Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2020. Mahaiko kideak. Bideoa
Hauteskunde-mahaia: bideo honen bitartez, saiatuko gara zalantzarik ohikoenak argitzen
Zer da hauteskunde-mahaia?
Bozketa gidatzen duen organoa da. Bozketaren garapena kontrolatzen du, eta emaitzen kontaketa egiten du.
Mahaiburua da hauteskunde-lokalaren barruko ordena publikoaren agintaria, eta hautesleen ordena zaintzeko eta askatasuna bermatzeko aginpidea du. Hauteskunde-lokaletara bideratutako ertzainek eskainiko diote mahaiburuari behar duen laguntza.
Nork osatzen du?
Mahaia mahaiburuak eta bi bokalek osatzen dute. Karguak nahitaezkoak dira, eta hauteskunde-delitutzat har daiteke ez agertzea. Mahaikide bakoitzari 85 €-ko dieta dagokio, eta, hauteskunde-egunean, Gizarte Segurantzaren estaldura izango du.
Nola osatzen dira mahaiak hauteskunde-egunean?
Mahaiburua, bokalak eta haien ordezkoak 8:00etan elkartzen dira hauteskunde-lokalean. Mahaiburua eta bokalak ez badira agertzen, ezin da mahaia sortu; hori gertatuko balitz, jakinaren gainean jarriko da Eskualdeko Hauteskunde-batzordea, eta hark izendatuko ditu mahaiko kideak.
Oraingoan, Covid-19a dela eta; mahaikideek maskara jantziko dute bozketa egun osoan zehar. Gainera, eskuak garbitzeko gela mahaian bertan eskuragarri izango dute.
Nola identifikatuko da hauteslea?
Bozketa 9:00etatik 20:00etara izaten da, etenik gabe. Bozkatu ahal izateko, hautesle bakoitza identifikatu egin beharko da mahaian, nortasun agiri nazionalarekin (NAN), pasaportearekin (argazki eta guzti) edo gidabaimenarekin (argazki eta guzti).? Dokumentu horiek balio dute, nahiz eta iraungita egon. Baina jatorrizkoak izan behar dute: fotokopiek ez dute balio. ? Botoa ematea ekintza pertsonala eta besterenezina da; hortaz, inork ezin du botoa eman beste inoren tokian.
Oraingoan, Covid-19a dela eta; hauteslea maskara jantzita sartu beharko da hauteslekura eta lokalaren sarreran eta irteeran eskuak garbitzeko gela izango du. Hautesleak bere identifikazio-agiria ez die mahaikideei eskura emango, erakustearekin nahikoa izango da. Hala ere, mahaikideren batek hala eskatzen badio, identifikazio-agiria mahaikideei hurbilduko die edo mahai gainean utziko du. Identifikaziorako ezinbestekoa balitz, hautesleari maskara une batez kentzeko eska diezaiokete.
Nola jokatu behar dut pertsona baten genero-identitatea ez badator bat identifikatzeko erabiltzen duen dokumentuan agertzen denarekin?
Funtsezkoa da hauteskunde-mahaiko kide guztien aldetik jaso behar duen errespetuzko tratua. Hauek dira jarraitu beharreko jarraibideak:
- Hizkuntza neutroa erabili, hautesleari zuzentzeko generoa ez baduzu ezagutzen.
- Ez onartu edozein motatako txantxa edo tratu iraingarria.
- Identifikazio-agirian agertzen diren izen-abizenak ahoskatzean, mahaiko gainerako kideek entzuteko moduko gutxieneko ahots-tonuan egin, edo ozen irakurri gabe identifikazio-agiria mahaikideei hurbildu.
- Jaso bilera-aktan gorabeheraren bat gertatzen bada.
Hautesleak erreklamatzeko eskubidea izango du, bere nortasuna zalantzan jartzen bada edo boto-eskubidea ukatzen bazaio
Eta boto-txartelak falta badira?
Mahaiak ikusten badu hautagai-zerrendaren bateko boto-txartelak falta direla, dagokion hauteskunde-zerrendako ahaldun edo artekariek hornitu ahalko dituzte behar diren boto-txartelak. Ezin baldin bada, mahaiburuak jakinaren gainean ipiniko du Eskualdeko Hauteskunde-batzordea, berehala ekar ditzaten. ?
Eman dezake botoa hautesle batek, erroldan ageri ez bada?
Mahaiburuak onartuko du pertsona horren botoa, baldin eta egiaztatuta baldin badauka eskubide hori epai judizial baten bidez edo Hautesle Erroldaren Bulegoko errolda-ziurtagiri berezi baten bitartez. Egiaztatu beharko da hautesle horren helbidea bat datorrela botoa emateko mahaiarekin. ?
Noiz hasten da boto-kontaketa?
Bozketa amaitu ostean, 20:00etan, posta bidezko botoak sartzen dira hautestontzian. Mahaiko kideek eta horretarako eskubidea duten artekariek botoa emango dute, eta orduantxe hasiko da kontaketa. Mahai bakoitzeko boto-kontaketa publikoa da. Zenbaketaren hasieran, edozer herritar bertaratu daiteke –baina ez dute izango ez ahotsik, ez botorik–. Ezin dute egin erreklamaziorik edo protestarik, eta ezingo dute eskuhartu kontaketan.
Oraingoan, Covid-19a dela eta; boto-kontaketan parte hartzen dutenek FFP2 maskara eta nitrilozko eskularruak eraman beharko dituzte. Areto bakoitzean sar daitekeen pertsona-kopurua mugatuta egongo da segurtasun-distantzia mantentzea ahalbidetzeko.
Zer boto mota daude?
Botoak baliozkoak edo baliogabeak izan daitezke. Baliozko botoak dira: hautagai-zerrenden aldeko botoak eta boto zuriak. Boto zuritzat joko dira barruan boto-txartelik ez daukaten gutun-azalak. Eta boto baliogabetzat hartuko dira Hauteskunde Legeak halakotzat jotakoak, irregulartasunen bat dutelako.
Nork erabakitzen du botoa baliogabea ote den?
Mahaiburuak eta bokalek bakarrik erabaki dezakete boto bat baliozkoa ala baliogabea den. Mahaiak baliogabetzat jotako botoak gorde egin behar dira beti, etorkizunean erreklamazioren bat izango balitz ere, eta dokumentazioko 1. gutun-azalean gordeko dira.
Noiz amaitzen da mahaiaren lana?
Emaitzen boto-zenbaketa amaitu ostean, mahaiak, bilkura-akta idatzi eta sinatu ondoren, marroi koloreko lau gutun-azal handitan banatuko du dokumentazioa. ?Lehen gutun-azalean gordeko dira mahaia eratzeko jatorrizko akta, bilkura-aktaren jatorrizkoa, boto-emaileen zerrenda zenbakitua, hautesle erroldaren zerrenda eta baliogabeko boto-txartelak. Bigarren eta laugarren gutun-azaletan, saioaren eraketa- eta bilkura-aktak gordeko dira. Hirugarren gutun-azalean, berriz, esandako kopiez gainera, atzerriko botoaren bidalketa gastuak itzultzeko eskabideak ere bilduko dira, halakorik balitz.
Nork sinatzen ditu gutun-azalak?
Lau gutun-azalak itxi ostean, mahaiburuak, bokalek eta artekariek sinatuko dituzte, azal-hegalak gurutzatuz. Eta, berehala, mahaitik gertuen dagoen lehen auzialdiko epaitegira edo bake-epaitegira joko dute, gutun-azal horiek entregatzera.
Azken aldaketako data: