Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

zilar

iz. Gai bakuna, metal zuri distiratsua, diruak eta bitxiak egiteko oso erabilia (Ag).  v  Zilarrak, kobrearekin eta urrearekin batera, elementuen taularen Ib multzoa eratzen du. Berezko 2 isotopo ditu, eta beste 23 isotopo artifizial aurkitu dira. 10,5-eko dentsitatea du, eta 1950 °C-an irakiten du. Zilarra da metal zuriena, eta, ongi leundurik, ezagutzen den gainazal islatzailerik onenetakoa da, jotzen duen argiaren % 95 inguru islatzen baitu. Metalen artean eroale onena da, bai beroarentzat bai elektrizitatearentzat. Azido nitrikoan disolbatzen da zilar nitratoa emanez, azido sulfurikoan zilar sulfatoa emanez, eta azido sulfhidrikoarekin zilar sulfuroa emanez. Zilarrarekin eratzen diren konposatu gehienak pozoitsuak dira. Zilar xahua oso metal biguna da; aleazioetan erabiltzen da batez ere, bere tasunak galdu gabe, era horretan gogorragoa delako. Zilarraren legea zilar milarenetan adierazten da; hala, legezko zilarra-k (sterling) 925 milaren ditu. Bitxigintzan eta txanponak egiteko (egun beste metal batzuekin nahastuz) erabiltzen da, eta industria elektrikoan (intentsitate edo maiztasun handia duten zirkuituetan, esaterako) eta kimika industrian.