Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2020. Mahaikideak. Irisgarritasuna.
- A) Hauteskunde-mahaietako kide izendatutako pertsona gorrak
- B) Desgaitasunen bat duten pertsonen inguruko gomendio orokorrak hauteskunde-mahaietako kideentzat, bozketa-egunerako
A) Hauteskunde-mahaietako kide izendatutako pertsona gorrak.
- Hauteskunde-mahaietako kide (titular zein ordezko) izendatutako pertsona gorrentzat edo entzuteko desgaitasunen bat dutenentzat, zeinu-hizkuntza interpretatzeko doako zerbitzua (zeinu-hizkuntza erabiltzen badute).
- a) Pertsona gorrek edo entzuteko desgaitasunen bat dutenek, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legearen 44.1 artikuluan ezarritako baldintzen arabera eta behar den garaian eta moduan eskatzen badute, hauteskunde-mahaietako kide-kargua ez onartzeko eskubidea daukate. Dena den, eskubide horri kalterik eragin gabe, Eusko Jaurlaritzak hauteskunde-mahaiko kide izendatutako pertsona gorrei edo desgaitasunen bat dutenei (zeinu-hizkuntza erabiltzen dutenak) hauxe emango die: Zeinu-hizkuntza interpretatzeko doako zerbitzua, baldin eta pertsona gor edo desgaitasunen bat daukaten horiek gaztelaniazko zeinu-hizkuntza erabiltzen badute edo, bestela, euskarazko zeinu-hizkuntza eta hauteskunde-mahaiko kide izendatuak izan badira.
- b) Prozedura:
- Pertsona horiek eskualdeko hauteskunde-batzordeari (ikusi helbideak eta telefonoak ‘Helbide baliagarriak’ atalean) zeinu-hizkuntza interpretatzeko doako zerbitzua eskatu ahal diote, idatziz eta Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legearen 44.1 artikuluak ezartzen duen zazpi eguneko epean jakinarazten denetik.
- Eskualdeko hauteskunde-batzordeak zeinu-hizkuntza interpretatzeko doako zerbitzua eman behar den ala ez erabakiko du eta, baiezko erabakia den kasuetan, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailari kasu horien berri emango dio.
Segurtasun Sailak (berari baitagokio Eusko Jaurlaritzako hauteskunde-prozesuaren kudeaketa eta garapena koordinatzea) Euskal Gorrak elkartearekin harremanetan jarriko da, elkarte horrek Osasun Sailarekin batera, bozketa-egunean zeinu-hizkuntza interpretatzeko zerbitzua emango duten interprete ofizialak hauta ditzan.
B) Desgaitasunen bat duten pertsonen inguruko gomendio orokorrak hauteskunde-mahaietako kideentzat, bozketa-egunerako.
1. Desgaitasun motaren bat duten pertsonen bozketa Mahaian
“Hauteskunde-mahaiek Mahai horri dagokion hautesle-erroldan jasota dagoen edozein pertsonaren botoa jaso behar dute. Desgaitasunen bat dutenek laguntzen dituen pertsona batez edo hauteskunde-eskutitzak Mahaikideei emateko bide materialaz balia dezakete.
Mahaiari esleituta dagoen Mahaikide edo artekari edo ahaldun batek uste badu botoa ez dela kontziente, aske eta borondatezkoa izan, bilkura-aktan jaso ahal izango du, baina ez du botoa hautetsontzian sartzea eragotziko. Jasota-geratzeko adierazpen honetan aktak hauteslea identifikatuko du Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakiaz bakarrik edo, hala behar denean, aurkezten duen nortasun-agiriaz. ” (Hauteskunde-batzorde zentrala 7/2019 Jarraibidea).
2. Naturaltasunez eta errespetuz jardun.
Desgaitasunen bat daukaten pertsonak autonomoak eta independenteak dira eta horrela tratatu behar zaie.
Ezin da besterik gabe pentsatu pertsona batek desgaitasun bat baldin badauka, ezinbestean laguntza behar duela. Ingurua irisgarria bada, desgaitasunen bat daukaten pertsonak zailtasunik gabe konpondu ohi dira.
Sen onari kasu egin eta berdintasunaren eta diskriminazio ezaren printzipioen arabera jokatu.
3. Laguntza eman aurretik galdetu.
Desgaitasunen bat daukan hautesleak laguntza behar duela irudituz gero, galde iezaiozu laguntza behar duen, bestela ez. Eta pertsonak horrek baietz erantzuten badu, ezer egin aurretik, galde iezaiozu zehatz-mehatz zer egin behar duzun berari laguntzeko.
Galde iezaiozu zuzenean desgaitasuna daukan pertsonari eta ez horren laguntzaileari (adib: konfiantzazko pertsona, zeinu-hizkuntzen interpretea, etab).
4. Sen ona erabili.
Adibidez, pentsa ezazu aulki gurpildun batean dagoen pertsona eserita dagoen pertsona bat dela eta horrela dagoen pertsona baten aurrean ohikoa izaten dela makurtzea altuera berean egoteko edo horren pareko aulki batean esertzea.
