Zweig, Stefan
Austriar idazlea, judua sortzez (Viena, 1881 - Petropolis, Rio de Janeiro, 1943). Industriagizon judu baten semea zen, eta goren mailako heziketa izan zuen. Literaturan itzultzaile gisa hasi zen, Baudelaire eta Verhaeren obrak itzuliz. Lehen Mundu Gerran jarrera bakezalea izan zuen. 1918az geroztik Salzburgon bizi izan zen. Nazismoa indartzen ari zela eta, Londresa jo zuen, eta handik Rio de Janeirora. Han, inauteri garaian, bere buruaz beste egin zuen, bigarren emaztearekin batera. Zweigen olerkiek Rilkeren, Verhaerenen eta Hofmannsthalen eragina dute. Nolanahi ere, Zweigen obra garrantzitsuenak prosaz idatziak dira. Kontakizun laburrak eta eleberriak, eta biografiak eta historia lanak idatzi zituen. Kontakizunetan, eta batez ere pertsonaien psikologia taxutzerakoan, aise antzematen zaio Freuden eragina. Zweigenak dira: Erstes Erlebnis (1911, Nerabezaroa), Amok (1922), Schacknovelle (1941, Xake jokoa), kontakizun laburren bildumak, Drei Meister: Balzac, Dickens, Dostoievski (1920, Hiru maisu); Der Kampf mit dem Dämon: Hölderlin, Kleist, Nietzsche (1925, Deabruaren kontrako gudua), saiakera bildumak. Hil eta gero haren oroitzapen liburua argitaratu zen, Die Welt von Gestern (1943, Atzoko mundua) izenburupean.