Segurtasun Saila

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2020. Hautesleak. Galderak eta erantzunak. Posta bidezko botoa

Espainiako botoa

Eskaera eta epea

Agiriak hautesleei bidaltzeko modua eta epea

Hautesleek posta bidezko botoa hauteskunde-mahaira bidaltzea eta horretarako epea

Egonkorki atzerrian bizi direnak

Hautesle Erroldaren Bulegoari posta bidezko botoaren eskaera bidaltzea

Hautesleek posta bidezko botoa bidaltzea eta horretarako epea

Egonkorki atzerrian bizi direnen botoa zenbatzea

Ontziratutako langileak

Aldi baterako atzerrian bizi direnak

Espetxeratutako pertsonak

Espainiako botoa

Eskaera eta epea

Nork eska dezake posta bidezko botoa?

Honako hautesle hauek (Hauteskunde Erregimen Orokorrari buruzko Lege Organikoko 72. artikulua):

  • Bozketa-egunean bere bozkatzeko eskubidea gauzatzea dagokion herrian egongo ez direla aurreikusten dutenek.
  • Bere herrira bozkatzera joan ezin dutenek (hainbat arrazoi direla medio: hala nola, gaixotasuna, ezgaitasuna, urritasuna, kartzelatuak, soldaduak, etab.).

Zer epe dago posta bidezko botoa eskatzeko? Zer egunetara arte bozka dezaket postaz?

Maiatzaren 19tik ekainaren 2ra, biak barne (Hauteskunde Erregimen Orokorrari buruzko Lege Organikoko 72. artikulua).

Non eskatzen da posta bidezko botoa?

Espainiako edozein posta-bulegotan, bertaratuta (Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoaren 72.b) artikulua).

Nola bozkatzen da postaz?

  • Honako hau egin beharko duzuzuk zeuk:
    • Posta bidezko botoa eskatu, posta-bulegoan dagokion inprimakia betez.
    • Eskaera-inprimakia bete eta posta-bulego batean eman, NANa aurkeztuz (fotokopiak ez du balio) (Hauteskunde Erregimen Orokorrari buruzko Lege Organikoko 72.a) eta b) artikuluak).
    • Hautesle Erroldako Bulegoak zuk adierazitako helbidera bidalitako posta bidezko botoa emateko agiriak jaso.
  • Zuk edo beste edozein pertsonak eraman dezake hauteskunde-mahaira zuzendutako posta bidezko botoa gertueneko posta-bulegora, modu ziurtatuan bidaltzeko.

Zer egin behar dute posta bidezko botoa emateko agiriak eskatzeko posta-bulego batera joan ezin duten gaixoek edo ezgaituek?

Agiri hauek eman beharko dizkiote notarioari baimendutako pertsona baten bitartez (Hauteskunde Erregimen Orokorrari buruzko lege Organikoko 72.e) artikulua):

  • Pertsona ezinduaren NANa (fotokopiak ez du balio).
  • Ezindua ordezkatzen duen pertsonaren NANa (fotokopiak ez du balio).
  • Pertsona ezindua (izen-abizenak) posta bidezko botoa emateko agiriak eskatzeko posta-bulegora bertaratu ezin dela kreditatzen duen medikuaren ziurtagiria; ziurtagiri horretan jaso beharko dira hura eskatu duen hauteslearen gaixotasunari edo ezintasunari buruzko zehaztasunak (Hauteskunde-batzorde zentralaren 1993-04-26ko Instrukzioa).
  • Posta bidezko botoa eskatzeko inprimakia, pertsona ezinduaren datu guztiak behar bezala idatzita dituena, bai eta bere ordezkariarenak ere. Eskaera horretan adierazi beharko da ezinduaren helbidea, posta bidez botoa eman ahal izateko agiriak bidaltzeko. Inprimaki hori ordezkariak sinatu beharko du.

Notarioak agiri horiek guztiak dituenean pertsona ezindua bisitatu beharko du, guztia egiaztatzeko eta ordezkariaren aldeko notario-ahalordea egin ahal izateko. Hautesleak baimendutako pertsonaren aldeko notario-ahalorde indibiduala, posta bidezko botoa eskatzeko izapideetan ordezka dezan, doanekoa da.

Ondoren, ordezkaria posta-bulegora joango da posta bidezko botoa eskatzeko inprimakiarekin, medikuaren ziurtagiriarekin eta notario-ahalordearekin, agiri horiek guztiak eman beharko baitizkio postetxeko funtzionarioari. Azken horrek eskabideko ordezkariaren sinadura eta bere NANean agertzen dena erkatuko ditu, berdinak diren egiaztatzeko. Posta bidezko boto hau eskatzeko epea abuztuaren 2tik irailaren 15erakoa da.

Posta bidezko botoa eskatu ondoren, hauteslekuan bertan botoa eman al dezaket bozketa-egunean?

Ez, Hauteskunde Legeak hori debekatzen du. Gainera, hauteskunde-mahaiak badaki nork eskatu duen posta bidezko botoa, eta zu hauteslekura bertaratzen bazara ere, hauteskunde-mahaiak ez dizu bozkatzen utziko (Hauteskunde Erregimen Orokorrari buruzko Lege Organikoko 73.1 artikulua).

Posta bidezko botoa eska al dezakete bozketa-egunean atzerriko herrialderen baten egongo direla aurreikusten duten Euskal Autonomia Erkidegoko hautesleek?

Bai, aldi baterako atzerrian bizi direnen posta bidezko boto-prozedura berriaren bidez. Prozedura hori webgune honetako 11.D atalean azalduta dago.

Gaixoen edo ezgaituen posta bidezko botoari dagokionez, hainbat pertsona barne hartzen dituen ahalordea egin al dezake notarioak?

Ez, Hauteskunde Erregimen Orokorrari buruzko Lege Organikoko 72.c) artikuluak hori debekatu egiten du, ahalordeak indibiduala izan behar duela xedatzen baitu.

