Zugasti Iriondo, Anizeto
Gipuzkoako elizgizon eta idazlea (Altza, 1904 - Donostia, 1983). 1927an apaiz egin zen, Gasteizko apaizgaitegian ikasi ondoren. Apaiz-laguna eta organo-jotzailea izan zen Lantziegon eta kaperau Pasai San Pedron, Soraluzen eta Donostian. Zeruko Argia aldizkariko zuzendariorde izan zen 1936 arte. Zeruko Argia, Arantzazu, Egan eta Euskal Esnalea agerkarietan argitaratu zituen lan aipagarrienak. Obra nagusiak: Bareak (1926) ipuina; Mendi-mendian (1932), olerkiak; Maiatzeko loreak (1950); Argibidea (1951); Jesus´en Biotza´ren illa (1951); Bederatziurrenak (1951); Entzi´ko A. Mariari Bederatziurrena (1952); Argi-bide txikia (1954); Ikasgaiak baserritako neskatxentzat (1955), Nemesio Etxanizen laguntzaz; Neska-Mutikoentzat Eliz-liburua (1957), eta Itun berria (1967), Orixerekin eta Kerexetarekin batera.