Hezkuntza Saila

Klestil, Thomas

Austriar politikari eta diplomatikoa (Viena, 1992). Austriako lehendakari 1992tik aurrera. Ekonomia ikasketak egin zituen (1957). Austriako Kantzileritza Federalean lan egin zuen (1957-1959), Ekonomia Lankidetzarako eta Garapenerako Erakundean gero (1959-1962), eta Austriaren Estatu Batuetako enbaxadan ondoren (1962-1966). Hurrengo hiru urteetan Austriako Joseph Klaus kantziler federalaren idazkari izan zen. Haren gobernua erori zenean, diplomatiko karrerari heldu zion berriro: kontsul nagusi izan zen Los Angelesen (1969-1974), Kanpo Arazoetako ministerioko Nazioarteko Harremanetarako Bulegoko zuzendari (1974-1979), Austriako gobernuaren ordezkari Nazio Batuetan (1979-1982), eta Estatu Batuetan enbaxadore (1982-1987). Azkenik, Vienara itzuli zen, Kanpo Arazoetako ministerioko goren mailako funtzionario gisa (1987-1992). Alderdi Popularrak Austriako lehendakaritzarako hautagai hautatu zuen 1992an. Klestilek botoen % 56,89 lortu zuen. Nahiz eta konstituzioaren arabera lehendakariaren zeregin politikoa sinbolikoa izan, Klestil Austriako barne zein kanpo politikan eragiten saiatu zen. Horrek batzuetan gaiztotu egin zituen Klestilen eta Franz Vranitzky kantziler federal sozialistaren arteko harremanak, baina ezin esan daiteke Klestilek lehendakariaren itzal politikoa zabaltzea lortu zuenik. 1998an Austriako lehendakari hautatu zuten bigarren aldiz, hautagai independente gisa, botoen % 63,5 eskuratuta.