Hezkuntza Saila

Lawrence, David Herbert

Ingeles idazlea (Eastwood, Nottinghamshire, 1885 - Vence, 1930). Eleberriak, kontakizun laburrak eta poesia landu zituen bereziki, eta XX. mendeko ingeles nobelagile nagusienetakoa izan zen. Aita meatzaria eta ama olerkari eta irakaslea zituen. Amak bultzatuta hasi zen literaturan eta 1911n eman zuen argitara lehen eleberria, The White Peacock (Pauma zuria). 1913an eman zuen bere lehen poesia bilduma, Love Poems and Others (Amodiozko poemak eta beste), eta bere lehen eleberri handia, Sons and Lovers (Semeak eta maitaleak). Garrantzi handia eman zion Lawrencek erotismoari eta arazoak izan zituen horrexegatik, 1915ean The Rainbow (Ortzadarra) hiru familiatako kideen amodiozko harremanak kontagai zituen eleberria argitara eman zuenetik. Tuberkulosiak jota eta Ingalaterrako moralisten irainetatik ezin ihesirik bizi zela, erbestera jo zuen Lawrencek eta Italian idatzi zituen obra ugari: Women in love (1921, Emakume maiteminduak), The Lost Girl (1921, Neska galdua). Kangaroo (1923, Kanguro) idatzi zuen Australian eta The Plumed Serpent (1926, Luma-sugea) Mexiko Berrian. 1928an plazaratu zuen Lady Chatterley’s Lover (Lady Chatterleyren maitalea) eleberria, haren obra ezagunena, oso eskandalugarria izan zen, bertan amodio fisikoaren apologia egiten baitzuen garai hartako arau moralen eta sozialen kontra. Bere burua babestu behar izan zuen Lawrencek Pornography and Obscenity (1929, Pornografia eta lizunkeria) saikaeran. Tuberkulosiak jota hil zen Lawrence 45 urte zituela.