Segurtasun Saila

Eusko Legebiltzarra 2024. Galderak eta erantzunak. Bozketaren eguna.

Bozketa-ordutegia

Boto-eskubidea baliatzea

Hautesleen lan-eskubideak

Hautesleentzako debekuak

Bozketa-ordutegia

Zein da bozketa-ordutegia?

9:00etatik 20:00etara (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 101.1 artikulua).

Boto-eskubidea baliatzea

Zer baldintza bete behar da hauteskunde hauetan hautesle izan eta botoa eman ahal izateko?

Hona hemen hautesle izateko eskakizunak (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 2. artikulua):

  • Politikoki Euskal Autonomia Erkidegokoa izatea, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren bateko biztanle izatea.
  • Hauteskunde-egunean adinez nagusia izatea
  • Espainiar nazionalitatea izatea.
  • Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde bakoitzerako berritzen den Euskal Autonomia Erkidegoko Hautesle Erroldan agertzea.

Botoa eman al dezaket nire NANa, pasaportea edo gidabaimena iraungita badago?

Bai. Bozka dezakezu agiri horiek iraungita egonda ere, baldin eta horietan hauteslearen argazkia ageri bada (Euskal Autonomia-erkidegoko hauteskunde-batzordearen 1990eko irailaren 26ko akordioa).

Bozka al dezaket NANa berritzeko frogagiriarekin?

Ez, agiri horretan ez baita hauteslearen argazkia ageri.

Bozka al daiteke futbol-taldeko, unibertsitateko edo bestelako agiri profesional edo pribatu batekin, baldin eta horietan titularraren argazkia agertzen bada?

Ez, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeak (105.1 artikulua) ez baitu halakorik baimentzen; izan ere, ez dira hauteslearen nortasuna ziurtatzeko agiri ofizialtzat jotzen (gai horri dagokionez, informazio hau lagungarri izan daiteke: AEHBren 2001-04-02ko Instrukzioa eta HBZren 2005-03-10ko akordioa).

Hautesle izanda kartzelan dauden pertsonek bozka al dezakete?

Bai, baina postaz bakarrik. (Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu webgune honetako “Posta bidezko botoa” atala).

Hauteskunde-mahaiko erroldan izena emanda ez dagoen norbaitek mahai horretan bozka dezake?

Bai, salbuespen gisa, hiru egoera hauetan:

  • Hautagaitzetako artekariek, jarduna betetzen duten mahaian, baldin eta kreditatuta dauden mahai horri dagokion barrutiko hautesleak badira.
  • Hauteskunde-mahai horretako erroldan alta emateko Hautesle Erroldako Bulegoaren Ordezkaritza Probintzialak emandako (edo udalaren bidez izapidetutako) errolda-ziurtagiri bat aurkeztuz gero. Bozketa-eguneko arratsaldeko 20:00ak arte aurkeztu ahalko dira ziurtagiri horiek (ikus Hauteskunde Erregimen Orokorrari buruzko Lege Organikoko 85.1 artikulua eta Hauteskunde Batzorde Nagusiaren 2003ko maiatzaren 7ko Instrukzioa).
  • Hautesleak hauteskunde-mahaiko erroldako zerrendetan agertzeko duen eskubidea egiaztatzen duen epai bat aurkeztuz hauteskunde-mahaian (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 105.4 artikulua).

Hautesleen lan-eskubideak

Nola bozka dezakegu hauteskunde-egunean lan egin behar dugunok?

  • Hauteskunde-egunean enpresaren ordaindutako baimen bat izateko eskubidea duzu, botoa ematera joan ahal izateko. Ondoko hau zehaztu behar da, hala ere:
  • Zure lanaldiak guztiz bat egiten badu hauteskunde-eguneko ordutegiarekin (9:00etatik 20:00etara), 4 orduko ordaindutako baimena izateko eskubidea duzu.
  • Zure lanaldiak 4 orduz edo gehiagoz bat egiten badu bozketa-ordutegiarekin (baina ez guztiz, aurreko egoeran bezala), 4 orduko ordaindutako baimena izan ahalko duzu.
  • Zure lanaldiak 4 ordu baino gutxiagoz bat egiten badu aipatutako bozketa-ordutegiarekin, ordaindutako baimena lanaldiak eta bozketa-ordutegiak bat egiten duten ordu-kopurukoa izango da.
  • Lanaldi partzialeko kontratua baduzu eta zure lanaldia arrunta baino laburragoa bada, zure ordaindutako baimena lanaldi arruntarekiko proportzioan murriztuko da.

Lanaldia murrizteko eskubidea al dut, nire enpresan dagokidan lanaldia gogoeta-eguneko gauean hasi eta bozketa-eguneko goizeko 8:30an bukatzen bada?

Ez, beren lanorduek bozketa-ordutegiarekin guztiz edo hein batean bat egiten EZ badute langileek ez baitute enpresan baimena eskatzeko eskubiderik.

Bozketa-egunean nire ohiko bizilekutik urruti lan egin behar dut; posta bidezko botoa eskatzeko eskubiderik ba al dut?

4 orduko ordaindutako baimen berreskuraezina hartzeko baimena duzu, deialdiaren egunetik posta bidezko botoa eskatzeko epea bukatu arte, posta-bulegora joan eta dagokion inprimakia betetzeko.

Bozketa-egunean lan egin behar duen langile bat naiz eta enpresari ordaindutako baimena eskatzeko eskubidea dut, baina nola justifika diezaioket enpresari bozkatzera joan naizela?

Horretarako, hautesle guztien eskura daude, botoa ematen duten hauteskunde-mahaietan, bozketa-egunean botoa eman izanaren ziurtagiriak, hauteskunde-mahaiak sinatu beharrekoak.

Hautesleentzako debekuak

Posta bidezko botoa eskatu dut baina ez dut beharrezko dokumentazioa jaso. Hauteskunde-mahaira joan naiteke bozkatzera?

Ez. Posta bidezko botoa eskatuz gero, botoa postaz eman edo ez eman, debekatuta dago hauteslekura bertaratuz bozkatzea (Hauteskunde Erregimen Orokorrari buruzko Lege Organikoko 73.1 artikulua).

Posta bidezko botoa eskatu dut bozketa-egunean Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egongo nintzela pentsatuz, baina azkenean ez dut joan behar. Botoa ematera joan al naiteke dagokidan hauteskunde-mahaira?

Ez. Posta bidezko botoa eskatuz gero, botoa postaz eman edo ez eman, debekatuta dago hauteslekura bertaratuz bozkatzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 73.1 artikulua).

Twitter

Azken aldaketako data: