Larrakoetxea Agirrezabala, Benito
Bizkaiko idazle eta itzultzailea (Zeanuri, 1894 - ?). Letrango ordenako fraidea. Altsasu eta Oñatin egin zituen apaiz ikasketak eta Gasteizen eman zuen Meza Berria 1917an. Irakasle lanetan jardun zuen batez ere. Gerra Zibila hasi zenean, haur talde baten arduradun joan zen Britainia Handira. Handik Uruguaira joan zen eta Argentinara gero. 1972an itzuli zen Euskal Herrira. Euskal Esnalea eta Euzkadi aldizkarietan hasi zen idazten. 1934an Kirikiño saria jaso zuen Agirrezabala´tar Tomas talogintzan txapeldun lanagatik. Baina Larrakoetxearen lan nagusia Shakespeareren obra guztiaren itzulpena izan zen, bizkaiera aski garbizalean. Euzko Gogoa aldizkarian argitaratzen hasi zen Macbet (1957, Macbeth) lehenbizi, Lear Errege (1958, King Lear) gero, eta Ekatxa (1959,The Tempest ) hurrena. Ondoren, sei liburukitan bilduta W. Shakespearen Antzerki guzi-guztiak euskaraz eman zituen argitara (1974-1977).