Zuloaga Zabaleta, Ignacio
Gipuzkoar pintorea (Eibar, 1870 - Madril, 1945). Erroman, Madrilen eta Parisen egin zituen pinturako ikasketak. 1889 eta 1890. urteetan Madrilgo Nazioarteko Arte Ederretako erakusketetan hartu zuen parte eta Parisen jarri zen bizitzen ondoren. 1892. urtean Euskal Herrira itzuli zen eta Bermeoko kasinoa dekoratu zuen. Aldi batez Italian bizi eta gero, Andaluzian bizi izan zen eta gaia zezenketa zuten koadroak pintatzeari ekin zion, lurralde hartan bizi izan zen hiru urteetan toreatzaile ere izan baitzen. 1903. urtean Veneziako, Berlingo, Dresdeneko, Bartzelonako, Vienako, Buenos Aireseko eta Santiago de Txileko Nazioarteko erakusketetan parte hartu zuen eta 1909. urtean bere lehen bakarkako erakusketa egin zuen, New Yorken. Harrezkero erakusketa guztiz arrakastatsuak egin zituen Erroman, Bilbon, Madrilen eta Bartzelonan. Bere garaiko erretratugile eta paisaiagile garrantzitsuenetakoa izan zen eta espainiar pintore klasikoen (Velázquez, Goya, Greco) jarraitzaile zuzena izan zen. Zumaian bizi izan zen eta Gipuzkoako herri horretan museo bat eratu zuen bere koadroekin eta beste pintore askoren obrekin. Frantziako gobernua eta New Yorkeko Hispanic Society eta museo Metropolitanoak Zuloagaren hainbat koadroren jabe egin ziren pintorea bizi zenean. Gaur egun San Telmo museoan daude ikusgai haren koadro gehienak. Obra nagusiak: Forjador, Retratos, Plaza del acueducto, Los flagelantes, La víctima de la fiesta, La cofradía del Cristo de la Sangre, Las brujas de San Millán eta El enano Gregorio el Bolero.
- zulatzaile
- zulatze
- Zulawski, Andrzej
- zuldar
- zulo
- Zuloaga Zabaleta, Ignacio
- Zuloaga
- zulodun
- zulogile
- zulu
- zuluera