Hezkuntza Saila

Lartigue, Jacques Henri

Frantses argazkilaria (Courbevoie, 1894 - Niza, 1986). Zazpi urte zituela hasi zen argazkilaritzan, argazkizale porrokatua zuen aitak argazki kamera bat oparitu zionean. Familia aberatseko semea zen; “Belle Epoque” garaiko “glamour” dotorea ezagutu zuen bere inguruan, eta inork baino hobeto betikotu zuen ingurune sofistikatu hura. Geroago mugitzen ziren gauzek erakarri zuten, batez ere lasterketetako automobilek, eta hegazkintzaren lehen saioak islatu zituen bere lanetan. Antzerkiarekin eta zinemagintzarekin loturiko lanak egiteaz gainera, margolaria ere izan zen Lartigue, eta, besteak beste, Marlene Dietrich eta Greta Garboren erretratuak pintatu zituen. 1963an, New Yorkeko Arte Modernoaren Museoak Lartigueren erakusketa handi bat eskaini zuen, eta 1980an Bonjour, monsieur Lartigue izeneko atzera begirako erakusketa antolatu zen Parisko Grand Palaisen. Lartigueren lanen artean aipagarriak dira: zuri-beltzean egindako Frantziako Automobil Klub-aren Sari Nagusiko lehiakidea (1912), Argazkiak zigarro eta guzti (1927) eta Modaren argazkia (1980).