Hezkuntza Saila

Le Roux, Maurice

Musikagile frantsesa (Paris, 1923 - Avignon, 1992). Musika ikasketak Parisko Kontserbatorioan egin zituen, 1944-1952 urteen bitartean. Pianoa Isidore Philipp eta Yves Nat-ekin, orkestra zuzendaritza Louis Fourestier-ekin eta analisia Olivier Messiaen-ekin ikasi zituen. Ondoren dodekafonismoa landu zuen eta Dimitri Mitropoulos-ek hainbat kontseilu eman zizkion orkestra zuzendaritzaren ingurukoak. 1940ko hamarraldiaren ondoren, txandakatu egin zituen orkestra zuzendaritza ikasketak batetik, eta musikagile lana bestetik. 1951. urtetik aurrera Frantziako Irrati-Telebistako musika estudioetan lan egin zuen. 1960-1968 urteen bitartean ORTF-ko Orkestra Filarmonikoko musika zuzendaria izan zen, eta ondoren Parisko Operako musika aholkularia (1969-1973) eta Kultura ministerioko musika zuzendaritzako ikuskari nagusia (1973-1988). Le Roux-ek zuzendu zuen Monteverdiren Orfeo lana osorik (1955), musikagile horren beraren Andre Mariaren Bezperak (1959) eta Moussorgski-ren Boris Godunov-en bertsio originala. Olivier Messiaen-en Txorien iratzartzea eta Turangalila-Symphonie ere zuzendu zituen. Musikagile gisa egin zituen lehenengo lanek erakusten dute Le Rouxen originaltasuna eta zenbateraino zen berritzailea: Sonata pianorako (1946), Asmakizun koadernoa pianorako (1948). Ondoren lan handiagoak egin zituen: Printze txikia balleta(1949), Magiaren herrialdean (1951), Metamorfosiaren zirkulua (1953) lan sinfonikoa. Antzerki lanetarako musika ere egin zuen: Kafkaren Gaztelua (1957) eta Shakespeareren Julio Zesar (1960). Hala ere, ez zituen kontzertu asko osatu eta orkestrak zuzentzen eta zinemarako lanak egiten eman zuen denbora gehiena. Telebistan ere lan egin zuen, besteak beste: 1968tik aurrera Arcana-Musikaren ezagutza musika emanaldi ospetsuak zuzendu zituen. Mundu osoan eman zituen hitzaldiak, eta garrantzi handiko liburuak idatzi zituen: Introduction à la musique contemporaine (1947, Gaur egungo musikaren hastapenak), Monteverdi (1947), La Musique (1979, Musika), Boris Godunov (1980).