ziklo ekonomikoak
Ekon. Ekonomian gertatzen diren gorabehera erregularrak adierazteko erabiltzen den esapidea. ■ Bat baino gehiago izan dira ziklo ekonomikoei buruz ekonomian garatu izan diren teoriak. Hala, ekonomian berrikuntzaren teoriaren sortzaile izan zen Joseph Schumpeter austriar ekonomistaren zikloei buruzko teoria zabalduaren arabera, ziklo ekonomikoek inbertsioa sustatzen duten asmakizun eta berrikuntzen ezarpenarekin zerikusia dute. Zikloak, beraz, ekonomia hazkundearen estrategia faktore diren enpresaburuek abiarazitako zaharberritze inbertsioek mugatzen dituzte. Schumpeter-ek hiru ziklo mota bereizten ditu: berrogei hilabete inguruko ziklo laburrak (Kitchin deituak); bost eta zazpi urte bitarteko zikloak (Juglar deituak); eta berrogeita hamar urte inguru har dezaketen uhin luzeko zikloak (Kondratieff deituak, industria edota teknologia iraultza handiei loturikoak). ■ Ziklo ekonomiko batean fase hauek bereiz daitezke: goraldia, krisia, atzeraldia edo gainbehera, depresioa eta susperraldia. Atzeraldian ekonomia jarduera moteltzen da, esaterako, kontsumoa murriztuz eta enpresetan salgaiak gehiegi metatuz. Enpresek, faktore horien ondorioz, ekoizpen ahalmena murriztu egiten dute eta, hori dela-eta, enpleguak eta errentak behera egiten dute. Gutxiago inbertitzen da eta ekonomia hazkundearen erritmoa moteltzen da. Depresioa oso atzeraldi sakon eta luzea da, eta atzeraldia, berriz, ekonomiak behea jotzen duen unea. Zikloaren azken fase horretatik aurrera ekonomia aldagaiak suspertzen hasten dira, esaterako, inbertsioak gora egiteko ekonomia politika neurrien bidez (diru politika edo zerga politikaren bidez, besteak beste). Zikloen joera aldatzeko ezarri behar den politika ekonomikoko neurri eraginkorrenei buruz ez dago gaur adostasunik ekonomian.
- ziklano
- ziklido
- zikliko
- ziklismo
- ziklista
- ziklo ekonomikoak
- ziklo
- zikloalkano
- ziklobutano
- ziklohexano
- ziklohexanona