Larramendi, Manuel
(Manuel Garagorri Larramendi benetako izena). Gipuzkoako idazlea (Andoain, 1690 -Loiola, Azpeitia, 1766). Hiru urte zituela ama hil zitzaion, eta aita bigarren aldiz ezkondu zen; beharbada, horregatik hartu zuen amaren abizena, eta horrela ezagutua izan zen txikitan Hernanira eskolara joan zenean eta, hamazazpi urterekin, Jesusen Lagundian sartu zenean ere. Lagundian, lehen ikasketak Villagarcía de Camposen egin zituen. Hurrena, Medina del Campon filosofia ikasi zuen. Ondoren, urtebete pasa zuen gramatika irakasten, eta 1715etik 1720ra Salamancan izan zen. Han zegoela, Margarita erreginaren hileta sermoia eman zuen (1716). 1720an hasita, lau urtez, Medina del Campon ibili zen filosofia irakasten; eta, atzera, berriz, Salamancara joan zen 1730. urtea arte, ikasleen maisu. Garai hartan hil otoitz, hitzaldi eta oratoriazko piezak agindu zitzaion, Luis I.aren hil otoitza, besteak beste (1724). 1730ean Valladolidera joan zen, San Anbrosio ikastetxera, teologia morala irakastera, eta predikari gisa. Hor bukatu zen Larramendiren irakasle lana, Mariana de Neoburgo, Karlos II.a erregearen alargunaren konfesore izendatu baitzuten. Zurrumurru gaiztoak sortu ziren erreginaren eta Larramendiren beraren kontra, eta Larramendi, erreginaren eta bere izen ona babestearren, Filipe V.a erregearengana joan zen Sevillara, eta arazoak erabat garbitu baziren ere, Loiolara erretiratzeko erabakia hartu zuen. 1734. urteaz gero hango paperetan aipatzen da Larramendi operarius et concionator. Han gelditu zen hogeita hamar bat urtez, hil zen arte, eta urte haiek, bere euskarari buruzko lanetan ez ezik, udaletxe batzuetako arazoetan bitartekari lanak egiten pasa zituen. v Idazlanak. De la antigüedad y universalidad del Bascuence en España (1728); El Imposible vencido. Arte de la Lengua Bascongada (1729), lehen euskal gramatika argitara emana; Discurso histórico sobre la famosa Cantabria (1736). Lehen liburu horietan garai hartan euskarari egiten zitzaizkion irainez eta mespretxuez arduratu zen, eta kanpoko irainzaleen kontra jardun eta bertakoen estimua piztu nahi izan zuen. Euskaldunen kantabrismoaren alde agertu zen. Loiolan zegoela, 1745ean, Diccionario Trilingüe, Castellano, Bascuence y Latín (bi liburuki) argitaratu zuen. Euskal Herrian zehar egindako bidaietan bildutako hitzez osatu zuen. Euskara gaztelaniarekin alderatzeko gauza zela erakutsi nahian asmatu zituen neologismoak gorabehera, Larramendiren lana itzela da, eta ondoren egin ziren hiztegi guztien oinarri. Larramendi hil eta hurrengo urtean Jesusen Lagundia Espainiatik kanporatua izan zen. Horregatik ahaztuta egon zen hainbat urtez. Aita Fitak atera zuen ahaztura horretatik eta andoaindarraren Coreografía de Guipuzcoa argitaratu zuen 1882an. Larramendirenak dira, halaber: Nueva demostración del derecho de Vergara sobre la patria y apellido secular de San Martín de la Ascensión y Aguirre (1745); Conferencias curiosas políticas, legales y morales sobre los Fueros de la M. N. y M. L. Provincia de Guipúzcoa eta autobiografia bat. Azken horiek, duela gutxi arte argitaratu gabe egon dira, harik eta, I. Telletxea Idigorasen eskutik, denak argitaratu diren arte. Gutxi idatzi zuen euskaraz, baina dagoena, Mendibururen liburuari egindako hitzaurrea, sermoi batzuk eta katexima baten itzulpena, 1990ean P. Altunak eta Joseba Lakarrak argitaratu dituzte, Larramendiren euskal testuak izenburuarekin. v Politikoki, Foruen aldezle suhar izan zela eta, abertzaletasunaren aitzindaritzat hartua izan da Larramendi. Hala ere, ez da horretara mugatzen haren garrantzia, izan ere, gramatikari gisa eta hiztegigintza arloan ezabagaitza den arrastoa utzi baitu. Bestalde, bere asmo nagusia euskara kultura hizkuntza bihurtzea izan zen. Horregatik, euskal idazleen bultzatzaile handia izan zen, haren babesean hazi baitziren lanean Mendiburu, Kardaberaz eta gipuzkera maila literariora jaso zuten hainbat idazle, eta ordu arte hegoaldeko euskara idatziak inondik ere agertzen ez zuen duintasuna du, Larramendiren garaiaz gero. Gipuzkeraz idatzi zuten idazle horiek Larramendiren eskola osatzen dutela esaten da gaur egun.