Larrañaga Txurruka, Jesus
«Goierri» Gipuzkoar politikaria (Urretxu, XIX. mendearen bukaera - Valencia de Alcantara, Caceres, 1941). Xabierreko (Nafarroa) apaizgaitegian hasi zituen ikasketak eta ikasle ona zen arren (latina eta grekoa menderatzen zituen) bota egin zuten ikastetxetik bihurria zelako. Beasaingo CAF enpresan greba bat antolatu zuen Primo de Riveraren diktadurapean eta lana galdu zuen haren ondorioz. 1926. urtean Frantziara erbesteratu behar izan zuen diktaduraren aurka bideraturiko ekintzak zirela eta. Urtebete geroago Euskadira itzuli eta alderdi komunistako kide egin zen. Euskadi Roja aldizkaria sortu zuen 1933. urtean. 1935ean Euskadiko Alderdi Komunista sortzeko legez kanpoko kongresuan izan zen. Gerra Zibila hasi zenean Euskadiko Komisario Nagusi izendatu zuen Madrilgo gobernu errepublikarrak baina Euskal Gobernuak ez zuen 1937. urtea arte onartu izendatze hori. Espainian borrokatu ondoren Kubara erbesteratu behar izan zuen. 1941. urtean Lisboan atxilo hartu ondoren polizia espainiarraren eskuetan utzi zuten eta handik gutxira fusilatu zuten Valencia de Alcantaran (Caceres).