Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2020. Mahaikideak. Gida.
- Mahaiko kideak bideoa
- Izendapena eta mahaian ez egoteko desenkusa-motak
- Dietak eta Gizarte Segurantzaren estaldura
- Lan-eskubideak (lanaldi-murrizketa)
- Mahaiko kideen betebeharrak
- Eginkizun nagusiak
- Mahaikideen eskuliburuaren laburpena
Izendapena eta mahaian ez egoteko desenkusa-motak:
Udal bakoitzeko udalbatzan, hauteskunde-mahaikideetarako zozketa publikoa egingo da, datozen 2020ko hauteskundeetarako. Zozketan (ekainaren 13tik 17ra), udaleko hautesle-erroldan inskribatutako hautesle guztiak sartuko dira. Ondoren, udalak izendapena jakinaraziko die interesdunei (ekainaren 14tik 20ra), bai eta mahai bakoitzerako ordezkoei ere. Jakinarazpenarekin bat, jarraibide-eskuliburu bat emango zaie.
Mahairako izendatutako pertsona titularrek edo ordezkoek mahaian ez egoteko kausak (Ikus desenkusa alegatzeko inprimakia (PDF, 319 KB) (PDF)) alegatu ditzakete (ekainaren 15etik 27ra) izendatu dituen eskualdeko hauteskunde-batzordearen aurrean. Kausa horiek agiri bidez frogatu behar dira. Onartzen diren aitzakiak ELHLren 42.3 artikuluan jasota daude eta zehaztasunez argitaratuta daudeELHLren 42.3 artikuluan , Hauteskunde Batzorde Zentralaren 2/2011 Instrukzioaren testu bateratua jasotzen duena, mahaietako kideentzat justifikatutako aitzakien zerrendari buruzkoa. Aitzakia horiek idatziz aurkeztu ahal dira eskualdeko hauteskunde-batzordera bertara joanda edo batzorde horretara fax, postaren bidez edo posta elektronikoz bidalita.
Alegatutako arrazoia onartzen ez badu, eskualdeko hauteskunde-batzordeak, interesdunari hori jakinaraztean, alegazioa ez onartzearen arrazoia azaldu beharko du, labur (ekainaren 16tik uztailaren 2ra). Erabaki horren aurka ezin da inolako administrazio-errekurtsorik jarri.
Dietak eta Gizarte Segurantzaren estaldura:
- Dietak: Mahaiko lehendakariak eta bokal bakoitzak 85 € jasoko dituzte, inolako zerga-atxikipenik gabe.
- Gizarte Segurantzaren estaldura: Mahaikideek (lehendakaria eta bokalak) Gizarte Segurantzaren sistemaren babesa izango dute, 2020ko hauteskundeetan parte hartzeagatik gerta dakizkien kontingentzia eta egoeretarako. Estaldura hori erabili behar izanez gero, Hauteskunde Zerbitzuko lurralde arduradunarekin harremanetan jarri beharko duzu, 012 telefonora deituz.
Lan-eskubideak (lanaldi-murrizketa):
Hauteskunde-mahaiko lehendakaritzaren eta bi bokaltzen titularrek, (asteko atsedena izan edo ez) beren laneguneko lehen bost orduetarako baimen ordaindua eta berreskuraezina dute, hau da, hauteskundeen biharamunean, baldin soldatakoak edo funtzionario publikoak badira. Horretarako, enpresak edo erakunde ofizialak, baimen horretarako egiaztagiritzat, mahaiko kidetzat izendatzearen jakinarazpena eskatu ahal izango die.
Baimen hau Mahaietako artekariei ere dagokie, bozketaren egunean asteko atsedena gozatu zein ez.
Mahaiko kideen betebeharrak:
Mahaiko lehendakari- eta bokal-karguak betetzea nahitaezkoa da, indarrean den Hauteskunde-araubide orokorrari buruzko Lege Organikoari jarraituz; beraz, hauteskunde-delitutzat jotzen da izendatutako pertsonak bozketa-egunean dagokien betebeharrak betetzeko mahaira ez joatea, bai eta mahaiko eginkizunak kausa legitimorik gabe egiteari utzi eta alde egitea ere. Delitu horren zigorra da hiru hilabetetik urtebetera bitarteko espetxealdia, edo sei hilabetetik hogeita lau hilabetera bitarteko isuna (HAOLO, 143. artikulua ).
Eginkizun nagusiak:
Mahaiko lehendakaria da hauteslekuko agintaritza gorena, eta berari dagokio erabakitzea zer egin behar den bozketa-egunean gertatuko edozein egoeratan.
Bestalde, hauteskunde-egunean, mahaiko lehendakariari dagokio hauteslekuaren barruan eta haren inguruan ordena publikoko arauak betearaztearen ardura, hautesleen boto-askatasuna zein legea betetzen dela bermatzeko.
Mahaiko lehendakariaren ahalmenak:
- Hauteslekuaren barruan, autoritate esklusiboa du, ordena publikoari eusteari dagokionez.
- Xede horretarako, hauteslekuen babeserako esleitutako ertzainen esku-hartzea eska dezake, eta haiek lehendakariak eskatutako laguntza emango diote.
Ordena publikoko arauak:
- Hauteslekurako sarrerak oztoporik gabe egon behar du beti, sartzeko eskubidea duten pertsonentzat.
- Ez da utzi behar sarrera oztopa dezakeen talderik osatzen hauteslekuan edo haren inguruetan.
- Hauteslekuaren inguruetan, ez da onartu behar boto-eskubidea askatasunez baliatzeko eragozpenik edo hertsapenik eragin dezakeen jenderik egotea. Mahaiko lehendakariak hori ez gertatzeko neurri guztiak hartu behar ditu.
