Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

221/2007 DEKRETUA, abenduaren 4koa, Uraren Euskal Agentziaren Administrazio-Kontseilua arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 249
  • Hurrenkera-zk.: 7359
  • Xedapen-zk.: 221
  • Xedapen-data: 2007/12/04
  • Argitaratze-data: 2007/12/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa; Sailak; Ekonomia

Testu legala

Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legeak Uraren Euskal Agentzia sortu zuen Euskadiko ur-politika bideratzeko tresna nagusi gisa. Lege horrek bere 11. artikuluan zehazten ditu Uraren Euskal Agentzia gobernatu, kudeatu eta aholkularitza-lanetarako organoak.

Legearen 11.5 artikuluaren arabera, Administrazio-kontseilua da Agentziaren gobernurako organoa, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Lurralde Historikoetako Foru Aldundiek ordezkari kopuru bera izango dute.

Artikulu horretan zehaztuta dago ere, Administrazio-kontseilua erregelamendu bidez ezarriko dela; eta Legearen hirugarren azken xedapenak ezartzen duenez, erregelamendu horiek Eusko Jaurlaritzak onartu beharko ditu legea indarrean sartzen den egunetik hasi eta urtebeteko epean.

Ondorioz, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren erabakiarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Uraren Kontseiluak 2007ko uztailaren 12ko bilkuran txostena egin eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2007ko abenduaren 4an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Dekretu honen xedea da Uraren Euskal Agentzia / Agencia Vasca del Agua-ren Administrazio-kontseiluaren osaera eta jardunerako erregimena arautzea. Organo hori, Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 11. eta 13. artikuluetan finkatzen da.

Uraren Euskal Agentzia / Agencia Vasca del Agua-ren Administrazio-kontseilua honako kideek osatuko dute:

  1. Lehendakaria; Ingurumen gaietan eskumenak dituen Saileko sailburua, edo hark izendatutako pertsona; lehendakariak kalitatezko botoa izango du. Bera kanpoan nahiz gaixorik izanez gero, Uraren Euskal Agentzia atxikita dagoen Euskal Herriko Administrazio Orokorreko saileko ordezkariak ordezkatuko du.

  2. Kideak:

    1.– Euskal Herriko Administrazio Orokorraren ordezkari izango den sailburuorde mailako pertsona bat, Agentzia atxikitako Saileko sailburuak izendatuko duena, eta beste pertsona bat ogasun arloan eskumenak dituen sailburuak izendatua.

    2.– Foru Aldundien ordezkari gisa, Foru Aldundi bakoitzetik, uren arloan eskumenak dituen organoak izendatutako diputatu mailako pertsona bat.

    1. – Agentziako zuzendaria Administrazio-kontseiluaren bileretara joan ahal izango da, hitz egin bai baina botoa emateko eskubiderik gabe.

Erakundeek izendatuko dituzte Uraren Euskal Agentzia / Agencia Vasca del Aguan euren ordezkariak izango diren kontseiluko kideak; kidea eta haren ordezkoa izendatu beharko dituzte. Ordezkoek gutxienez zuzendari maila izango dute.

Uraren Euskal Agentzia / Agencia Vasca del Agua-ren Administrazio-kontseiluko lehendakariari dagokio:

  1. Organoaren goreneko ordezkaritza bere gain hartzea.

  2. Kontseiluaren ohiko eta ezohiko bilkuretarako deialdiak erabakitzea eta aztergaiak zehaztea; kontuan izango ditu Kontseiluko gainerako kideek Dekretu honen 8.2 artikuluari jarraituz egin ditzaketen eskaerak.

  3. Kontseiluaren bilkuretako buru izatea, eta oro har, bilkurak egoki gara daitezen behar duen gaitasuna erabiltzea.

  4. Bozketetako berdinketak erabakitzea kalitatezko botoaren bidez.

  5. Beste pertsona batzuei Kontseiluko bilkuretara joateko baimena ematea, aztertuko diren gaiak direla medio, pertsona horiek bertaratzea egoki irizten zaionean.

  6. Organoaren jardunean Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatzea.

  7. Kontseiluaren aktak eta hartutako erabakien ziurtagiriak ikusi eta onestea.

  8. Kontseiluko lehendakari gisa bere gain dituen beste edozein egiteko.

Administrazio-kontseiluko kideei dagokie:

  1. Saioetara joan eta eztabaidetan parte hartzea.

  2. Kontseiluko bilkuretarako deia eta aztergaien zerrenda gutxienez 48 ordu aurretik jasotzea.

  3. Bilkuran landuko diren aztergaiei buruzko informazioa gutxienez 48 ordu aurretik eskuratzeko aukera izatea.

  4. Kontseiluari egoki derizkion proposamenak aurkeztea.

  5. Dekretu honen 8.2 artikuluan aurreikusten den ekimenaz baliatzea.

  6. Aldeko edo aurkako botoa ematea; gehiengoarekin bat datorren ala bat ez datorren boto partikularra eman ahal izango du.

  7. Kontseiluko kideak ez diren beste pertsona batzuk bertaratzeko proposamenak egitea.

  8. Elkargo ofizial bateko kideek izan ditzaketen gainerakoegitekoak.

  1. – Kontseiluko idazkaria, hitz egin bai baina botoa emateko eskubiderik gabe, lehendakariak izendatutako Uraren Euskal Agentzia / Agencia Vasca del Agua-ko legelari bat izango da.

  2. – Idazkariari dagokio:

    1. Lehendakariak agindutako bilkuretarako deiak eta kontseiluko kideei zitazioak egitea.

    2. Gaiak bideratzeko prestatzea, Kontseiluaren bilkurako aktak idaztea eta akta horien fede ematea.

    3. Kontseiluaren kontsulta, irizpen eta erabakien ziurtagiriak egitea.

    4. Kontseiluan izapidetzen diren espediente guztiak sustatu eta horien jarraipena egitea.

    5. Kontseiluak garatu dituen jarduerei buruzko agiriak artxibatu eta zaintzea.

    6. Kontseiluko kideek egindako komunikazioak eta, beraz, jakinarazpenak, datu-eskaerak, zuzenketak edo bere ardurapean egon behar duten bestelako idazkiak jasotzea.

    7. Lehendakariak eskatutako nahiz bere karguari dagozkion kudeaketa eta koordinazio ekintzak gauzatzea.

  3. – Bera kanpoan nahiz gaixorik izanez gero, lehendakariak izendatutako Uraren Euskal Agentzia / Agencia Vasca del Agua-ko legelari batek ordezkatuko du.

  1. – Administrazio-kontseilua ohiko bilkuran elkartuko da gutxienez hiru hilean behin. Administrazio-kontseilua edozein unetan bildu ahal izango da hala ere ezohiko bilkuran, bertako lehendakariak hala erabakitzen badu edota kideen erdiek hala eskatzen badute.

  2. – Ezohiko bilkuretara dei egiteko eskaera idatziz egingo da eta aztertu nahi diren gaiak arrazoitu egingo dira. Horrelakoetan, eskabidea jaso ondoko hamabost egunetarako egin beharko du kontseiluburuak ezohiko osoko bilkurarako deia. Gai zerrendan eskatu diren puntuak jasoko dira nahitaez; hala ere, kontseiluburuak beste puntu batzuk ere sartu ahal izango ditu.

  3. – Administrazio-kontseiluaren bilerak baliozkoak izango dira lehendakaria eta idazkaria, edo horien ordezkoez gain, kideen erdia baino gehiago bertaratzen direnean.

  4. – Erabakiak botoen gehiengoz hartuko dira. Lehendakariak berdinketak erabakitzeko kalitatezko botoa izango du.

  5. – Eguneko aztergaietan ez dagoen gai bati buruz ezin izango da baliozko erabakirik hartu, harik eta kontseiluko kide guztiak bertan izan eta gehiengoak gai larria delako aldeko botoa ematen ez badu.

  6. – Bilkura bakoitzaren akta egingo da, eta bertan jasoko da bilkuran parte hartu duten pertsonak, bilkura egin den tokia eta eguna, eta iraupena; aztertu diren gai garrantzitsuenak eta hartutako erabakiak.

  7. – Aktak idazkariak izenpetuko ditu lehendakariak onetsi ondoren eta bilkura berean edo hurrengo bilkurak onartuko dira.

  8. – Kontseiluko kideren batek eskatzen badu, aktan jasoko da erabakiaren aurka emandako botoa, abstentzioa eta horien arrazoiak edo erabakiaren alde eman duen botoaren esanahia.

  9. – Kideek boto partikularra eman dezakete idatziz, gehiengoaren erabakiarekin bat ez badatoz; hori egiteko berrogeita zortzi ordu izango dituzte, eta onartutako testuan jasoko da.

  10. – Administrazio-kontseiluak xedapen hauez gain beste neurri osagarri batzuk har ditzake bere jardunerako.

  11. – Dekretu honetan, aurreko atalean aipatzen den araudian eta Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legean aurreikusten ez den gainerako guztian, azaroaren 26ko 30/1992 Legeari, Herri-Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari jarraituko zaio.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2007ko abenduaren 4an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburua,

ESTHER LARRAÑAGA GALDOS.