Desgaitasunen bat daukan pertsona batek planteatzen duen kasuren baten aurrean nola jokatu ez badakizu, jar zaitez harremanetan hauteslekuan dagoen Euskal Administrazioaren ordezkariarekin edo eskualdeko hauteskunde-batzordearekin.
Bozkatzeko ilara sortzen bada, desgaitasunen bat daukaten hautesleei bozkatzeko lehentasuna ematea gomendatzen da.
Desgaitasunen bat daukaten pertsonen gida-txakurrak eta laguntza-txakurrak onartu behar dira beti, ezin izango dira behar dituen pertsonarengandik aparte jarri eta ez zaie molestatuko, ezta distraituko ere.
5. Kontaktu fisikoarekin kontuz ibili.
Desgaitasunen bat daukaten pertsona batzuek oreka mantendu ahal izateko besoak behar dituzte. Pertsona horiei besotik helduz gero, laguntza emateko asmoz izan arren, gerta daiteke oreka galaraztea edo beldurtzea, kontaktu hori espero ez zutelako.
Ez ukitu gurpildun aulkiak edo makila: desgaitasunen bat daukaten pertsonek elementu horiek beren espazio pertsonalekotzat jotzen dituzte
6. Hauteslekura sartzea eta hauteskunde-mahaira arteko ibilbidea: laguntza eta informazioa.
Desgaitasunen bat daukaten hautesleek eskatuta, eta eskatzen dutenean bakarrik, hauteslekurako sarreran, Euskal Administrazioaren ordezkariak edo Ertzaintzako kideek dagokien hauteskunde-mahaira arteko ibilbidean zehar lagundu ahal diete baina, desgaitasunen bat daukan pertsonak eskatzen ez badu, ez bultzatu aulki gurpilduna eta ukitu ere ez.
Pertsonak ikusteko desgaitasunen bat badauka, gure besoari heltzea eskaini ahal zaio. Horrelakoetan, gure pausua ikusteko desgaitasuna daukan pertsonaren pausura egokitu behar dugu, betiere ibiltzen ari garen inguruneko ezaugarriak kontuan hartuta, pertsona hori eroso ibil dadin.
Desgaitasunen bat daukaten pertsonek hauteslekura sartzeari zein horren barruan mugitzeari buruz egin ditzaketen informazio- eta orientazio-eskaerei erantzuteko, kontuan hartu behar dira hurrengo atalean zehazten diren jarraibideak.
7. Komunikazioa errazteko jarraibideak: Argi hitz egin.
Entzuteko desgaitasunen bat daukaten edo gorrak diren pertsonekin komunikatzeko aholkuak: aurrez aurre hitz egin, ez mugitu burua; bizkarra ematen, makurtuta edo idazten zaudela saiatu ez hitz egiten; ez egin oihu; normal ahoskatu, hau da, edozein elkarrizketatan erabiltzen duzun ohiko erritmoarekin hitz egin iezaiezu, ahoan ezer eduki gabe, zure aurpegia ondo ikus dezaten oztopatu gabe eta, beharrezkoa izanez gero, lagungarri gisa zerbait idatz dezakezu edo keinu naturalak erabili ditzakezu edo pertsona horren arreta erakartzeko besoan ukitu arin bat egin diezaiokezu; lekuak ondo argiztatuta egon behar du eta entzuteko desgaitasunen bat daukan edo gorra den pertsonak ez du eguzkiaren aurrean egon behar, argi kontra egoteak ez baitu aurpegia ondo ikusten laguntzen.
Komunikatzeko ez erabili hitz solteak, gaizkiulertuak sorraraz ditzakete eta. Gorrek esaldi baten edukia bere osotasunean behar dute testuingurua ulertu ahal izateko.
Ikusteko desgaitasunen bat duten pertsonekiko hartu-emanetan, adierazpen generikoak ekidin, esaterako “hemen”, “hor”, “hau” … Horrelakoetan hobe da orientazioarekin erlazionatutako adierazpenak erabiltzea, esaterako: “zure ezkerretara”, “zure atzean”. Gauza bati buruzko informazioa emateko, ikusteko desgaitasunen bat daukan pertsonaren eskua informazioa ematen gabiltzan gauzara eraman dezakegu eta zer den esan, betiere, aldez aurretik hori egingo dugula abisatuta.
Ikusteko desgaitasunen bat daukan pertsona batekin hitz egiten bagabiltza, eta handik mugitu behar bagara, pertsonari abisatu behar diogu, bestela, bere ondoan gaudela pentsatuta, gurekin hitz egiten jarrai baitezake. Era berean, itzultzen garenean ere komeni da pertsona horri jakinaraztea.
Desgaitasunen bat daukan pertsonak komunikatu nahi diozuna ulertu duela egiaztatu ezazu.
Azken aldaketako data: