Segurtasun Saila

Konpartitu

Europako Parlamenturako hauteskundeak 2024ko ekainaren 9a. Mahaikideak. Gida

Izendapena eta mahaian ez egoteko aitzakia nagusiak

Udal bakoitzeko udalbatzan, hauteskunde-mahaikideetarako zozketa publikoa egingo da (mahaiko lehendakari zein bokal izendatzeko), datorren 2024ko ekainaren 9ko hauteskundeetarako. Zozketan udaleko hautesle-erroldan inskribatutako hautesle guztiak sartuko dira. Ondoren, udalak izendapena jakinaraziko die bai titularrei bai ordezkoei. Jakinarazpenarekin batera, jarraibide-eskuliburu bat emango zaie.

Mahairako izendatutako pertsona titularrek edo ordezkoek Mahaian ez egoteko kausak (arrazoiak) alegatu ditzakete izendatu dituen Eskualdeko Hauteskunde-batzordearen aurrean. Kausa horiek agiri bidez frogatu behar dira. Onartzen diren arrazoiak hemen daude argitaratuta –apirilaren 28ko 6/2011 Instrukzioa, hauteskunde-mahaiko karguak hartzeko eragozpen zein aitzakia justifikatuei buruzkoa, Hauteskunde Batzorde Zentralaren abenduaren 11ko 2/2014, irailaren 14ko 3/2016, martxoaren 14ko 1/2018 eta ekainaren 28ko 7/2023 jarraibideek aldatua–.

Arrazoi horiek idatziz aurkez daitezke, dela Eskualdeko Hauteskunde-batzordera bertaratuta, dela batzordeari fax edo posta bidez bidaliz –web-orri honetan ikusi Eskualdeko Hauteskunde-batzordeen helbideak eta telefono- eta fax-zenbakiak–. Aitzakiak telematikoki  aurkeztu ahal izango dira.

Alegatutako arrazoia onartzen ez badu, Eskualdeko Hauteskunde-batzordeak, interesdunari hori jakinaraztean, alegazioa ez onartzearen arrazoia azaldu beharko du, labur. Erabaki horren aurka ezin da inolako administrazio-errekurtsorik jarri.

Lege-epe garrantzitsuenak:

  • Udalen zozketak: maiatzaren 11tik 15era
  • Izendapenen jakinarazpena: maiatzaren 11tik 18ra
  • Aitzakiak aurkeztea: maiatzaren 12tik 25era
  • Eskualdeko Hauteskunde Batzordeak arrazoitutako ebazpena, aurkeztutako aitzakiei buruzkoa: maiatzaren 13tik 30era

Dietak eta Gizarte Segurantzaren estaldura:

  • Dietak: Mahaiko lehendakariak eta bokal bakoitzak 70€ jasoko dituzte, inolako zerga-atxikipenik gabe –INT/212/2023 Agindua, martxoaren 1ekoa, hauteskunde-mahaietako kideen dieta arautzen duena–.
  • Gizarte Segurantzaren estaldura: Mahaikideak (presidentea eta bokalak) Gizarte Segurantzaren sistemaren babesa izango dute, hauteskundeetan parte hartzearen ondorioz izan daitezkeen kontingentzia eta egoeretarako. Estaldura hori baliatzeko beharra izanez gero, gobernuaren ordezkaritzarekin/ordezkaritzaordetzarekin jarri beharko dute harremanetan –web-orri honetan ikusi gobernuaren ordezkaritzen eta ordezkaritzaordetzen helbideak eta telefono-zenbakiak–.

Lan-eskubideak: 

Hauteskunde-mahaien presidenteak eta bi bokalek, besteren konturako langileak edo funtzionario publikoak badira, (ekainaren 9an, igandean, asteko atseden egunik gabe geratzen badira zein ez) eskubidea dute ekainaren 10eko, hau da, hauteskunde-egunaren hurrengo eguneko lanaldian bost orduko baimen ordaindua izateko, eta errekuperatu beharrik gabekoa. Xede horretarako, enpresak edo erakunde ofizialak hauteskunde mahaikide izendatzeko jakinarazpena eska dakieke, baimen horretarako frogagiri gisa.

Mahaikideen betebeharrak

Mahaiko lehendakari- eta bokal-karguak betetzea derrigorrezkoa da. Beraz, hauteskunde-delitutzat jotzen da izendatutako pertsonak bozketa-egunean dagokien betebeharrak betetzeko mahaira ez joatea, bai eta mahaiko eginkizunak kausa legitimorik gabe egiteari utzi eta alde egitea ere. Betebehar hori ez betetzeagatiko zigorra: hiru hilabetetik urtebetera bitarteko kartzela-zigorra edo sei hilabetetik hogeita lau hilabetera bitarteko isuna.

Ordezko mahaikide izendatu diren eta azkenean mahaiko kide izan behar izan ez duten pertsonek beren izen-abizenak jarri beharko dituzte osatze-aktako mahaiko kideen zerrendan.

Eginkizun nagusiak

Mahaiko lehendakaria da hauteslekuko agintaritza gorena, eta berari dagokio erabakitzea zer egin behar den bozketa-egunean gertatuko edozein egoeratan.

Bestalde, hauteskunde-egunean, mahaiko lehendakariari dagokio hauteslekuaren barruan eta haren inguruan ordena publikoko arauak betearaztearen ardura, hautesleen boto-askatasuna zein legea betetzen dela bermatzeko.

Mahaiko lehendakariaren ahalmenak

  • Hauteslekuaren barruan, aginte esklusiboa du, ordena publikoari eusteari dagokionez.
  • Xede horretarako, hauteslekuen babeserako esleitutako ertzainen esku-hartzea eska dezake, eta haiek lehendakariak eskatutako laguntza emango diote.

Ordena publikoko arauak

  • Hauteslekurako sarrerak oztoporik gabe egon behar du beti, sartzeko eskubidea duten pertsonentzat.
  • Ez da utzi behar sarrera oztopa dezakeen talderik osatzen hauteslekuan edo haren inguruetan.
  • Hauteslekuaren inguruetan, ez da onartu behar boto-eskubidea askatasunez baliatzeko eragozpenik edo hertsapenik eragin dezakeen jenderik egotea. Mahaiko lehendakariak hori ez gertatzeko neurri guztiak hartu behar ditu.
  • Ezin da hauteslekuan armekin edo armen moduan erabil daitezkeen tresnekin sartu, hauteslekua babesteko eginkizuna duten ertzainak izan ezik, presidenteak deitzen badie.
  • Ezingo dira hauteskunde-propagandako ekintzak egin, ez hauteslekuan, ezta inguruetan ere..

Gertakizunak jasotzea mahaiaren saio-aktan

Mahaiko lehendakariak edo bokalek saioaren aktan jasoko dituzte hauteslekuaren ordenan eragina izan duten istiluak, gertaera horiek eragin dituztenen izen-abizenak adierazita.