Hezkuntza Saila

Lechín Oquendo, Juan

Boliviar sindikalista eta politikaria (1915 - 2001). Gaztetan futbolari eta Partido Obrero Revolucionario alderdiko kide izan zen. Boliviako Langile eta Meatzari sindikatuetako idazkari nagusia izan da behin baino gehiagotan. Movimiento Nacionalista Revolucionario (MNR) alderdiko buruzagietako bat ere izan zen, eta 1952ko iraultzaren ondoren Meategi eta Petrolio ministro izendatu zuten. 1960-64 bitartean presidenteorde izan zen Víctor Paz Estenssoro-rekin, eta aldi berean Italian enbaxadore (1962-63). 1964an MNR alderditik bota egin zuten, eta Partido Revolucionario de Izquierda Nacionalista (PRIN) alderdia sortu zuen. 1965az geroztik atzerriraturik egon zen Argentinan eta Txilen, eta 1980an itzuli zen Boliviara. Hasieran kartzelan sartu bazuten ere, askatu zutenean mugagabeko greba orokorra deitu eta demokraziaren itzulera eragin zuen Bolivian. PRIN alderdiaren presidentegai izan ostean, Alternativa Revolucionaria del Pueblo alderdia sortu zuen, baina 1989an galdu egin zituen berriro lehendakaritzarako hauteskundeak.