aurrekoa | aurkibidea | hurrengoa
3. artikulua.- Definizioak
Lege honen ondorioetarako, hona hemen definizio batzuk:
a) Datu pertsonalak: identifikatutako edo identifika daitezkeen pertsona fisikoen gaineko edozein informazio. Zuzenean edo zeharka nor den jakiteko moduko edonor da identifikagarria, eta, bereziki, nortasun-zenbaki baten bidez edo ezaugarri baten edo batzuen bidez identifika daitekeen edonor, berdin dio ezaugarri horiek fisikoak, fisiologikoak, psikikoak, ekonomikoak, kulturakoak edo sozialak izan.
b) Fitxategia: datu pertsonalen multzo antolatu oro, datu-multzoa sortu, jaso, antolatu eta eskuratzeko modua edozein dela ere.
c) Datuen tratamendua: eragiketa eta prozedura teknikoak dira -batzuetan automatizatuak beste batzuetan ez-, eta datuak bildu, grabatu, gorde, landu, aldatu, blokeatu eta indarrik gabe uzteko aukera ematen dute. Komunikazio, kontsulta, elkarkonexio eta transferentzien eraginez datuak uztea ere datuak tratatzea da.
d) Fitxategiaren edo tratamenduaren erantzulea: pertsona, erakunde, entitate, korporazio edo administrazio-organoren bat izango da, hari atxikita egongo da fitxategia, eta hark erabakiko du tratamendua zertarako den, zein eduki duen eta nola egin behar den. Fitxategia sortzen duen xedapenean zehaztuko da nor den erantzulea. Segurtasuneko agirian zehazturikoak izango dira erantzulearen eginkizunak.
e) Tartekoa edo interesduna: tratatu beharreko datuen titularra den pertsona fisikoa. Artikulu honetako c) letran dago zehazturik tratatze hori.
f) Tratamenduaren arduraduna: pertsona fisikoa edo juridikoa, aginte publikoa, zerbitzua edo beste edozein erakunde izan daiteke, eta hark tratatzen ditu, arduradunaren aginduz, berak bakarrik edo beste batzuekin batera, datu pertsonalak.
g) Interesdunaren adostasuna: interesdunak baiezkoa ematea bere datu pertsonalak tratatzeari; inork inola estutu gabe, zalantzarako biderik eman gabe, berariaz eta zer egiten duen jakinda egin beharko du.
h) Datuak uztea edo jakinaraztea: interesduna ez den beste pertsona bati datuak erakustea.
aurrekoa | aurkibidea | hurrengoa
|