Gaixoen edo ezgaituen posta bidezko botoari dagokionez, ahaldun batek hainbat pertsona ordezka al ditzake?

Ez, Hauteskunde Erregimen Orokorrari buruzko Lege Organikoko 72.c) artikuluak hori debekatzen baitu. Ahaldunak pertsona bat soilik ordezka dezake.

Ahalordea egiteko, posta bidez bozkatu nahi duen hauteslearen etxera doan notarioak berarekin batera joatea uka al diezaioke ahalduna izango den pertsonari?

Bai, baldin eta notarioak uste badu ahaldunak ahala ematen duen gaixo edo ezinduaren borondatea baldintza dezakeela.

Pertsona gaixoek edo ezinduek posta bidezko botoa emateko notario-ahalordea gaixoaren senide edo lagun bati eman behar diote, nahitaez, edo edozein pertsonari, baita hauteslearentzat ezezaguna den norbaiti ere?

Ez. 72.c) artikuluaren arabera edozein pertsonari eman dakioke notario-ahalordea, pertsona hori gaixo dagoen ahal-emailearentzat ezaguna izan edo ez izan axola gabe.

Baliozkoa al da posta bidezko botoa eskatzen duen hauteslearen gaixotasuna edo ezintasuna kreditatzeko medikuaren ziurtagiri ofiziala (doanekoa zein ez), baldin eta ez badu zehazten gaixoak zer gaixotasun edo ezintasun duen?

Ziurtagiri mediko ofizial horrek balio du, medikuak, beren ardurapean, ez baitaude hauteslearen gaixotasuna egiaztatzera behartuta beren kode deontologikoaren arabera; ziurtatu behar duten bakarra da pertsona horrek "ezintasuna" duela posta-bulegora joateko, posta bidezko botoa eskatzeko.

Horrez gainera, medikuaren izena eta elkargokide-zenbakia jaso beharko dira ziurtagiri horretan, bai eta ziurtagiria sinatu duen tokia eta data ere.

Zer egin dezaket postetxean ez badidate onartzen baimendutako pertsonak bozkatzeko eramandako notario-ahalordea edo medikuaren ziurtagiria?

Ahalordea egin zizun notarioarengana edo ziurtagiria eman zizun medikuarengana jo beharko duzu berehala, agiriak behar bezala egin ditzaten.

Zer gertatzen da postaria posta bidezko botoa emateko agiriak ekartzera datorrenean, ni etxean ez nagoelako agiri horiek nire familiarteko bati ematen ez badizkio?

Posta-bulegora joan beharko duzu, postariaren ohartarazpenarekin, posta bidezko botoaren agiriak jasotzeko.

Agiriak hautesleei bidaltzeko modua eta epea

Zer egunetik aurrera bidaltzen dizkio Hautesle Erroldako Bulegoaren Ordezkaritza Probintzialak posta bidezko botoa eskatu duen hautesleari bozkatzeko agiriak? Eta noiz da agiri horiek bidaltzeko azken eguna?

Ekainaren 22tik uztailaren 5era, biak barne (Hauteskunde Erregimen Orokorrari buruzko Lege Organikoko 73.2 artikulua).

Zer agiri bidali behar dizkio Hautesle Erroldako Bulegoaren Ordezkaritza Probintzialak (HEBOP) hautesleari posta bidez botoa eman ahal izateko?

Honako agiri hauek bidaliko dizkio HEBOPak (Hauteskunde Erregimen Orokorrari buruzko Lege Organikoko 73.2 artikulua):

  • Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aldarrikatutako hautagaitzetako boto-txartelak.
  • Euskal Legebiltzarreko hauteskundeetako bozkatzeko gutun-azala.
  • Erroldan izena emanda zaudela adierazten duen ziurtagiria.
  • Botoa eman behar duzun hauteskunde-mahaira zuzendutako gutun bat.
  • Jarraibideen orri bat.

Posta bidez botoa emateko aukera ukatu didate. Zergatik?

Seguruenik ez zaudelako erroldan inskribatuta edo eskaera epez kanpo bidali zenuelako, besteak beste.

Zer helbidera bidaltzen dizkio Hautesle Erroldako Bulegoaren Ordezkaritza Probintzialak hautesleari posta bidezko botoaren agiriak?

Hautesleak posta bidezko botoaren eskabidean zehaztutako helbidera edo, zehaztu ez bada, erroldan ageri den helbidera (Hauteskunde Erregimen Orokorrari buruzko Lege Organikoko 73.2 artikulua).

Zer helbidetara bidaltzen dizkio Hautesle Erroldako Bulegoaren Ordezkaritza Probintzialak posta bidezko botoaren agiriak beste pertsona baten bitartez eskatu duen hautesle gaixo edo ezinduari?

Beti baimendutako pertsonaren helbidera (Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoaren 73.2 artikulua).

Nola bidaltzen dizkie Hautesle Erroldako Bulegoaren Ordezkaritza Probintzialak hautesleei posta bidezko botoaren agiriak?

Ziurtatutako postaz eta hartu izanaren agiriarekin (Hauteskunde Erregimen Orokorrari buruzko Lege Organikoko 73.2 artikulua).

Nori eman behar dizkiote posta-bulegoko langileek Hautesle Erroldako Bulegoaren Ordezkaritza Probintzialak hautesleari bidalitako posta bidezko botoaren agiriak? Eskatzailearen senide edo auzokoren batek jaso al ditzake agiriok?

Posta bidezko botoa eskatu duen pertsonari emango dizkio beti; gainera, bere nortasuna kreditatu eta posta-bulegoko langileak emandako hartu izanaren agiria sinatu beharko du agiri horiek jaso ahal izateko. Hauteslea gaixorik badago edo ezin baditu agiriok etxean jaso, baimendutako pertsona batek postetxean jaso ahalko ditu, bere nortasuna kreditatu ondoren, eta agiri horiek eskatzaileari emango dizkio webgune honetako “9.3.1. Posta bidezko botoa" atalean azaldutako eragiketa guztiak egin ditzan.

Hautesle Erroldako Bulegoaren Ordezkaritza Probintzialak alderdi politiko baten egoitzara bidal al ditzake posta bidezko botoaren agiriak?

Bai; hauteslea alderdiaren egoitzan badago, posta-bulegoko langileak dakartzan agiriak jaso ahalko ditu, bere nortasuna egiaztatu ondoren.

Hautesle Erroldako Bulegoaren Ordezkaritza Probintzialak eskatzailearen lantokira edo posta-kutxara bidal al ditzake posta bidezko botoaren agiriak?

Bai, agiri horiek eskatu zituen pertsonak berak jasotzen baditu, bere nortasuna egiaztatu ondoren.

Zer gertatzen da posta bidezko botoaren agiriak jasotzeko hautesleak adierazitako helbidean inor ere ez badago? Zer egin behar du posta-bulegoko langileak? Nora eraman behar ditu agiriak?

Hauteslea etxean ez badago, postariak ohartarazpen bat utzi beharko du haren gutun-ontzian, posta bidezko botoaren agiriak posta-bulegoan jaso ditzakeela adierazten duena. Agiriak jasotzeko hauteslea bera bertaratu beharko da posta-bulegora, edo baimendutako pertsona bat bidali ahalko du, bere nortasuna kreditatu ondoren (NANarekin) postetxeko langileak postaz botoa emateko agiriak eman diezazkion (Hauteskunde Erregimen Orokorrari buruzko Lege Organikoko 73.2 artikulua).

Zer egin behar dut baldin eta, uztailaren 5a igaro ondoren ez baditut jaso Hautesle Erroldako Bulegoaren Ordezkaritza Probintzialak (HEBOP) postaz bozkatu ahal izateko bidali behar dizkidan agiriak?

Euskal Autonomia Erkidegoko dagokizun HEBOPeko telefono-zenbakira deitu behar duzu; webgune honetako Helbide interesgarrien atalean azaltzen dira telefono horiek.

Zer egin behar dut baldin eta Hautesle Erroldako Bulegoaren Ordezkaritza Probintzialak (HEBOP) postaz botoa emateko bidalitako agirietan boto-txartelen bat falta bada, edo erroldan izena emanda nagoela jasotzen duen ziurtagiria erantsi ez badute?

Euskal Autonomia Erkidegoko dagokizun HEBOPeko telefono-zenbakira deitu behar duzu; webgune honetako Helbide interesgarrien atalean azaltzen dira telefono horiek.

Hautesle Erroldako Bulegoaren Ordezkaritza Probintzialak postaz botoa emateko agiriak hautesleei bidaltzeko duen epeari eragiten al dio aldarrikatu gabeko hautagaitza batek hautagaitzen aldarrikapenaren aurkako errekurtsoa jartzeak?

Hautagaitzen aldarrikapenaren aurkako errekurtso batek gelditu egiten du, ebazten den arte eta eragindako hauteskunde-barrutietan, hautesleei postaz botoa emateko agiriak bidaltzeko prozesua.

Hautesleek posta bidezko botoa hauteskunde-mahaira bidaltzea eta horretarako epea

Zer egin behar dute postaz botoa emateko agiriak jaso dituzten hautesleek?

Bozkatu nahi duten hautagaitzaren txartela aukeratu eta bozketarako gutun-azalean sartu eta, ondoren, itxi. Gero, gutun-azal itxia eta Hautesle Erroldako Bulegoaren Ordezkaritza Probintzialak erroldan izena emanda zaudela ziurtatzeko bidalitako agiria sartu beharko dituzu hauteskunde-mahaiko lehendakariari zuzendutako gutun-azalean (helbidea jarrita egongo da). Gutun-azal hori presazko posta ziurtatuz bidali behar da ahal bezain laster (bidalketa doanekoa da), Espainiako edozein posta-bulegotik (Hauteskunde Erregimen Orokorrari buruzko Lege Organikoko 73.3 artikulua).

Nork eraman behar du posta bidezko botoa posta-bulegora baldin eta eskatu duen hauteslea gaixorik badago edo joan ezin badu? Norberak bidali behar al du posta bidezko botoa posta-bulegoetan?

Hautesleak hauteskunde-mahaiari bidaltzen dion posta bidezko botoa edozein posta-bulegotan ziurta daiteke, eta edozein pertsonak egin dezake bidalketa. Gutun ziurtatu eta presazkoa doanekoa da, gainera, kasu horietan (Hauteskunde Erregimen Orokorrari buruzko Lege Organikoko 73.3 artikulua eta Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetan Posta Zerbitzuaren lankidetza ezartzeko Estatuko Agindua).

Zer epe dute hautesleek posta bidezko botoa hauteskunde-mahaira bidaltzeko?

Ekainaren 22tik uztailaren 8ra, luzatutako epea uztailaren 10eko 14:00ra arte -ostirala- (2000-06-03ko HBZren arabera) baina ahal bezain laster bidaltzea gomendatzen da (Hauteskunde Erregimen Orokorrari buruzko Lege Organikoko 73.3 artikulua).

Nola bidaltzen dute hautesleek posta bidezko botoa beren hauteskunde-mahaira?

Posta ziurtatuz; zerbitzua doanekoa da eta edozein posta-bulegotan egin daiteke. Inoiz ere ez sartu gutun-azal hori postontzi batean (Hauteskunde Erregimen Orokorrari buruzko Lege Organikoko 73.3 artikulua).

Zer gertatzen da posta arrunt eta ziurtatu gabez hauteskunde-mahaira bidalitako posta bidezko botoekin?

Posta Zerbitzuak gutun horiek igorleari itzuliko dizkio, eta bidalketa hori posta ziurtatuz egin behar duela adieraziko dio, baita doanekoa dela zehaztu ere.

Zer egin behar dute posta-bulegoek jasotzen dituzten posta bidezko botoekin, hau da, hautesleek hauteskunde-mahaietara bidaltzen dituzten gutun-azal ziurtatuekin?

Hauteskunde-egunera arte gorde beharko dituzte eta egun horretantxe, goizeko 9:00etatik arratsaldeko 20:00etara, dagokien hauteskunde-mahaietara eramango dituzte. Han, hauteskunde-mahaiko lehendakariari jasotze-agiria sinatzeko eskatuko diote (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetan Posta Zerbitzuaren lankidetza ezartzeko Estatuko Agindua eta Hauteskunde Erregimen Orokorrari buruzko Lege Organikoko 73.4 artikulua).

Zer egiten dute posta-bulegoek hauteskunde-mahaietara zuzendutako posta bidezko botoen gutun-azalekin bozketa-eguneko 20:00ak ondoren edo epez kanpo jaso badituzte?

Posta-bulegoak dagokion eskualdeko hauteskunde-batzordera bidaliko ditu, hor suntsi ditzaten, arau honen arabera: Hauteskunde-batzorde Zentralaren 2011-12-01ko akordioa.

Posta Zerbitzuan lehentasuna al du gainerako gutunen aurrean posta bidezko botoak onartu, izapidetu eta banatzeak?

Bai, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetan Posta Zerbitzuaren lankidetza ezartzeko Estatuko Aginduaren arabera.

Zer zigor ezartzen zaie posta bidezko botoa faltsutzen duten edo arauei men egiten ez dieten pertsonei?

3 hilabete eta urte 1 arteko kartzelarekin eta 6 edo 24 hilabete arteko isunarekin zigor daitezke (Hauteskunde Erregimen Orokorrari buruzko Lege Organikoko 141. artikulua eta 1995eko Zigor Kode berria).

Zer gertatzen da pertsona gaixo batek posta bidezko botoa eskatu eta epearen barruan hauteskunde-mahaira bidali ondoren, pertsona hori hauteskunde-eguna orduko hiltzen bada?

Hauteskunde Batzorde Nagusiak behin baino gehiago adierazitakoaren arabera boto hori ez da baliozkoa, baldin eta hauteskunde-mahaiak pertsona horren heriotzaren agirizko frogak baditu (Erregistro Zibileko heriotza-ziurtagiri bat, adibidez, Hautesle Erroldako Bulegoak edo eskualdeko hauteskunde-batzordeak hauteskunde-mahaira bidalitakoa).

Egonkorki atzerrian bizi direnak

Hautesle Erroldaren Bulegoari posta bidezko botoaren eskaera bidaltzea

Nork du atzerrian bizi eta bertan ez dauden egoiliarren bozkatzeko eskubidea?

Azken bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoan izan dutenek eta, egungo ohiko bizilekua atzerrian dutenez gero, atzerrian bizi eta bertan ez dauden egoiliarren errolda berezian izena emanda daudenek.

Bozkatzeko eskubide hori dute beren seme-alabek ere, nazionalitate espainiarra badute, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuko 7. artikuluaren arabera (Hauteskunde Erregimen Orokorrari buruzko Lege Organikoko 32.3 eta 75. artikuluak).

Nori eskatu behar zaio boto hori? Eta noiz?

Hautesle Erroldaren Bulegoaren Probintzia Ordezkaritzari eskatu behar zaio, hauteskundeen deialdia egin ondoren. Behar bezala betetako eskaera-orria bidali beharko da ordezkaritza horietako batera, posta ziurtatuz edo faxez (ordezkaritzetako fax-zenbakiak webgune honetako Helbide baliagarriak.atalean aurki daitezke). Eskaeraren epea maiatzaren 20tik ekainaren 13ra da. Luzatutako epea ekainaren 16ra arte (2000-06-03ko HBZren arabera).

Nola lor daiteke boto hori eskatzeko inprimakia?

  • Zure etxean jaso dezakezu, Hautesle Erroldaren Bulegoaren Probintzia Ordezkaritzak (HEBPO) bidalita, maiatzaren 20tik ekainaren 13ra.
  • Interneten deskarga dezakezu, www.elecciones.eus edo www.maec.es webguneetan, maiatzaren 20tik aurrera.
  • Inskribatuta zauden kontsuletxean edo enbaxadan jaso dezakezu, maiatzaren 20tik aurrera.
  • Eskaera hori betez, Internet bidez, aipatutako helbidean, edo HEBPOk zure etxera bidaliko dizun botoa eskatzeko informazioan agertzen den gakoa erabiliz.

Euskal herritarra naiz, Bilbon bizi naiz eta hortxe nago erroldatuta, baina bozketa-egunean Londresen izango naiz, lan-kontuak direla eta. Atzerrian bizi eta bertan ez dauden egoiliarren botorako eskubidea al dut? Nola bozka dezaket?

Ez, Hauteskunde Legeak debekatu egiten baitu. Aldi baterako atzerrian dauden egoiliarren posta bidezko botoaren prozedura balia dezakezu bozkatzeko (ikus webgune honetako “Aldi baterako atzerrian dauden egoiliarren posta bidezko botoa” atala).

Zein da Hautesle Erroldako Bulegoaren Ordezkaritza Probintzialak (HEBOP) atzerrian bizi eta bertan ez dauden egoiliarren botorako agiriak bidaltzeko epea?

Ekainaren 16tik 22ra epean, biak barne, bidali behar dizkie HEBOPak egonkorki atzerrian bizi diren egoiliarren botorako agiriak hautesleei, postaz (Hauteskunde Erregimen Orokorrari buruzko Lege Organikoko 75.2 artikulua).

Hautesle Erroldako Bulegoaren Ordezkaritza Probintzialak atzerrian bizi eta bertan ez dauden egoiliarren botorako agiriak hautesleei bidaltzeko epeari eragiten al dio aldarrikatu gabeko hautagaitza batek hautagaitzen aldarrikapenaren aurkako errekurtsoa jartzeak?

Hautagaitzen aldarrikapenaren aurkako errekurtso batek gelditu egiten du, ebazten den arte eta eragindako hauteskunde-barrutietan, egonkorki atzerrian bizi diren egoiliarren botorako agiriak hautesleei bidaltzeko prozesua; nolanahi ere, ekainaren 30a baino lehen bidali beharko ditu agiriak (Hauteskunde Erregimen Orokorrari buruzko Lege Organikoko 75.2 artikulua).

Zer egin behar dut ekainaren 22a igaro ondoren ez baditut nire atzerriko bizilekuan jaso egonkorki atzerrian bizi diren egoiliarren botorako agiriak?

Euskal Autonomia Erkidegoko dagokizun Hautesle Erroldako Bulegoaren Ordezkaritza Probintzialeko telefono-zenbakira deitu behar duzu; telefono-zenbakiak webgune honetako Helbide interesgarriak atalean aurki ditzakezu.

Zer agiri bidaliko ditu Hautesle Erroldako Bulegoaren Ordezkaritza Probintzialak (HEBOP) nire bizilekura?

Beheko hauek (Hauteskunde Erregimen Orokorrari buruzko Lege Organikoko 75.1 artikulua):

  • Atzerrian bizi eta bertan ez dauden egoiliarren hautesle-erroldan izena emanda zaudela jasotzen duten bi ziurtagiri.
  • Kontsulatura edo enbaxadara zuzendutako gutun-azal bat.
  • Dagokizun lurralde historikoko hauteskunde-batzordera zuzendutako gutun-azal bat.
  • Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetan bozkatzeko gutun-azal bat.
  • Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aldarrikatutako hautagaitza guztien boto-txartel bana.
  • Jarraibide-orri bat.
  • Posta bidezko botoa bidaltzeko frankeo-gastuak itzultzeko inprimaki bat.

Zer egin behar dut Hautesle Erroldako Bulegoaren Ordezkaritza Probintzialak (HEBOP) egonkorki atzerrian bizi diren egoiliarren botorako bidalitako agirien artean boto-txartel, gutun-azal edo agiriren bat falta bada?

Euskal Autonomia Erkidegoko dagokizun Hautesle Erroldako Bulegoaren Ordezkaritza Probintzialeko telefono-zenbakira deitu behar duzu; telefono-zenbakiak webgune honetako Helbide interesgarriak atalean aurki ditzakezu.

Euskal Autonomia Erkidegoan jaioa naiz, eta bertan ez dauden egoiliarren hautesle-erroldan inskribatuta nago, baina bizi naizen herrialdean debekatuta dago posta bidezko botoa. Nola bozka dezaket datozen Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetan?

Inskribatuta zauden kontsulatu edo enbaxadara bertaratuta bozkatu ahalko duzu uztailaren 8tik 10era artean. Luzatutako epea uztailaren 12ko uztailaren 20:00ra arte –igandea, penintsulako ordua- (2000-06-03ko HBZren arabera). Hantxe, dagokizun lurralde historikoko hauteskunde-batzordera zuzendutako gutun-azala sartu ahalko duzu berariaz jarritako kutxan, zure burua NANarekin, pasaportearekin edo nazionalitate-ziurtagiriarekin identifikatu eta kontsulatu edo enbaxadako funtzionarioari erroldan inskribatuta zaudela jasotzen duen bigarren ziurtagiria eman ondoren.

Euskal Autonomia Erkidegoan jaioa naiz, eta Bordelen (Frantzia) bizi ohi naiz, baina etxez aldatu berri naiz, Parisera. Zer egin behar dut egonkorki atzerrian bizi diren egoiliarren botorako agiriak bizileku berrian jaso ahal izateko?

Hainbat aukera daude, bizileku-aldaketa zer egunetan gertatu den arabera:

  • Bizileku-aldaketa 2016. eta 2020. urteen artean gertatu bazen eta zegokion kontsulatu espainiarrari horren berri eman bazenion 2020ko martxoaren 1a baino lehen, orduan bozkatzeko agiriak Parisen duzun egungo bizilekura bidaliko dizkizute.
  • Bizilekua hauteskundeak deitu ondoren aldatzen baduzu, dagokizun kontsulatu espainiarrari jakinarazi beharko diozu eta Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeetarako izango ditu ondorioak, hauteskunde autonomiko hauetarako agiriak Bordelen zenuen bizilekura bidaliko baitituzte.
  • Hurrengo hauteskundeetarako, bozkatzeko mota horretarako agiriak egun duzun bizilekura bidaltzea nahi baduzu, emaiozu berehala bizileku-aldaketaren berri dagokizun kontsulatu espainiarrari.

Hautesleek posta bidezko botoa bidaltzea eta horretarako epea

Zer egin behar dute egonkorki atzerrian bizi diren egoiliarren posta bidezko botorako agiriak jaso dituzten hautesleek?

Bi modutara bidal ditzakete:

  • Postaz, inskribatuta dauden kontsulatu edo enbaxadara: Horretarako, aukeratu nahi duzun boto-txartela, sartu bozketarako gutun-azalean eta azken hori itxi. Ondoren, sartu bozketarako gutun-azala, erroldan inskribatuta zaudela dioen ziurtagiria eta Espainiako aginteak egindako zure NAN edo pasaportearen fotokopia (edo, hori ez baduzu, Espainiak bizi zaren herrialdean duen kontsulatuak egindako nazionalitate-ziurtagiria edo kontsulatu-matrikulako erregistroan izena eman izanaren ziurtagiria) dagokizun lurralde historikoko hauteskunde-batzordera zuzendutako gutun-azalean.
    • Ahaztu gabe idatz itzazu gutun-azalean zure izen-abizenak, igorleari dagokion tokian. Ondoren, gutun-azal hori inskribatuta zauden kontsulatu edo enbaxadara zuzendutako beste gutun-azal batean sartu behar duzu.
    • Eta posta ziurtatu bidez bidali gutun-azal hori uztailaren 8a baino lehen. (Luzatutako epea uztailaren 11ra arte- larunbata-,2000-06-03ko HBZren arabera).
  • Inskribatuta zauden kontsulatu edo enbaxadara joan zaitezke uztailaren 8tik 10era. (Luzatutako epea uztailaren 12ko uztailaren 20:00ra arte –igandea, penintsulako ordua-, 2000-06-03ko HBZren arabera), (EAEko ordutegia) hauteskunde-batzordera zuzendutako gutun-azala berariaz jarritako kutxan sartzera; horrez gainera, kontsulatuko funtzionarioari eman beharko diozu erroldan inskribatuta zaudela jasotzen duen bigarren ziurtagiria, eta zure nortasuna kreditatu beharko duzu, agiri hauetako baten bidez:
    • Pasaportea,
    • NANa,
    • espainiar nazionalitatearen ziurtagiria, edo
    • kontsulatu-matrikulako erregistroan izena eman izanaren ziurtagiria.

Nola bidaltzen da egonkorki atzerrian bizi diren egoiliarren botoa?

Presazko posta ziurtatuz, kontsulatura edo enbaxadara, ekainaren 17tik uztailaren 7ra artean (Luzatutako epea uztailaren 11ra arte- larunbata-,2000-06-03ko HBZren arabera), (Hauteskunde Erregimen Orokorrari buruzko Lege Organikoko 75. artikulua). Edo dagokion lurralde historikoko hauteskunde-batzordera zuzendutako gutun-azala kontsulatuko kutxan sartuz, uztailaren 8tik 10era (Luzatutako epea uztailaren 12ko uztailaren 20:00ra arte –igandea, penintsulako ordua-, 2000-06-03ko HBZren arabera). (EAEko ordutegia).

Nori bidaltzen zaio egonkorki atzerrian bizi diren egoiliarren botoa?

Euskal Autonomia Erkidegoan izan zenuen azken bizilekuko udalerriari dagokion lurralde historikoko hauteskunde-batzordera, inskribatuta zauden kontsuletxearen edo enbaxadaren bidez. Azken horrek Madrilgo Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministeriora bidaliko du, horretarako eratzen den bulegoaren bidez, dagokion hauteskunde-batzordera helaraz dezaten (Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoaren 75. artikulua).

Baliozkoa al da egonkorki atzerrian bizi direnen botoa baldin eta epearen barruan dagokien lurralde historikoko hauteskunde-batzordera iristen bada, posta-bulego batetik bidalita, hau da, Kanpo Arazoetako Ministeriotik igaro gabe?

Ez, halakoetan botoa baliogabea da, ebazpen honen arabera: 2012ko maiatzaren 12ko Konstituzio Auzitegiaren epaia.

Zer gertatzen da egonkorki atzerrian bizi direnen botoak kontaketa orokorra baino geroago iristen badira lurralde historikoko hauteskunde-batzordera?

Ez dira kutxan sartuko, ezta baliozko, baliogabe edo zuritzat joko ere, eta boto-papera barnean daraman gutun-azala suntsitu egingo da, hautagaitzaren bateko artekari edo ahaldunek horri aurka egiten ez badiote (Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoaren 75. artikulua). Nolanahi ere, hauteskunde-batzordeak ez du suntsituko boto horien frankeo-gastuak itzultzeko inprimakia, eta dagokion posta-bulegora bidaliko du.

Nork ordainduko dizkit egonkorki atzerrian bizi diren egoiliarren botoa barruan duen gutun-azala posta ziurtatuz kontsulatura bidaltzeko frankeo-gastuak?

"Correos y Telégrafos” erakundeko Zuzendaritza Nagusiak posta-ziurtagiriaren balioa itzul diezaioke, Hautesle Erroldaren Bulegoaren Probintzia Ordezkaritzak bidalitako taloia beteta, baldin eta dagokion lurralde historikoko hauteskunde-batzordera bidaltzen badu gutun-azal batean (apirilaren 16ko estatu-mailako 605/1999 Errege Dekretuaren 11. artikulua, eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako posta-zerbitzuaren kolaborazioari buruzko Estatuko Agindua).

Nahitaezkoa al da atzerriko herrialdeetako posta-bulegoetan atzerriko egoiliar egonkorren posta bidezko botoa posta ziurtatuz bidaltzean frankeoa ordaintzea? Posta-frankeorik gabe botoa bidal al daiteke?

Herrialde batzuetan posta-frankeoa ordaintzea nahitaezkoa da posta bidezko botoa daramaten bidalketa guztietarako. Frankeo-gastuak “Correos y Telégrafos” erakundeko Zuzendaritza Nagusiak itzuliko dizkizu gero, dagokion inprimakia bete eta lurralde historikoko hauteskunde-batzordera zuzendutako gutun-azalean sartzen baduzu.

Beste herrialde batzuetan frankeoa ez da beharrezkoa, doakoa baita. Hori dela eta, HEBPOk herrialdearen arabera dagokion frankeorik gabeko gutun-azala bidaliko dizu etxera, posta bidez bozkatzeko gainerako dokumentazio guztiarekin batera.

Egonkorki atzerrian bizi direnen botoa zenbatzea

Nork zenbatzen du egonkorki atzerrian bizi direnen botoa?

Dagokion lurralde historikoko hauteskunde-batzordea, hauteskunde-mahaia eratuta (ELHLren 124 bis artikulua).

Noiz zenbatzen da egonkorki atzerrian bizi direnen botoa?

Uztailaren 17ko 08:00etan (ELHLren 124. eta 124 bis artikuluak).

Nola zenbatzen da egonkorki atzerrian bizi direnen botoa?

ELHLren 124 bis artikuluaren arabera, zenbaketa orokorraren egunean lurralde historikoko hauteskunde-batzordeak hauteskunde-mahaia eratzen du goizeko 08:00etan, hautagaitzek izendatutako artekariekin, ordu horretara arte jasotako egonkorki atzerrian bizi diren hautesleen botoak zenbatzeko.

Zeintzuk dira egonkorki atzerrian bizi direnen botoak kutxan sartzeko eskakizunak?

Hona hemen Hauteskunde Erregimen Orokorrari buruzko Lege Organikoko 75.3 artikuluak xedatzen dituenak:

  • Hautesleak atzerrian bizi eta bertan ez dauden egoiliarren errolda berezian izena emanda egotea.
  • Lurralde historikoko hauteskunde-batzordera zuzendutako gutun-azala posta bidez uztailaren 8a baino lehen bidaltzea Kontsuletxe edo Enbaxadara.
  • Edo uztailaren 8tik 10era bitartean Enbaxada edo Kontsuletxeko hautesontzian gordailuan uztea Lurralde Historikoko Hauteskunde-batzordeari zuzendutako gutun-azala, barruan botoa duena.

Horretarako gutun-azalean nahitaez agertu beharko da bidalketa egin den atzerriko herrialdeko posta-zerbitzuaren edo kontsulatuaren zigilu-marka edo bestelako idazkun ofizialen bat, denborazko eskakizun hori beteta dagoela ziurtatzen duena.

Baliozkoa al da egonkorki atzerrian bizi direnen botoa baldin eta horrekin batera ez bada atzerrian bizi eta bertan ez dauden egoiliarren erroldan inskribatuta egotearen ziurtagiria bidali?

Ez da baliozkoa, Hauteskunde-batzorde zentralaren 1998ko apirilaren 20ko akordioaren arabera.

Ontziratutako langileak

Nork eska dezake ontziratutako langileen posta bidezko botoa?

Ontziratutako langileen posta bidezko botoaren bidez gauzatu ahalko dute bozkatzeko eskubidea hauteskunde-egunera arte Espainiako banderadun armadaren ontzietan, merkataritza-ontzietan edo alturako arrantza-ontzietan itsasoratuta egongo diren hautesleek, baldin eta denbora-tarte horretan aurrez ezagututako eta estatuko lurraldeko portuak ukitzen badituzte.

Nori eskatzen zaio ontziratutako langileen posta bidezko botoa?

Erroldatuta dauden lurralde historikoari dagokion Hautesle Erroldako Bulegoaren Ordezkaritza Probintzialari.

Noiz eskatu behar dut ontziratutako langileen posta bidezko botoa?

Maiatzaren 19tik uztailaren 2ra epean, biak barne.

Nola ematen dute posta bidezko botoa ontziratutako langileek?

    • Ontziratutako langileen posta bidezko botoa eskatzea::
      • Hautesle-erroldan inskribatuta daudela jasotzen duen ziurtagiria eskatuko zaio, irrati-telegrafo, fax edo posta elektroniko bidez, inskribatuta dauden lurralde historikoari dagokion Hautesle Erroldaren Bulegoaren Probintzia Ordezkaritzari. Irrati-mezuak doakoak izango dira.
      • Mezu horietan honako datu hauek agertu beharko dira:
        • Eskatzailearen izen-abizenak.
        • NAN zenbakia.
        • Jaiotza-data.
        • Jaiotza-probintzia eta -udalerria.
        • Egoitza-udalerria, hautesle-erroldan izena emanda zaudena.
        • Zure etxebizitzaren kalea eta zenbakia.
        • Ontziratuta zauden itsasontziaren izena.
        • Itsasontzia porturatuko den portuaren edo portuen izena eta data zehatzak.
        • Hauteskunde-agiriak beste itsasontzi baten bidez jasotzeko aukera badago, irrati-mezuan zehaztu beharko dira, halaber, itsasontzi horretako armadorearen, jasotzailearen edo itsasontziaren izenak.
    • Hautesle Erroldako Bulegoaren Ordezkaritza Probintzialak hautesleari postaz bozkatzeko agiriak bidaltzea:
      • Mezua jasotzean, Hautesle Erroldako Bulegoaren Ordezkaritza Probintzialak ekainaren 22tik aurrera bidaliko du, eskatzailearen izenean eta irrati-mezuan zehaztutako sistemaren bitartez, agiri hauek barne hartuko dituen gutun-azal bat:
        • Hautesle-erroldan izena emanda zaudela adierazten duen ziurtagiria.
        • Bozkatzea dagokizun hauteskunde-mahaiko lehendakariari zuzendutako gutun-azal bat.
        • "Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak - Elecciones al Parlamento Vasco" idazpurudun gutun-azal bat, boto-txartela barruan sartzeko.
        • Aldarrikatutako hautagaitza bakoitzaren boto-txartel bat.
    • Hautesleak egin beharrekoa ontziratutako langileen posta bidezko botoa hauteskunde-mahaira bidaltzeko::
      • Ekainaren 22tik uztailaren 5era epean (biak barne) goian aipatutako agiriak jaso eta berehala, eragiketa hauek gauzatu beharko dituzu:
        • 1: Bozkatu nahi duzun Eusko Legebiltzarrerako aldarrikatutako hautagaitzaren boto-txartela hartu, "Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak - Elecciones al Parlamento Vasco" idazpurudun gutun-azalean sartu, eta gutun-azal hori itxi.

          Kontuz:

          • Ez sartu boto-txartel bat baino gehiago, hala eginez gero botoa baliogabea izango da eta
          • Ez sartu gutun-azal honetan hautesle-erroldan inskribatuta zaudela jasotzen duen ziurtagiria, bestela zure botoa ez da baliozkoa izango eta.
        • 2: Sartu hauteskunde-mahaiko lehendakariari zuzendutako gutun-azalean:
          • "Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak - Elecciones al Parlamento Vasco" idazpurudun gutun-azal itxia.
          • Hautesle-erroldan izena emanda zaudela adierazten duen ziurtagiria.

Kontuz:

    • Gutun-azal horrek ez du frankeorik behar, baina presazko posta ziurtatuz bidali behar da uztailaren 8a arte. (Luzatutako epea uztailaren 11ra arte- larunbata-,2000-06-03ko HBZren arabera).

Zer hautesle-erroldatan egon behar da inskribatuta posta bidezko boto mota hau erabili ahal izateko?

Euskal Autonomia Erkidegoko egoiliarren hautesle-erroldan.

Aldi baterako atzerrian bizi direnak

Hautesle-erroldan izena emanda egon behar al da Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetan boto mota hori erabili ahal izateko?

Bai, Euskal Autonomia Erkidegoko egoiliarren hautesle-erroldan.

Nork balia dezake posta bidezko botoa?

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeen deialditik hauteskunde-egunera arte aldi baterako atzerrian egongo direnek, baldin eta herrialde hartako kontsulatu edo enbaxadan ez-egoiliar gisa izena emanda badaude.

Non eta noiz inskriba naiteke ez-egoiliar gisa atzerrian banago?

Zure etxebizitzatik gertuen dagoen kontsulatuan, posta bidezko botoa eskatzera zoazenean edo hori baino lehen, edozein unetan, maiatzaren 19tik ekainaren 13ra. (Luzatutako epea ekainaren 16ra arte –asteartea-, 2000-06-03ko HBZren arabera).

Zer eskakizun bete behar da nahitaez posta bidezko boto mota hau erabili ahal izateko?

Zure etxebizitzatik gertueneko enbaxada edo kontsulatura bertaratu eta eskatzea.

Hau egin beharko du hautesleak posta bidezko botoa eskatzeko:

Kontsulatuan, kontsulatu-sekzioetan edo enbaxadan posta bidezko botoa eskatzeko inprimakia jaso edo webgune hauetatik deskargatu:

Nola eta noiz bidali behar da posta bidezko boto horren eskaera?

Aurrez aurre entregatuta kontsuletxean edo Espainiako enbaxadaren kontsul-atalean, maiatzaren 19tik ekainaren 13ra. Hark hautesleak adierazitako HEBPOri bidaliko dio.

Hautesle Erroldako Bulegoak erroldan idatzi badu hautesle jakin batek postaz bozkatuko duela, hautesle horrek Euskal Autonomia Erkidegoan bozka al dezake?

Ez, ezingo du inolaz ere bozkatu Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskunde-mahai batean.

Nora eta noiz bidaliko ditu bozkatu ahal izateko agiriak Hautesle Erroldako Bulegoak?

Hautesleak adierazitako atzerriko helbidera, presazko posta ziurtatuz, ekainaren 16tik 22ra.

Zer egin behar du hautesleak agiriak jaso ondoren?

Erroldan inskribatuta dagoela dioen ziurtagiria eta bozketarako gutun-azala (aukeratutako boto-txartela barruan duela) hauteskunde-mahaira zuzendutako gutun-azalean sartu eta posta ziurtatuz bidaliko du uztailaren 8ra arte.

Doanekoa al da botoa posta ziurtatuz atzerritik bidaltzea?

Frankeo-gastuak ordaindu behar dira baina diru-kopuru hori gero itzuliko dizute Espainiako edozein posta-bulegotan, boto hau baliatzeko bidaliko dizkizuten jarraibideekin batera erantsitako taloi-orria bete eta aurkeztuz gero.

Zer baldintza bete behar da hauteskunde-mahaiak posta bidezko botoa onar dezan?

Hauteskunde-mahaira bidalitako gutun-azalak atzerriko herrialdeko posta-bulegoren bateko zigilu-marka edo bestelako idazkun ofizialen bat edukitzea, botoa Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde-eguna baino hiru egun lehenago bidali dela egiaztatzeko. Gainera, gutun-azalaren barruan egon beharko dira bozketarako gutun-azala eta erroldan izena emanda zaudela jasotzen duen ziurtagiria.

Espetxeratutako pertsonak

Posta bidez bozkatzeko eskubidea al dute espetxeratutako pertsonek?

Bai, baldin eta beren zigorrak ez badu barne hartzen boto-eskubidea ezin baliatu ahal izatea.

Nola eskatzen da posta bidezko botoa?

Espetxe bakoitzeko zuzendaritzak posta-bulegoari galdatuko dio funtzionario bat maiatzaren 9tik uztailaren 2ra epean espetxe horretara bertaratzea, posta bidezko botoa eskatzeko inprimakiak eramatera ekainaren 22tik uztailaren 5era artean interesatuek inprimaki horiek bete ditzaten.

NANa, pasaportea edo gidabaimena ez daukadanez, zer agiri erabil dezaket posta bidezko eskaria izapidetzeko orduan nire burua identifikatzeko?

Espetxeratutako pertsona guztiek duten nortasun-agiria nahikoa izango da, baldin eta titularraren argazkia agertzen bada.

Nori eman behar diot posta bidezko botoaren eskabidea, bete ondoren?

Espetxera joango den posta-bulegoko langileari.

Nola jasotzen dituzte espetxeratuek postaz botoa emateko agiriak?

Hautesle Erroldako Bulegoaren Ordezkaritza Probintzialak posta-bulegoko funtzionarioaren bitartez eman behar dizkio interesatuari agiri guztiak (gutun-azalak, boto-txartelak eta erroldan izena emanda dagoela jasotzen duen ziurtagiria), maiatzaren 9tik uztailaren 2ra.

Agiriak jaso ondoren, nola bidali behar dut posta bidezko botoa hauteskunde-mahaira?

Interesatuak dagokion boto-txartela hautatu eta bozketarako gutun-azalean sartu beharko du, lehenik. Gutun-azal hori eta erroldan izena emanda dagoela jasotzen duen ziurtagiria hauteskunde-mahaira zuzendutako beste gutun-azal batean sartuko ditu. Correos erakundeko funtzionarioek gutun-azal horiek hauteskunde-mahaietara helaraziko dituzte bozketaren egunean. Interesatuak ekainaren 22tik uztailaren 5era egin beharko ditu eragiketa horiek. (Luzatutako epea uztailaren 10eko 14:00ra arte -ostirala-, 2000-06-03ko HBZren arabera).

Twitter

Azken aldaketako data: