Zwingli, Huldrych
Erlijio eraberritzaile eta idazle suitzarra (Wildhaus, Sankt Gallen, 1484 - Kappel, 1531). Vienan eta Basilean egin zituen ikasketak. Glarisen egon zen apaiz, eta garai hartan ezagutu zuen Erasmo. Predikari abertzalea izan zen gudulekuz guduleku (1513-1515). Garai hartan Frantziak suitzar soldadu mertzenariak hartzen zituen gerrarako, eta Zwinglik haien kontrako kanpaina antolatu zuen. 1516an, Einsiedelngo Ama Birjinaren santutegian kapelau izendatu zuten eta sineskerien aurka aritzeagatik nabarmendu zen. Gero Zurichen predikaria izan zen, eta bere predikuetan Itun Berriari buruzko Erasmoren ideiak zabaldu zituen, erdeinuz mintzatuz Aita Santuari buruz; gero, Zuricheko kanonigo izendatu eta Eliza katolikoaren hainbat arauren kontra hitz egiten hasi zen (baraua, esaterako). 1523an, gotzainaren iritziaren kontra, ezkondu egin zen. Urte hartan berean, Tesien azalpena eta froga argitaratu zuen. Bertan, 67 tesi azaldu zituen, bere dotrinaren frogagarri: Zwinglirentzat, Biblia bakarrik zen fedearen eta aginpidearen oinarria, Erromako gidaritza arbuiatzen zuen eta alemana liturgia hizkuntza izan zedin eskatzen zuen. Zwingliren eragina, Suitzan ez ezik, Alemaniako hegoaldean ere zabaldu zen. 1525ean De vera et falsa religione commentarius, bere obra nagusia, argitaratu zuen, eraberritzearen oinarria eta funtsa zabal agertzen zituena. Obra hura eraberritzaileen teologia liburu nagusia izan zen Kalbinok bere Kristau Erakundea atera zuen arte. Luteroren aldean, Zwingli erradikalagoa eta humanistagoa da. Eliza eta estatua sarritan nahasi zituen; hala egin zuen Zurichen, non Zwinglik erabateko teokrazia bat sortu baitzuen. Ezkontzari buruzko Zwingliren araudia (Ehegericht) izan zen, bestalde, kalbinismoak Genevan oinarritzat hartu zuena. Hirien arteko itunen bidez zabaldu nahi izan zuen bere erlijio eraberritzea, baina kantoi katolikoek ez zuten onartu. Zwinglik armen bidez eraso zien, baina Kappelgo guduan hil egin zuten. Handia izan da Zwingliren eragina herri kalbinisten (Eskozian izan ezik), eta erreforma protestantearen aldeko askoren oinarrizko dotrina izan da.