Hezkuntza Saila

latin

iz. Erromatarrek erabiltzen zuten hizkuntza indoeuroparra.  v  Latin klasikoa. Literaturaren urrezko mendeko idazleek erabilitakoa.  v  Latin arrunta. Erromatar inperioko lurraldeetan herriak erabilitako hizkuntza, latin klasikoa baino sintaxi errazagokoa.  v  Behe latina edo berandukoa. Erromako inperioaren erorketaren ondoren eta Berant Erdi Aroan idatzitakoa.  v  Latin modernoa. Berpizkundeko eta geroko idazleek erabili zutena, zientzietan bereziki.  v  Latina Europako ipar-ekialdetik etorri eta Lazio eskualdean finkaturiko gizataldeen hizkuntza zen berez. Erromak eginiko konkisten ondorioz, alabaina, hiriko hizkuntzak Lazioko gainerako dialektoak eta penintsulako hizkuntzak (italikoak, etruriera, grekoa, zelta) alboratu zituen eta inperio osora hedatu zen geroago. Hizkuntza horietako maileguak asko izan ziren; hala, bai zelten hizkuntzak eta bai etrurierak aztarnak utzi dituzte latinaren lexikoan. Baina grekoa izan zen, ezbairik gabe, eragin sakonena izan zuen hizkuntza, bai lexikoan eta sintaxian eta bai literatura estiloan ere. Latinaren historian zenbait aldi bereizten dira: a) Lehen aroa, informazio faltagatik gutxi ezagutzen dena. b) K.a. 300-100 urte bitartean hizkuntzaren izaera eta ezaugarriak finkatu ziren: hizkuntza sintetikoa, deklinabideduna eta aditz formetan joria (grekoak beste ez baditu ere). c) K.a. 100. urtetik Augusto enperadorearen heriotzara bitartekoa (K.o. 14). Aldi honetan literatura hizkuntza garatu zen; ahozko hizkuntza arruntetik urrundu eta latin klasikoa. d) Augustoren heriotzatik Marko Aurelioren heriotzaraino (K.o. 180) doan aldian latin klasikoaren gainbehera hasi zen. e) Latin klasikoa alboratuta gelditu zen, San Jeronimo eta San Agustinenganaino iraun bazuen ere (IV. mendearen amaiera-V.aren hasiera) eta latin arrunta gero eta hedatuago zen (III. mendetik aurrera latin mota honetan idatzi zen batez ere). Gero, latin eledun herririk gabe, latinaren erabilpena luzatu egin zen elizak hizkuntza ofizialtzat hartu izanaren ondorioz liturgia hizkuntza izan baitzen. Berant Erdi Aroa arte latina idazteko hizkuntza duin bakarra zen erromantzeak sortzen ari ziren lurraldeetako idazleentzat; gainera, zenbait alorretako hizkuntza bakarra zen (epaitegiak, diplomazia). Geroago, Errenazimentuko humanistek Augustoren garaiko latina berpizteko saioa egin zuten. Bestalde, latina zientziaren nazioarteko hizkuntza bihurtu zen; hala, XVII. mendea arte, berau barne, obra ez erlijiozko gehienak latinez argitaratu ziren.  v  Zenbait ezaugarri. Lehen aldian azentua hitzen lehen silabak biltzen zuen, baina aldi klasikoan azken aurreko edo azken bigarreneko silabak eraman ohi zuen azentua. Bost bokal bereizten ziren, luze edo labur izan zitezkeenak (latin arruntean bereizketa hau ireki/itxi bihurtu zen, eta a bokalean galdu egin zen). Izen-adjektiboek bost deklinabide mota zituzten eta sei kasu (hiru latin arruntean). Numero gramatikalak bi ziren (singularra eta plurala), indoeuroparraren duala ez baitzuen latinak. Aditza lau ereduren arabera jokatzen zen. Sintaxiaren alorrean, hitzen ordenaren askatasuna da latin klasikoaren ezaugarri nabarmenetariko bat.  v  Literatura. ik. Erroma.