Hezkuntza Saila

Leeson, Liam

Irlandar antzezlea (Ballymena, Ipar Irlanda, 1953). Familia katoliko xume batean jaioa, boxeolari izan zen gaztetan, baina boxeoa utzi eta ikasten hasi zen, hasieran Queen Unibertsitatean eta gero Arte Dramatikoko Akademian. Antzerkian antzezlan txikiak egiten jardun zuen, harik eta Dublinera joan eta John Boormanen Excalibur filmarekin zineman debutatu zuen arte. Gero Londresera itzuli zen antzerkia egitera, baina 1987an Hollywoodera joatea erabaki zuen. Hango hasierak ez ziren batere errazak izan, baina gero emaztetzat hartu zuen Natasha Richardsonek Broadwayko Anna Christie antzezlanean lan egiteko aukera eskaini zion, eta Poeta desagertuen kluba filmeko protagonista izatea lortu ez bazuen ere, Steven Spielbergen Schindlerren zerrenda (1993) filmeko protagonista izateak ospe handia eman zion; ez zuen, halere, Oscar saririk lortu. Leesonek antzeztutako beste film batzuk: The good mother (1988); Husbands and wives (1992, Senarrak eta emazteak); Nell (1994); Before and after (1995, Aurretik eta ondoren); Michael Collins (1996) eta Dohakabeak (1998).