Hezkuntza Saila

Lecoin, Louis

Frantses militante anarko-sindikalista (Saint-Amand-Mont-Rond, 1888 - Les Pavillons-sous-Bois, 1971). Gaztetatik borrokatu zen alderdi politikoen agintepeko sindikalismoaren aurka. Kropotkinen jarraitzailea zen eta Union anarchiste taldeko idazkari izan zen 1912an. Bakezale porrokatua zen eta kartzelara eraman zuten 1916an, Lehen Mundu Gerraren aurkako ekimenak bultzatzeagatik. 1921. urtetik aurrera bereziki nabarmendu zen Sacco eta Vanzetti kide anarkisten alde, eta geroago, Durruti, Ascaso, Makhno eta Berneri anarkisten estradizioaren aurka. 1936an “Comité pour l’Espagne libre” delako batzordea sortu zuen Espainiako errepublikarren alde. 1939an berriro ere kartzelatu zuten, bakearen aldeko ekintzengatik. 1948an Défense de l’homme aldizkari anarkista sortu zuen eta 1956an Liberté izeneko egunkaria. 1962an armadaren aurreko intsumisioaren aldeko kanpaina bati ekin zion eta, hogeita hiru egunez gose greban egon ondoren, Frantziako parlamentuak objekziorako eskubidea onartzea lortu zuen. Armak uztearen aldeko batzordean lan egin zuen aurrerantzean, hil arte. Bi liburu idatzi zituen: De prison en prison (1947, Presondegiz presondegi) eta Le Cours d’une vie (1965, Bizitza baten joana).