Larrakoetxea Agirrezabala, Alejandro
(«Legoaldi», «Hipolito»). Bizkaiko idazlea, Benitoren anaia (Zeanuri, 1892 - Markina, 1976). Karmeldarra. Larrean egin zituen apaiz ikasketak, eta Gasteizen egin zen apaiz 1916an. Zuzenbide kanonikoko irakaslea izan zen Begoñan, Calahorran eta Erroman. 1936an bitartekari lanak egin zituen EAJko diputatuen eta Vatikanoaren artean, eta elkarrizketa luze bat izan zuen Pizzardo kardinalarekin. Harreman horien lekuko da Euzkadi y el Vaticano (1976) izeneko liburua. Karmeldarren ordenako Nafarroako buru izan zen 1948-1951 eta 1957-1960 urte bitarteetan, eta ondoren Vatikanoko artxiboetan ikerlari ibili zen. Grimm anaien ipuin sorta bat euskaratu zuen, eta 1930-1940 urte bitartean argitaratu zituen Bilbon, Grimm anayen ipuiñak izenburupean. Euzkadi eta Karmengo Argia aldizkarietan eman zituen argitara lanik garrantzitsuenak. Harena da, halaber, Miguel de Cervantes idazlearen La tía Cornelia obraren itzulpena.