Hezkuntza Saila

Klerk, Frederik Willem de

Hegoafrikar politikaria (Johannesburgo, 1989 - 1994). Hegoafrikako lehendakari 1989-1994 bitartean. Zuzenbide ikasketak egin zituen Potchefstroomeko Unibertsitatean (1958). 1972an legebiltzarreko kide hautatu zuten Alderdi Nazionaleko ordezkari gisa, eta gobernuan zenbait kargu izan zituen 1978tik 1989ra. Pieter Willem Botha lehendakaria osasun arazoek kargua uztera behartu zutenean bera hautatu zuten lehendakari, 1989ko abuztuan. 1990ean bertan behera utzi zituen Afrikako Kongresu Nazionalaren –Hegoafrikako beltzen talde abertzale nagusia– eta oposizioko beste alderdi politiko batzuen aurkako debekuak. Hegoafrikako arraza eta politika arazoak konponbidean jartzeko beste ahalegin batean, zenbait preso politikoren askapena agindu zuen, 1962. urteaz geroztik kartzelan zegoen Afrikako Kongresu Nazionaleko buru Nelson Mandela berarena tartean. 1992an, De Klerken gidaritzapean, gobernuak deuseztatu egin zituen apartheid legedi arrazistaren legezko oinarriari eusten zioten azkeneko legeak. Urte hartan bertan, martxoan, zurientzako erreferendum batean, boto emaileen bi herenek baino gehiago konstituzioa berritzeko eta beltzen eskubide politikoak handitzeko bere proposamenaren alde egin zuten. Buruzagi politiko beltzen eta zurien arteko elkarrizketa saio luzeen ondoren, 1994an egin ziren beltzek ere botoa eman zezaketen lehenengo hauteskundeak. Maiatzean, De Klerkek Mandelaren garaipena onartu zuen, baina gobernuan –batasun nazionaleko gobernuan– lan egiten jarraitu zuen lehendakariorde gisa. 1995ean lehendakari berriak –Hegoafrikako lehen lehendakari beltzak– Defentsa Batzordeko eta zerbitzu sekretuen zuzendari izendatu zuen. Konstituzio berria onartu zenean, 1996an, De Klerkek dimisioa eman zuen. 1993an, Nelson Mandelarekin batera, Bakearen Nobel saria jaso zuen.