Hezkuntza Saila

Leconte de Lisle, Charles-Marie-René

Frantses poeta (Saint-Paul, Réunion, 1818 - Louveciennes, 1894). Frantziako parnasiar poeta handiena izan zen. Rennes-ko unibertsitatean ikasi zuen gaztetan. Parisa jo eta sozialismo utopikoa aldarrikatzen zuen La Democratie pacifique egunkarian lan egin zuen ondorengo urteetan. Greziako mitologiako sinboloez baliatu zen bere poemetan iraultza ideia horiek azaltzeko. 1848ko iraultza saioaren ondoren, ideologia hura utzi eta idazleak politikatik kanpo jardun behar duela argudiatu zuen. Erromantikoen moldeen aurka joz betiere, poesiaren barne-diziplina estua eta poeten joera inpertsonalaren aldeko izan zen. Erudizioz eta gehiegizko apaingailuz jantzi zituen bere obra gehienak, baina unibertso epiko landu bezain aberatsa eskaini zuen bere obra txiki batzuetan (Caïn, 1869). 1852an eman zuen argitara lehen poema bilduma (Poèmes antiques, Antzinateko poemak) eta agertu zituen beste bilduma batzuk hil arte: Poèmes barbares (1862, Poema barbaroak), Poèmes tragiques (1884, Poema tragikoak), Derniers poèmes (1895, Azken poemak, hil ondoren argitara emanak). Horrez gainera, idazle greko eta latino klasikoak itzuli zituen, eta saio lanak ere argitaratu zituen. Leconte de Lislek antzinateko erlijioak aztertu zituen; azken lanetan munduaren azkenaren aurreko apokalipsi moduko ikuspegi bat da nagusi.