Hezkuntza Saila

klon

iz. Biol. Arbaso edo zelula ama bakar batetik zatiketaz sortzen den ondorengo multzoa edo taldea.  v  Hala sortutako izakiak sortzailearen berdin-berdinak dira genetikoki. Kloneko izakiak sexugabe ugaldu ohi dira, zelula bitan zatituz, eta ondorengoak berdinak dira, bai genetikoki bai egitura eta itxura aldetik ere. Klona kimua edo adaskaren parekoa da landareen munduan, baina hitza mikrobiologian erabiltzen da batez ere. Beste baten genetika ondare berbera duen izaki bizidunari deritzo klona. Izadian (gizakien artean) bada berezko klonik, “benetako” bikiak, alegia. Animalia ugaztunen artean, berriz, oso gutxitan agertu ohi da bikirik. Zientzialariek, ordea, lortu dute ardi eta behi aziendetan bikirik sortzea, bost eguneko enbrioia erdibitu eta eme eroaleari ezarriz. Enbrioiaren bi erdiek bi animalia sortzen dituzte, biak obulu bakarretik jaioak bailiran. 1997ko otsailaren 27an, ordea, ordu arte ezinezkotzat jotzen zena lortu zuten bi enbriologo eskoziarrek: dozenaka kilotako ardi baten (Dolly) klon perfektua sortu zuten, birprogramazio genetiko prozesuaren bidez. Sei urteko ardi baten ugatz batetik zelulak hartu eta hibernatu egin zituzten, erreplikazio zikloa etetearren: zelulek utzi egin zioten zatitzeari. Segidan ardi eroalearen zelula sexual batera transplantatu zuten zelula bakoitza, nukleoa kendutako obozito batera. Obozitoak nukleoa birprogramatu zuen. Hamahiru ardiren umetokietan ezarri zituzten hasierako ugatzetik hartutako zeluletatik sortutako 277 enbrioietatik 29. Eta horietako batetik sortu zen Dolly. Ugaztun baten klonatzeak aukera eman die biologoei geneen eta kromosomen inguruko ikerlana areagotzeko. Beste zenbait aukeraren artean, hori ere ageri da orduz geroztik: animalia transgenikoak sortzekoa, epidemien eraginik ez jasateko moduan. Beste ate bat ere zabaldu zuen, ordea, Dolly kasuak: gizakia ere, agian, klonatzerik balegokeela. 1997az geroztik ugaldu egin dira klonazio saioak, animaliak erabiliz betiere. Baina gizakiengan ere egin izan da klonazio saiorik: 1993an Washingtongo zenbait zientzialarik ernaldutako giza-enbrioiak klonatu nahi izan zituzten. Ez zuten lortu. Baina 1998an James Thomson eta Jhon Gearhart zientzialari estatubatuarrek giza enbrioiaren zelula matrizak (gorputzaren atalak –hezurrak, giharrak, neuronak, odola....– osatzen dituzten zelula moten “amak”) bakartu eta haztea lortu zuten. Urte berean, Hego Koreako Lee Bo-yeon irakasleak lau zelulako enbrioia lortu zuen emakume baten obuluari eta haren azaleko zelula bati esker. Klonazio terapeutikoa da ikerkuntza eta esperimentu horien helburua, itxuraz behintzat. Hots, xedea ez da gizaki baten berdin-berdina izango den beste bat sortzea, baizik eta gaixotasun bati aurre egiteko ordezko zelulak, bihotzeko ondoeza dutenentzat edo diabetikoentzat organo osoak egitea, adibidez. Bestalde, minbiziaren prozesu osoa ezagutzeko aukera ere emango luke zelulen ugaltze prozesua menderatzeak. Zenbait zientzialarik urrutirago ere jo nahi du, ordea, eta bada Ameriketako Estatu Batuetan giza klonazioari ateak erabat zabaldu nahi dizkionik ere. Higikunde horren bultzatzaileek diote gizaki orok duela aurrerapen zientifiko eta teknikoaren abantailak bereganatzeko eskubiderik. Europan, aldiz, zuhurtzia handiagoaz ekin diote gaiari, eta 1998ko urtarrilean giza klonazioa debekatzeko hitzarmena izenpetu zuten hemezortzi estatuk.