- Ezin da hauteslekuan armekin edo armen moduan erabil daitezkeen tresnekin sartu, hauteslekua babesteko eginkizuna duten ertzainak izan ezik, lehendakariak deitzen badie.
- Ezingo dira hauteskunde-propagandako ekintzak egin, ez hauteslekuan, ezta inguruetan ere.
- Hedabideek, behar bezala akreditatuta, hauteskunde-kolegioetan bozketaren garapenari buruzko hartze orokor bat egin ahal dute, baina, gertakari publikoa denez, pertsona zehatzen irudiak hartuz gero, irudi horiek bigarren mailako gisa agertu behar dira. Dena den, kargu publikoa edo entzuteko handiko lanbidea nahiz garrantzi publikoa duten pertsonak arau orokor horretatik salbuetsita daude, baldin eta irudiak ekitaldi publiko batean edo jendaurrean zabalik dauden tokietan jasotzen badira. Dena den, hautesleei elkarrizketak egiteko eskatzen bazaie hauteskunde-kolegioetatik kanpo egin behar dira.
Gertakizunak jasotzea mahaiaren saioa-aktan:
Mahaiko lehendakariak edo bokalek saioaren aktan jasoko dituzte hauteslekuaren ordenan eragina izan duten istiluak, gertaera horiek eragin dituztenen izen-abizenak adierazita.
Hauteskunde-mahaietarako eskuliburuaren laburpena
Atal honetan bildu dugu Mahaikideei zuzendutako Gidaliburuaren alderdi garrantzitsuenen laburpena. Azpimarratzen da hauteskunde-mahai bateko titular edo ordezko izendatutako pertsonek, herritarrak diren aldetik, bozketa-egunean mahaia osatzera aurkezteko betebeharra dutela. Era berean, mahaia eratzeko hitzordura ez joateko onar daitezkeen desenkusak edo arazoak adierazi ditugu. Azkenik, betebehar hori bete ezean, hauteskunde-delitua izan daitekeela azaldu dugu.
Mahaikideei zuzendutako Gidaliburuan honako gai hauek jorratu dira, laburbilduz:- Sarrera
- Mahaikideen betebeharrak eta eskubideak
- Mahai bakoitzeko mahaiburua, bokalak eta ordezkoak biltzea, mahaia eratzeko
- Egiaztagutunak hartzea eta artekariek kargua hartzea
- Honako hauek ziurtatu behar dira: hautestontzia, kabina, boto-paperak, gutun-azalak, eta, hala badagokio, Braille sistema bidez bozkatzeko leku berezia
- Hauteskunde-mahaia eratzeko akta idaztea
Sarrera
Hauteskunde-atal bakoitzean mahai batek egon behar du, bozketako buru-lanak egiteko, bozketa ordenatzeko, botoak zenbatzeko eta Hauteskunde Legea betetzen dela zaintzeko.
Hauteskunde-mahaiko kideak:
- Mahaiburu bat.
- Bi bokal.
Mahaiburuak eta bokalek ezagutu behar dute Euskal Administrazioko ordezkaria. Ordezkari hori arduratzen da hauteskunde-kolegioko hauteskunde-materiala zaintzeaz, dietak ordaintzeaz eta hauteskunde-mahaian falta diren agiriak emateaz.
Hauteskunde-agiriren bat falta baldin bada, mahaiburuak eta bokalek egoera horren berri eman behar diote mahai horri dagokion eskualdeko hauteskunde-batzarrari, eta batzar hori arduratuko da hornitzeaz. (Ikus udaletako eta eskualdeko hauteskunde-batzordeetako telefono-zenbakien zerrenda, web honetako “Helbide interesgarriak” deituriko atalean).
Mahaikideen betebeharrak eta eskubideak
Mahaiburu, bokal eta ordezko karguak nahitaez bete behar dira. Bozketa egunean funtzioak betetzera joan ezean, hauteskunde-delitutzat hartuko da, eta espetxe-zigorra edo diru-isuna ezarriko da.
Hauteskunde-mahaietako lehendakari eta bokal bakoitzak bozketa-egunean 85 €ko diru-saria jasotzeko eskubidea dauka, atxikipen fiskalik gabekoa, eta hauteskunde-egunean ordainduko zaie.
Mahaiko kide edo ordezko batek lan-egunean istripuren bat izaten baldin badu, Gizarte Segurantzako Sistemak babestuko du, baldin eta lan-istripua Eusko Legebiltzarreko Hauteskundeetan parte hartzeagatik sortu bada.
Osasun-laguntza behar badu, Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarri beharko du. Horretarako, 012 telefono-zenbakira deitu beharko du, eta honako datu hauek eman:
- Laguntza behar duen pertsonaren izen-abizenak, NANa eta helbidea.
- Titular edo ordezko zer hauteskunde-mahaitan ari zen.
- Istripu mota eta non gertatu zen.
- Zer osasun-etxetan zaindu zuten.
Horrez gain, mahai bakoitzeko mahaiburuak eta bi bokalek eskubidea dute 85 euroko dieta jasotzeko. Dieta hori ez dago zerga-atxikipenen mende, eta Euskal Administrazioak izendatu duen ordezkariak emango du hauteskunde-egunean.
Azkenik, mahaikideen lan-eskubideei dagokienez, mahai bakoitzeko mahaiburuak eta bokalek (hauteskunde-egunean lan-atsedena izan zein ez) eskubidea dute hauteskundea egin eta hurrengo egunean lehenengo bost orduetan ordaindutako baimena ez-berreskuragarria izateko; betiere, baldin eta besteren kontura lan egiten duten langileak edo funtzionario publikoak badira. Horretarako, enpresak edo erakunde ofizialak eskatu ahal izango die hauteskunde-mahaiko kide izendatua izateko jakinarazpen-orria.
