Hezkuntza Saila

larumin

iz. Larruazalaren eta begien kolore horian nabaritzen den eritasuna, gibela oker aritzeak eragina. ik. horitasun.  v  Med. Larruazalak, eta begiko kristalinoak batez ere, kolore hori-berdexka hartzen du, odolak bilirrubina gehiegi duenean. Larumina sortzeko arrazoi nagusiak hiru dira: 1. Gibeleko zelulak hondatuak izatea eta hori dela eta bilirrubina guztia hesteetaraino ez iristea (larumin hepatozelularra). Hepatitis mota guztiek eragiten dute larumin mota hori. 2. Gibeleko hodiak itxita egotea, eta bilirrubina odolera igarotzea (itxiturazko larumina). 3. Globulu gorri ugari desegitean bilirrubina gehiegizkoa sortzea (larumin hemolitikoa). Mota hau odolean sortzen da gibelean sortu baino lehen, eta anemiarekin batera izaten da beti. Haur jaioberri batzuek larumin mota arina izaten dute jaio eta berehala.