Hezkuntza Saila

Leitza

Nafarroako udalerria (Iruñeko merindadea). 1999ko datuen arabera, 3.003 biztanle ditu (leitzarrak). Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu euskaldunean dago. Ekonomia jarduera nagusiak industria (papergintza, janari industria, zurgintza, altzariak, eraikuntza; langileen % 61) eta zerbitzuak (merkataritza, irakaskuntza, garraioak, mekanikoak; langileen % 28) dira. Biztanle asko bizi da, halaber, nekazaritzari (artoa, lekadunak, barazkiak, bazkarako landareak) emana (langileen % 11). Aipagarri dira XVIII. mendeko udaletxe arkupeduna (XIX. mendean zaharberritua), XVII. mendeko San Migel Goiaingeruaren parrokia eliza eta Santakruz ermita.  v  Historia. Antso VI.a Jakituna Nafarroako erregearen eskutik jaso zituen Leitzako herriak, 1192. urtean, Gulinako ibarrak zituen eskubide berberak. Gipuzkoarekiko mugarria baitzen, borroka ugari gertatu ziren eremu honetan gipuzkoar eta leitzarren artean. 1445. urtean gipuzkoarrek Leitza erre zuten eta 1471. urtean bertako gaztelua suntsitu.