Mahai bakoitzeko mahaiburua, bokalak eta ordezkoak biltzea, mahaia eratzeko
Goizeko zortzietan, mahaiko buruak eta haren bi ordezkoek eta bi bokalek eta haien ordezkoek esleituta duten hauteskunde-lokalera edo -kolegiora joan behar dute, hauteskunde-mahaia eratzeko eta buru-lanak egiteko.
- Mahaiburua bertaratu ezean, honako hauek izango dira haren ordezkoak:
- Mahaiburuaren 1. ordezkoa
- Pertsona hori ez badago, mahaiburuaren 2. ordezkoa.
- Aurreko pertsona biak ez badaude, hurrenkera honetan izendatuko da mahaiburua:
- 1. bokal titularra.
- 2. bokal titularra.
- Bokalak lokalera bertaratu ez badira, edo mahaiburua ordeztu behar badute, haien ordezkoek egingo dute bokalen lana.
Gutxienez hiru hautesle izendatu ez badira, artekariek eta bertan dauden pertsonek goizeko zortzi eta erdiak baino lehen deitu beharko diote eskualdeko hauteskunde batzarrari. Batzarrak ordezkari bat izendatuko du, eta pertsona hori hauteskunde-atalera joango da, mahai berria eratzeko kideak bertaratu direnen artean hautatzera (ikus eskualdeko hauteskunde-batzarretako telefono-zenbakien zerrenda webgune honetako “Helbide interesgarriak” atalean).
Hori egin arren, hauteskunde-mahaia goizeko hamarretan baino lehen eratu ezin bada, eskualdeko hauteskunde-batzarrek izendatu duten ordezkariak horren berri eman beharko dio hauteskunde-batzarrari. Hauteskunde-batzarrak bozketa beste egun batean egiteko deia egingo du, hurrengo bi egunetan.
Egiaztagutunak hartzea eta artekariek kargua hartzea
Goizeko zortzietatik zortzi eta erdietara, mahaian hartuko dira hautagai-zerrendetako artekariek aurkeztuko dituzten egiaztagutunak (aldarrikatu den hautagai-zerrenda bakoitzeko gehienez ere bi artekari egon daitezke).
Egiaztagutunetan jasota dago hautagai-zerrendetako ordezkariek pertsona bat artekari izendatu dutela, hautagai-zerrenda horretarako.
Mahaiburuak hurrenkera kronologikoan zenbatu behar ditu egiaztagutunak, eta, bai mahaiburuak, bai bokalek egiaztatu behar dute egiaztagutunak bat datozen taloi-orriarekin, edo mahaian dagoen izendapenen orriarekin.
- Egiaztagutunak ezberdinak baldin badira edo taloi-orriarekin edo izendapenaren kopiarekin bat ez datozenean, mahaikideek artekariari eman ahal diote kargua hartzeko baimena (eta gertakari hori jasoko dute mahaiko bilkura-aktan).
- Taloi-orririk edo izendapenen kopiarik ez badago, mahaikideek artekariari eman ahal diote kargua hartzeko baimena (eta gertakari hori jasoko dute mahaiko bilkura-aktan), baina artekariak ezin izango du bozkatu kreditatuta dagoen mahaian, funtzio horiek egiten dituen barrutian hautesle izan arren.
- Artekariak, taloi-orria edo izendapenen kopia jaso arren, egiaztagutuna aurkezten ez badu, mahaiburuak haren nortasuna egiaztatuko du, eta mahaian parte hartzeko baimena emango dio. Artekariak eskubidea izango du mahaian bozkatzeko, baldin eta funtzio horiek egiten dituen barrutian hautesle bada.
- Artekaria goizeko zortzi eta erdiak eta gero, mahaia eratzeko akta egindakoan, heltzen bada hauteskunde-mahaira, mahaiburuak ez dio baimenik emango kargua hartzeko. Hala ere, botoa mahai horretan eman ahal izango du, betiere, baldin eta barruti horretako hautesle bada.
- Egiaztagutunak eta taloi-orria edo izendapenen kopia erantsi behar zaizkio mahaiko bilkura-aktari.
Honako hauek ziurtatu behar dira: hautestontzia, kabina, boto-paperak, gutun-azalak, eta, hala badagokio, Braille sistema bidez bozkatzeko leku berezia
Goizeko zortzi eta erdietatik bederatziak arte, honako hauek ziurtatu behar dira:
- Hautestontzia: Zigilatuta egon behar du, mahaiko kideek ohartu gabe inork ez irekitzeko. Zigilua hondatu edo kaltetzen bada, mahaiburuak hautestontzia itxi behar du, eskura duen edozein elementu bidez.
- Kabina: Kabina batek egon behar du hauteskunde-mahai bakoitzean. Barruan aldiro egon behar dute eredu ofizialeko behar beste paperek eta gutun-azalek.
- Boto-paperak eta gutun-azalak: Kabinan ez ezik, mahai osagarri batean ere jarrita egon behar dute, baina inoiz ez dira jarri behar hauteskunde-mahaian. Mahaiburuak arduratu behar du hautagai-zerrenda guztien boto-paperak erabilgarri egoteaz.
- Hauteskunde-lokal edo -kolegioa: Mahaiak, aulkiak, argia, mahai gaineko materiala eta seinale-kartelak eduki behar ditu. Horrez gain, ikusmen-desgaitasuna duten pertsona batzuek Braille sistema botoa emateko erabiltzeko asmoa adierazi baldin badute, hauteskunde-kolegioan leku batek horretarako behar bezala prestatuta egon behar du, botoa hautatzeko pribatutasuna bermatuta. Leku hori ahalik eta gertuen egon behar du hauteskunde-mahaitik.
Elementu horietako bat ez badago, mahaiburuak jakinaraziko dio hauteskunde-kolegioetan material-hornikuntzaz arduratzen den Euskal Administrazioko ordezkariari edo dagokion eskualdeko hauteskunde-batzarrari. (Ikus udaletako eta eskualdeko hauteskunde-batzordeetako telefono-zenbakien zerrenda, web honetako “Helbide interesgarriak” deituriko atalean).
Hauteskunde-mahaia eratzeko akta idaztea
Goizeko zortzi eta erdietatik bederatziak arte, mahaiburuak idatzi behar du hauteskunde-mahaiaren eraketa-akta. Bertan adierazi behar du azkenean zeintzuk diren mahaikideak. Mahaiburuak, bokalek eta egiaztagutuna aurkeztu duten hautagai-zerrendetako artekariek sinatu behar dute akta.
Mahaiburuak hauteskunde-mahaiaren eraketa-aktaren kopia bat entregatu behar die artekariei eta ahaldunei, eskatuz gero.
Mahaiburuak kopia hori berandu entregatzen badu, edo entregatzen ez badu, interesdunak idatziz aurkez dezake protesta, bi ale aurkeztuta.
- Mahaiburuak eta bokalek etengabe egon behar dute hauteskunde-lokalean, hau da, goizeko zortzietatik boto-kontaketa eta ondoko jarduerak egin arte.
- Hala eta guztiz ere, mahaiburua eta bokalak era iragankorrean eta arrazoituan irten ahal dira hauteskunde-mahaitik. Kasu horietan, gutxienez, mahaiko bi kidek geratu behar dute mahaian.
- Behin mahaia eratuta, parte hartuko ez duten ordezkoak joan daitezke.
- Hauteskunde-kolegioa irekitzea eta bozketa hastea
- Bozketaren mekanika
- Braille sistema bidezko botoa
- Bozketa bitartean
- Bozketaren amaiera hauteskunde-mahaian
- Posta bidezko botoa: Mahaiko hautestontzia irekitzea eta botoak barrura sartzea
- Mahaikideen eta artekarien botoak
Hauteskunde-kolegioa irekitzea eta bozketa hastea
Goizeko bederatzietatik arratsaldeko zortziak arte egingo da bozketa, etenik gabe. Mahaiko buruak hauxe esango du, bozketaren hasiera aldarrikatzeko: “Bozketa hasiko da” edo “Empieza la votación”.
Bozketaren mekanika
Bozketa egiteko, honako urrats hauek egin behar dira:
- Hautesleek, nahi izanez gero, kabina erabiliko dute, boto-papera hautatzeko.
- Hautesle bakoitzak, nahi izanez gero, kabina barruan hautatuko du boto-papera. Gutun-azalean sartu, eta, hauteskunde-mahaira eramango du.
- Hauteslearen nortasuna zehaztea eta mahaiko hautesle-erroldan inskribatuta dagoela ziurtatzea.
Hautesleek botoa emateko eskubidea izango dute, honako eskakizun hauek betetzen badituzte:
- Mahai horretako hautesle-erroldako zerrendetan agertzea.
- NANa, pasaportea edo gidabaimena aurkeztea. Jatorrizko agiriak aurkeztu behar ditu, iraungita egon arren. Mahaiak beste agiri bat onartzen baldin badu, hautesleen nortasuna egiaztatzeko, hauteskunde-delitutzat –eta espetxe-zigorra edo diru-isuna ezarri ahal izango da– edo, hala badagokio, arau-hauste administratibotzat hartuko da.
- Debekatuta dago NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia onartzea. NANaren frogagiria ere ez da onartzen, titularraren argazkirik ez duelako. Iraungita dagoen NANa, ordea, onartzen da.
- Bozketa-egunean 18 urte izatea.
Mahaiko erroldan inskribatuta ez badago, baina honako agiri hauek aurkeztu eta ematen baditu, hautesleak botoa eman ahal izango du:
- Erroldan alta duela egiaztatzeko errolda-ziurtagiri berezia. Mahaiko hautesle-erroldako zerrendetan agertzen ez bada, baina ziurtagiri hori aurkezten badu, botoa eman ahal izango du, agiri horrek egiaztatzen baitu hautesle-erroldan agertzeko eskubidea duela.
- Mahaiko erroldan agertzeko eskubidea duela egiaztatzen duen epai judiziala.
Hautesleek ezin izango dute inola ere botoa eman, honako kasu hauetan:
- Botoa posta bidez ematea eskatu badute, eta mahaira bozkatzera joaten badira.
- Hautesle-erroldaren arabera, beste hauteskunde-mahai batean bozkatu behar badute.
- Beste pertsona baten ordez bozkatzera joaten badira.
Hauteslearen nortasuna argi ez badago, mahaiburuak eta bokalek erabakiko dute, nortasuna egiaztatzeko agiriak eta testigantza baliatuta, botoa eman ahal duen ala ez.
Gaztelaniazko eta euskarazko ortografien arteko aldeak direla eta, hauteslearen NANean jasotako izen-abizenak eta errolda-zerrendan jasotakoak bat ez badatoz, mahaiak ziurtatu behar du bozkatu nahi duen pertsonaren nortasuna.
Beste atal batzuetako erroldan jasota dauden hauteskunde-mahaiko artekariek botoa eman dezakete funtzioak betetzen ari diren mahaian, baldin eta haiek kreditatuta dauden mahai horretako barrutiko hautesleak badira.
Artekariek eta ahaldunek hautesleen botoa oztopatzeko erreklamazioak aurkezten baldin badituzte, mahaiak gehiengoz hartuko du erabakia, eta bilkura-aktan emango du erabakiaren berri.
Hautesleak bozketako gutun-azala mahaiko hautestontzian sartzea.
- Bozketa-prozesua honela egin behar da:
- Botoak sekretua izan behar du; hortaz, nahi izanez gero, hauteslea kabinan sartu ahal da. Irakurtzen ez badaki, edo desgaitasun fisikoren bat baldin badu, konfiantzazko pertsona baten laguntza jaso ahal izango du, botoa emateko eskubidea baliatzeko.
Hauteslearen izen-abizenak mahaiko zerrenda zenbakidunean idaztea.
Gutun-azala hautestontzian sartzeko unean, bokalek hauteslearen izen-abizenak idatziko dituzte hautesleen zerrenda zenbakidunean. Botoa ematen duten hurrenkeran idatzi beharko dituzte, eta hautesle-erroldan duten zenbakia idatzi beharko dute. Botoa emateko eskubidea errolda-ziurtagiri berezi edo epai judizial bidez baliatzen bada, «ZIURTAGIRIA» edo «EPAIA» adieraziko dute.
Gainera, hautesleek eskubidea dute beren izen-abizenak hautesleen zerrenda zenbakidunean ondo idatzi dituzten ziurtatzeko
Braille sistema bidezko botoa
Hautesleak ikusmen-desgaitasunen bat baldin badu, Braille sistema erabiltzen badaki, eta aldez aurretik Braille sistema bidez bozkatzea eskatu baldin badu, bozkatzera joaten denean, mahaiburuak emango dizkio bozkatzeko behar dituen agiriak. Agiri horien artean, Braille sistema bidez bozkatzeko jarraibideak aurkituko ditu.
Mahaiburuak eta bokalek adieraziko diote kasu horietarako prestatu den tokia non dagoen, eta hara joaten lagunduko diote.
- Hautesleak boto-papera hautatu, eta gutun-azalean sartuko du. Ondoren, mahaira joango da, eta nortasuna egiaztatzeko agiria erakutsiko dio mahaiburuari.
- Bokalek eta artekariek, nahi izanez gero, ziurtatuko dute hautesle-erroldako zerrendetan agertzen den, eta, hala dagokionean, hautesleak aurkeztu dituen errolda-ziurtagiriak edo epai judizialak ere ziurtatuko dituzte.
- Hauteslearen nortasuna eta botoa emateko eskubidea egiaztatu ondoren, konfiantzazko pertsonak bozketako gutun-azala emango dio mahaiburuari. Mahaiburuak ozenki esango ditu hauteslearen izen-abizenak, bai eta «botoa emango du». Ondoren, gutun-azala emango dio hautesleari, hautestontzian sar dezan.
Bozketa bitartean
- Hauteskunde-mahaiburua ohartzen bada lokalean hautagai-zerrendako baten boto-paperak falta direla, bozketa eten ahal izango du. Behin egoera hori zuzenduta, bozketak jarraitu egingo du berriro (ikus udaletako eta eskualdeko hauteskunde-batzordeetako telefono-zenbakien zerrenda, web honetako «Helbide interesgarriak» deituriko atalean).
Etenaldia ordubetea baino handiagoa baldin bada, mahaiburuak erabakiko du bozketa-aldia zenbat handitu behar den. - Ezinbesteko kasua izan ezean, bozketa ez da bertan behera utziko edo betiko etengo. Mahaiburuak arrazoiak idatzi beharko ditu, eta idazki horren kopia bat emango dio lurralde historikoko hauteskunde-batzarrari. Batzarrak arrazoi horiek ziurtatuko ditu.
Bozketa bertan behera uzten bada, emandako botoak suntsitu beharko dira..
Hautesleek erreklamazioak egitea hauteskunde-mahaian
- Hautesleek ezin dute erreklamaziorik egin, honako kasu honetan izan ezik: hauteskunde-mahaiburuak hautesle bati botoa emateko eskubidea ukatzen dionean, hauteslearen nortasunaren gaineko zalantzak dituelako. Hautesleak behin eta berriro errepikatzen badu onartuta ez dagoen erreklamazio bat egin nahi duela, jokabidea aldatzeko iradokizuna egin ondoren, ertzainen laguntza eskatu ahal izango da, hautesle hori hauteskunde-lokaletik edo -kolegiotik irtenarazteko.
- Mahaiburuek ezin dute galderarik onartu, botoa emateko eskubidea baliatzeari buruzkoak izan ezean, edo hautagai-zerrendetako artekarienak eta ahaldunenak izan ezean. Hala badagokio, hautesleek galdera egin ahal izango dute eskualdeko hauteskunde-batzarrean. Hautesleak behin eta berriro eskatzen badu bere galdera erantzuteko, jokabidea aldatzeko iradokizuna egin ondoren, ertzainen laguntza eskatu ahal izango da, hautesle hori hauteskunde-lokaletik edo -kolegiotik irtenarazteko.
Bozketaren amaiera hauteskunde-mahaian
Arratsaldeko zortzietan, mahaiburuak ozenki esango du bozketa amaitutzat joko dela. Handik aurrera ez dio utziko inori lokalera sartzen.
Horrez gain, bertan dagoen hautesle batek oraindik ere botoa eman behar duen galdetuko du eta ondoren ematen diren botoak onartuko dira.
Posta bidezko botoa: Mahaiko hautestontzia irekitzea eta botoak barrura sartzea
Bozketa arratsaldeko zortzietan amaitutakoan, mahaiburuak aztertuko ditu Espainiako Estatuko egoiliarrek posta bidez eman dituzten botoak. Mahaiari zuzendutako gutun-azalak postetxeko zigilua duen ziurtatuko du. Zigilu horrek egiaztatzen du posta ziurtatuz bidali dela. Zigilurik eduki ezean, ireki gabe suntsituko da, aurkatua izan ezik, hau da, boto suntsitzearen aurkako iritzirik egon ezean.
Atzerrian aldi baterako bizi diren egoiliarren posta bidezko botoak ere jaso daitezke mahaian. Kasu horietan, hauxe ziurtatu behar da: mahaiari Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak egin aurretiko hirugarren eguna baino lehen gutun-azala bidali zaion. Mahaiak posta bidezko boto horiek irekitzen dituenean, frankeo-gastuak itzultzeko eskaera-inprimakiak gorde beharko ditu. Gutun-azal zuri batean gorde beharko ditu, eta gutun-azal hori sartuko du 3. zenbakiko eta marroi-koloreko gutun-azalean.
Botoa posta bidez emateko ONARTU DIREN gutun-azalak:
- Mahaiari zuzendutako gutun-azala ireki behar da, eta hauteslea erroldan inskribatua dagoela egiaztatzeko ziurtagiria atera.
- Posta bidezko botoa eman nahi duen hauteslea hautesle-erroldan dagoen, eta pertsona horrek botoa posta bidez ematea eskatu duela apuntatua dagoen ziurtatu behar da.
- Boto-papera duen gutun-azala hartuko du mahaiburuak, eta hautestontzian sartuko.
- Posta bidezko botoa eman duten hautesleen izen-abizenak hautesleen zerrenda zenbakidunean jasoko dira.
Botoa posta bidez emateko ONARTU EZ DIREN gutun-azalak:
- Hauteslea mahaiko hautesle-erroldako zerrendetan ez badago, ez da onartuko.
- Mahaiari zuzendutako gutun-azalean mahaiko erroldan inskribatuta dagoela ziurtatzeko inprimakia sartu ez bada, ez da onartuko. Ziurtagiri hori eman behar du dagokion Hautesle Erroldaren Bulegoaren Ordezkaritzak.
- Botoa posta bidez emateko eskaera mahaiko errolda-zerrendan apuntatua ez badago, ez da onartuko.
Kasu horietan, botoa ez da sartuko hautestontzian, ezta balioduntzat, baliogabetzat edo zuritzat hartu ere. Horren ordez, suntsitu egingo da, aurkatua izan ezik.
Botoa posta bidez emateko gutun-azal AURKATUAK, zalantzak sortu direlako:
- Botoak banan-banan aurkatuko dira. Hauteskunde-mahaikideek gehiengoz erabakiko dute aurkatzea onartzen duten ala ez..
- Aurkatzea onartu ezean:
- Mahaiburuak hautestontzian sartuko du gutun-azala, ireki gabe.
- Mahaiari zuzendutako gutun-azala eta Erroldaren Bulegoaren Probintzia Ordezkaritzak hautesleari buruz emandako ziurtagiria gordeko ditu, hauteskunde-agiriekin batera. Bilkura-aktan jaso beharko ditu mahaikideen erabakia, eta boto hori aurkatzeko zioa..
- Aurkatzea onartzen badu:
- Boto-papera duen gutun-azala ez da sartuko hautestontzian. Gutun-azal hori, mahaiari zuzendutako gutun-azala eta hauteslea mahaiko erroldan inskribatua dagoela ziurtatzeko agiria aztertu beharko ditu lurralde historikoko hauteskunde-batzarrak, aurkatzeari buruzko ebazpena emateko.
- Mahaiak boto baten aurkatzea onartzen badu, boto hori ez du balioduntzat, baliogabetzat edo zuritzat joko, hauteslea zenbatzea ezinezkoa delako. Horren ordez, botoa gordeko du, hauteskunde-agiriekin batera.
Mahaikideen eta artekarien botoak.
Posta bidezko botoak kudeatu eta gero, mahaikideek botoa emango dute. Funtzioak mahai horretan betetzen ari diren artekariek ere emango dute botoa, baldin eta mahai horri dagokion barrutiko hautesleak badira.
Mahaiari dagokion ataleko errolda-zerrendetan artekarien izenak jasota egon ezean, hautesleen zerrenda zenbakidunean jasoko da zer hauteskunde-mahai dagokien.
Bokalek bozkatu ondoren, artekariek sinatuko dute mahaiko boto-emaileen zerrenda zenbakiduna.
Boto-emaile guztiek eskatu ahal dute bozketa-ziurtagiria ematea.
- Boto-kontaketa
- Mahaian jaso diren hauteskunde-emaitzak jendaurrean jakinaraztea
- Mahaiak egin duen boto-kontaketaren emaitza behin-behinean jakinarazteko orria betetzea eta entregatzea Euskal Administrazioko ordezkariari eta, eskatuz gero, artekariei eta ahaldunei ere bai
- Mahaiko kide guztien bilkura-akta idaztea eta sinatzea
Boto-kontaketa
Arestian azaldu diren hauteskunde-jarduerak egin ondoren, mahaiburuak adieraziko du bozketa amaitu duela, eta boto-kontaketa hasiko da. Boto-kontaketara bertaratu ahal dira nahi duten pertsona guztiak, baldin eta hauteskunde-lokalean leku badago.
Mahaiburuak uste badu ordena asaldatu dela, eta ezinezkoa dela boto-kontaketa egitea, lokala husteko agindu ahal izango du. Hala gertatzen bada, barruan ezin izango da inor geratu, honako hauek izan ezik:
- Mahaikideak.
- Hautagai-zerrendetako lurralde-ordezkariak.
- Artekariak eta ahaldunak.
- Notarioak.
- Mahaiburuak eskatu dituen agintaritza-agenteak.
- Hauteskunde-mahaietako kideak.
- Instrukzio-epaileak edo haien ordezkariak.
- Euskal Administrazioko ordezkariak.
Mahaiburuak banan-banan aterako ditu gutun-azalak, hautestontzitik; eta kontaketa egingo du. Horretarako, ozenki irakurriko du bozkatu den hautagai-zerrenda, eta bokalei, artekariei eta ahaldunei erakutsiko die boto-papera. Gainera, boto baliogabeak eta boto zuriak bereizi beharko ditu.
BOTO BALIOGABEAK dira honako hauek:
- Ofiziala ez den gutun-azal edo paper batean emandakoak.
- Gutun-azalik gabe emandako paperetan jasotakoak; edo hautagai-zerrenda bati baino gehiagori buruzko boto-paperak dituen gutun-azalean jasotakoak. Hautagai-zerrenda bereko boto-paper bat baino gehiago dituen gutun-azal bat baldin badago, HAUTAGAI-ZERRENDA HORRETAN EZ DA ZENBATUKO BOTO BAT BAINO GEHIAGO.
- Boto-paperean hautagaien izenak aldatu edo zirrimarratu badira, edo izen gehiago jaso badira; edo posizioaren hurrenkera aldatu bada.
- Boto-paperean edo gutun-azalean irainak edo botoaren zati ez den beste adierazpen bat jaso bada.
- Boto-paperean borondatez edo nahita beste aldaketa bat egin bada.
- Mahaiari dagokion hauteskunde-barrutia ez den beste barruti bateko boto-papera baldin bada.
- Botoa duen gutun-azalaren kanpoaldean ezagutze-markak baldin badaude.
HONAKO HAUEK EZ DIRA BOTO BALIOGABEAK, beraz, balioduntzat hartu eta zenbatu egingo dira: boto-paperetan seinale edo markaren bat egon arren, hauteslearen asmoa argi eta zalantzarik gabe jakinarazten dutenak.
BOTO ZURIAK dira honako hauek:
- Boto-paperik ez duten gutun-azalak.
- Hauteskunde barrutian legez kendu den hautagai-zerrenda baten aldekoak.
Boto-kontaketa amaitu ondoren:
- Hautestontzitik atera diren gutun-azalen kopuruak eta mahaiko zerrenda zenbakidunean jasotako hautesleen kopuruak bat etorri beharko dute. Kopuru ezberdinak ateratzen badira, gertakari moduan jaso beharko da bilkura-aktan. Horrez gain, zenbat gutun-azal eta mahaiko zerrenda zenbakidunean zenbat hautesle jaso diren idatzi beharko da aktan.
- Mahaiburuak galdetuko du boto-kontaketaren aurkako kexarik dagoen. Kexak baldin badaude, mahaiburuak eta bokalek gehiengoz ebatziko dituzte.
Mahaian jaso diren hauteskunde-emaitzak jendaurrean jakinaraztea.
Mahaiburuak ozenki iragarriko du boto-kontaketaren emaitza, eta honako datu hauek jakinaraziko ditu:
- Mahaiko hautesle-erroldan zenbat hautesle dauden (Hautesle Erroldaren Bulegoak bidaltzen duen informazio-orrian jasota daude datu horiek, eta orria mahaiko hautesle-erroldako zerrendekin batera ematen da).
- Mahaiko zerrenda zenbakidunean zenbat hautesle erregistraturik dauden.
- Zenbat boto baliogabe jaso diren.
- Guztira, zenbat boto baliodun eman diren.
- Zenbat boto zuri jaso diren.
- Hautagai-zerrenda bakoitzak zenbat boto jaso duen.
Mahaiak hauxe ziurtatu behar du:
Hautesleen kopurua zerrenda zenbakidunean = boto baliogabeak + boto baliodunak
Eta, aldi berean, hauxe ere bai:
Boto baliodunen kopurua = boto zuriak + hautagai-zerrenda bakoitzak jaso dituen botoak
Mahaiak egin duen boto-kontaketaren emaitza behin-behinean jakinarazteko orria betetzea eta entregatzea Euskal Administrazioko ordezkariari eta, eskatuz gero, artekariei eta ahaldunei ere bai.
Boto-kontaketa amaitutakoan, mahaiburuak boto-kontaketaren emaitza behin-behinean jakinarazteko orria bete beharko du, eta Euskal Administrazioak izendatu duen ordezkariari eman beharko dio. Ordezkariak aurretik egiaztatu beharko du ordezkaria dela. Jakinarazpen horren helburua Eusko Jaurlaritzak emaitzak behin-behinean jendaurrean jakinaraztea da.
Horrekin batera, behin-behineko jakinarazpen hauek ere igorriko ditu mahaiburuak, akatsik gabe:
- Boto-kontaketaren emaitza behin-behinean jakinarazteko orri bat, mahaia dagoen lokalean edo kanpoaldean eskegitzeko.
- Artekariei, ahaldunei eta hautagaiei emateko boto-kontaketaren emaitza behin-behinean jakinarazteko orriak, haiek eskatzen badituzte. Orri bat entregatuko da hautagai-zerrenda bakoitzeko.
Mahaiko kide guztien bilkura-akta idaztea eta sinatzea
Mahaiak boto-kontaketa egin, eta boto-kontaketaren emaitza behin behinean jakinarazteko orriak bidali ondoren, bilkura-akta bete behar du. Bertan, honako datu hauek jaso behar ditu:
- Mahaiko hautesle-erroldan zenbat hautesle dauden.
- Hautesleen kopurua = hautestontzitik atera diren gutun-azalen kopurua.
- Boto baliogabeen kopurua.
- Boto baliodunen kopurua = boto zurien kopurua + hautagai-zerrenda guztiek guztira jaso dituzten botoen kopurua.
- Boto zurien kopurua.
- Hautagai-zerrenda bakoitzak zenbat boto jaso duen.
- Mahaiko zerrenda zenbakidunean guztira zenbat hautesle erregistraturik dauden.
- Eman diren errolda-ziurtagiri berezien kopurua, hautesle-erroldan alta eman badiete.
- Eman diren epai judizialen kopurua.
- Mahaiko hautesle-erroldan ez egon arren, zenbat artekarik botoa eman duten, mahaiko hautesleen zerrenda zenbakidunean haien izena adierazita.
Hala dagokionean, hautagai-zerrendetako ordezkariek, ahaldunek, artekariek edota hautesleek bozketari eta mahaikideen boto-kontaketari buruz jakinarazi dituzten arazoak, protestak eta erreklamazioak, bai eta mahaikideek era arrazoituan hartu dituzten ebazpenak eta, egonez gero, boto partikularrak adierazi beharko ditu.
Atera diren gutun-azal guztien kopurua eta mahaiko zerrenda zenbakidunean jasotako hautesleen kopurua bat ez datozenean, bilkura-aktan jaso behar da, gertakariei buruzko atalean.
Horrez gain, bilkura-aktari erantsi beharko zaizkio artekariak izendatzeko taloi-orriak edo izendapenaren kopia bat. Horiek egon ezean, mahaiburuari eman dizkioten egiaztagutunak erantsiko zaizkio.
Bilkura-akta eginda dagoenean, hautagai-zerrendetako ordezkariek eta kideek ez ezik, ahaldunek eta artekariek ere, aktaren kopia bat jasotzeko eskubidea dute.
Azkenik, boto-paperak suntsitu behar dira. Alabaina, honako hauek ez dira suntsitu behar:
- Balioa ukatu zaienak (boto baliogabeak).
- Erreklamazio edo zalantzaren bat jaso dutenak.
Hauxe egin behar da suntsitu gabeko paperekin:
- Mahaiburuak eta bokalek paperen atzealdean sinatu beharko dute.
- Paper horiek bilkura-aktari erantsi beharko zaizkio (eginda dagoenean, boto-kontaketa egin ondoren).
- Hauteskunde-dokumentuak lau gutun-azaletan sartzea, eta epaitegira eramatea
- Hauteskunde-dokumentuak epaitegian entregatzea
Hauteskunde-dokumentuak lau gutun-azaletan sartzea, eta epaitegira eramatea
Boto-kontaketaren gaineko jarduerak egin ondoren, mahaikideek lau gutun-azal berezietan sartuko dituzte hauteskunde-dokumentuak. Honela:
- 1. zenbakiko gutun-azala (marroia):
- Hauteskunde-mahaia eratzeko jatorrizko akta
- Jatorrizko bilkura-akta
- Mahaiko hautesle-erroldako zerrenda ziurtatuak.
- Hautesleen zerrenda zenbakiduna.
- Baliogabetzat jo diren boto-paperak edo erreklamazioren bat jaso dutenak.
- Hautesleek aurkeztu dituzten errolda-ziurtagiri bereziak eta epai judizialak.
- Artekariak izendatzeko taloi-orriak edo izendapenen kopiak (mahaiburuak jaso behar izan ditu). Orri horiek egon ezean, mahaiak jaso dituen egiaztagutunak.
- 2. zenbakiko gutun-azala (marroia):
- Hauteskunde-mahaia eratzeko akta, hitzez hitz kopiatuta.
- Bilkura-aktaren kopia egiaztatua eta baimendua, hitzez hitz kopiatuta.
- 3. zenbakiko gutun-azala (marroia): zenbakiko gutun-azalean gordetzeko dokumentu berdinak jaso behar dira, eta, hala dagokionean, zuri koloreko gutun-azal bat ere bai. Posta bidezko botoa bidaltzeko frankeo-gastuak itzultzeko eskaera-inprimakia sartuko da gutun-azal zuri horretan.
- 4. zenbakiko gutun-azala (marroia): 2. gutun-azalean gorde behar diren dokumentu berdinak sartu behar dira.
Hauteskunde-dokumentuak epaitegian entregatzea.
Mahaiburuak, bokalek eta artekariek lau (4) gutun azalak sinatu behar dituzte. Sinadurak atzealdeko itxitura zeharkatu behar du. Ondoren, mahaikideak eta, nahi izanez gero, artekariak segidan joango dira mahaiari dagokion demarkazioko lehen auzialdiko epaitegira edo bake-epaitegira, eta lau gutun-azalak bertan entregatuko dituzte.
Epaileak lau gutun-azalak sinatuko ditu, eta sinadurak zeharkatu beharko du gutun-azalaren irekiera-zatia, irekitzea dagokionean.
Ondoren, epaileak frogagiria emango dio mahaiburuari, dokumentuak aurkeztu dituela ziurtatzeko. Frogagirian adierazi behar da lau gutun-azal zenbakidunak zein egunetan eta zer ordutan aurkeztu diren.
Azken aldaketako data: