Hezkuntza Saila

Le Pichon, Xavier

Frantses geofisikaria (Qui Nhon, Vietnam, 1937). Le Pichonek ikerketa eta behaketa ugari egin zituen, bai lurrazalaren barne dinamikaz, baita itsas hondoei buruz ere, eta horiei guztiei esker funtsezko teoriak garatu ahal izan zituen geodinamikaren esparruan. Ordu arte mantua, lurrazal ozeanikoa eta lurrazal kontinentala bakarrik bereizten ziren geodinamikaren alorrean. Zientzialari honek egindako lanen ostean, ordea, lehen aldiz erabili ziren litosfera eta astenosfera hitzak, lurrazal kontinentalak eta mantuaren goiko aldeak osatzen zuten zatia izendatzeko lehena, eta mantuaren zati biguna adierazteko bigarrena. Le Pichonek frogatu zuenez dortsalek (riftak) eta fosa ozeanikoek (subdukzio eremuak) mugatzen zituzten elementu zurrunez osatua zegoen litosfera; eta subdukzio eremu eta rift horietatik abiaturik sortzen omen da plaken mugimendua. Beraz, Le Pichonen ekarpenak funtsezkoak izan dira plaken tektonikari buruzko teoria lantzeko.