Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ziritza

Nafarroako erdialdeko udalerria, Etxauri mendiaren (1.132 m) oinetan eta Arga ibaiaren eskuinaldean (Etxauribar, Iruñeko merindadea). Ciriza du izen ofiziala. Mugak: iparralde eta ekialdean, Etxauri; mendebalean, Gesalatz; hegoaldean, Zabaltza eta Etxarri. Garaiera, 467 m. 4,41 km2 ditu. 1999ko datuen arabera, 65 biztanle (ziritzarrak). Hizkuntza, gaztelania. XIX. mende bukaeran galdu zen euskara. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu mistoan dago. Laborantza (garia, garagarra, bazkarako landareak) eta abere hazkuntza (ardi eta behi azienda) dira ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira Erdi Aroko jatorria duen San Migel parrokia eliza (XVI. mendean berritua, XVII. mendeko erretaula nagusi erromanista), Etxauriko talaiaren gainean den Ama Birjina Oko ermita, XVI. mendeko Cabo de Armeria jauregia eta XVIII. mendeko etxe harmarridunak. v Historia. 1388. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Ziritzako herria eta 1846. urtean bihurtu zen udalerri.