatzen da barruan orri zuri bat daraman gutun-azalari dagokion botoa?
Baliogabea da, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 115. eta 116. artikuluen arabera.
Zer gertatzen da hauteskunde-mahaiak botoen zenbaketa bukatu ondoren ikusten bada kutxan sartutako botoen gutun-azalen guztizko kopuruak ez duela bat egiten hauteskunde-mahaiko zerrenda zenbakituan agertzen den boto-emaileen kopuruarekin? Zer egin behar da?
Horren berri eman behar da Hauteskunde-mahaiko Bilkura-aktan (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 120.1 j) artikulua).
Zer egiten da baliogabetzat jotako boto-txartelekin edo artekari edo ahaldunek aurka egindako edo erreklamatutakoekin?
Ez dira suntsitu behar, Bilkura-aktari erantsi beharko baitzaizkio, agirien 1. gutun-azalean. Gainera, hauteskunde-mahaiko kideek boto-txartel horiek sinatu beharko dituzte (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 120.3 artikulua).
Zer egiten da zenbaketa bukatzean boto-txartelekin eta irekitako botoen gutun-azal guztiekin?
Suntsitu egiten dira, edozein modutara (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 120.3 artikulua)
Nola zenbatzen da hautagaitza bateko kideren baten izenaren ondoan zeinu, gurutze edo bestelako markaren bat idatzita duen boto-txartel bat?
Botoa baliozkoa izango da, eta ez baliogabea (Hauteskunde-batzorde Zentralaren martxoaren 15ko 1/2012 Instrukzioaren arabera), baldin eta marka horiek ez badute boto-txartelaren konfigurazioa aldatzeko edo hautagaitzako kideren baten aurkako adierazpentzat jotzeko adinako transzendentziarik.
Zein da boto-emaileen guztizko kopurua?
Boto-emaileen guztizko kopurua da: boto baliogabeen guztizko kopurua gehi boto zurien guztizko kopurua gehi hautagaitzei emandako botoen guztizko kopurua.
Zein da boto baliodunen guztizko kopurua?
Boto baliodunen guztizko kopurua = hautagaitzen botoen guztizko kop. + boto zurien guztizko kop.
Hauteskunde-mahaiaren erabakiz kutxan sartu ez diren bozketako gutun-azalak, artekari edo ahaldunen batek aurka egin izanaren ondorioz, baliozko bototzat hartzen al dira?
Ez dira inoiz ere ez baliozkotzat, ez baliogabetzat eta ez zuritzat zenbatuko, ez eta boto-emaile gisa ere, eta hauteskunde-mahaiak suntsitu egin behar ditu. Hala eta guztiz ere, aurka egitearen edo erreklamazioaren xede izandako gutun-azalak Hauteskunde-mahaiko Bilkura-aktari erantsi beharko zaizkio.
Nola zenbatzen da Arabako hautagaitza baten aldeko boto-txartela Bizkaiko barrutiko hauteskunde-mahai batean?
Hau da boto baliogabea, ELHLren 115.d) artikuluaren arabera.
Bozketa bukatzeko eragiketak
Nori eman behar zaizkio agirien gutun-azalak?
Herri bakoitzeko lehen auzialdiko epaileari edo bake-epaileari eman behar zaizkio lau gutun-azalak (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 122.1 artikulua).
Nork eraman behar ditu agirien gutun-azalak epaitegira eta nork babestu behar du pertsona hori?
Hauteskunde-mahaiko lehendakariak eta bi mahaikideek, nahitaez, eta hautagaitzetako artekari eta ahaldunek, nahi badute. Babesa Ertzaintzak emango du, hala eskatzen badiote (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 122.1 artikulua).
Zer egin behar du hauteskunde-mahaiak botoa emateko aurkeztu dizkioten errolda-ziurtagiriekin?
Hauteskunde-mahaira eramandako errolda-ziurtagiri berezi guztiak, hauteskunde-mahaiko erroldan alta ematekoak badira edo erroldako akatsak zuzentzekoak badira, Hauteskunde-mahaiko Bilkura-aktari erantsi beharko zaizkio, Akta horretan guztizko kopurua aipatuta soilik (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 120.1 l) eta 120.1 m) artikuluak).